Uvesco banaketa taldea erosi du PAI Partners inbertsio funtsak

Kapital gehiena bereganatu du, enpresaren hedatze prozesua «babestu eta indartzeko» asmoz

aitor biain
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Europako PAI Partners inbertsio funtsak Uvesco taldearen kapitalaren gehiengoa eskuratu du. BM eta Super Amara supermerkatu katearen akzio gehienak erosi ditu, eta, ondorioz, banaketa enpresaren erabakigunea Irundik (Gipuzkoa) Parisera lekualdatuko da. Ez dute jakinarazi zehazki zenbat akzio erosi dituen, ez eta enpresaren egungo jabeei zenbat ordaindu dieten ere. Baina ziurtatu dute ez dituztela egoitza eta bulegoak lekuz aldatuko, eta egungo akziodunek ere enpresaren partaidetzari eutsiko diotela, gutxiengoan bada ere.

1993. urtean sortu zen Uvesco, Irungo Unialco eta Kantabriako Ves batu zirenean. Azken urteetan gehien hedatu den katea da, Mercadonarekin batera. Orain, zabaltzeko eta hazteko fase batean dago taldea, eta, enpresak adierazi duenez, PAI Partnersek plan hori «babestu» eta «indartu» egingo du. Izan ere, pandemiak jokaleku berri bat ireki die supermerkatuei, eta hazteko modua eman die. Uvescoren kasuan, esaterako, ia bikoiztu egin du fakturazioa azken hamarkadan. Iaz bakarrik ia laurden bat handitu zituen salmentak: 954 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, 2019an baino %23 handiagoa.

Gaur egun 277 denda ditu guztira, nola Euskal Herrian hala Espainian. Baina saltoki eta frankizia berriak zabaltzeko aukera aztertuko du enpresak orain, inbertsio funtsaren laguntzarekin. Gainera, ez du baztertzen txikizkako elikaduraren «merkatu zatikatuan» sor daitezkeen bestelako aukerak ere baliatzea; hau da, beste enpresa batzuekin elkartzea edota horiek erostea.

Izan ere, bada denbora Uvesco taldea Hego Euskal Herritik Espainia inguruko lurraldeetara hedatzen hasi zela, Errioxara eta Kantabriara lehenik, eta Madrilera gero. Irungo banaketa taldea 2017an heldu zen Madrilgo erkidegoko iparraldera, Gigante katea erosita, eta eremu horretan gehiago hazteko aukera ikusten du taldeak.

Hala adierazi du Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvescoko zuzendari nagusiak: «Espainiako merkatuak hazteko potentzial handia du, eta PAIrekin lan egitea espero dugu, aurrean ditugun proiektu ugariak martxan jartzeko. Gure hazkunde bideari jarraitzeko behar dugun laguntza emango digu». Eskerrak eman dizkie enpresako langileei, bezeroei eta hornitzaileei, «proiektuarekiko erakutsi duten babesagatik eta konpromisoagatik». Eta adierazi du aurrerantzean ere «kalitatezko eta hurbileko» produktuen eskaintza izango dela banaketa taldearen bereizgarria.

Edonola ere, enpresaren indargunea Euskal Herrian bertan dago; 202 saltoki ditu denera: 109 Bizkaian, 59 Gipuzkoan, 27 Nafarroan, eta bederatzi Araban. Eroskiren atzetik, hark du bezero gehien —%20ko merkatu kuota du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zertxobait txikiagoa Nafarroan—. Guztira, 5.600 langile inguru ditu enpresak.

Inbertsio funts ezaguna

PAI Partners inbertsio funtsa ezaguna da Euskal Herrian. Iaz, esaterako, Angulas Aguinaga Gipuzkoako elikadura enpresa erosi zuen. Beste inbertsio funts bati erosi zion orduan, Espainiako Portobello Capital funtsari, hain zuzen ere. Kapitalaren %50,1 bereganatu zuen.

Bada, Mateo Panike Rumeu inbertsio funtsaren sortzaileetako batek uste du esperientzia hori baliagarria izango zaiela aurrera begira. «PAI Partnersek esperientzia nabarmena du elikaduraren eta kontsumoaren sektorean, eta presentzia handia dauka Espainiako merkatuan ere; beraz, espero dugu erosketa honek konpainia garatzen laguntzea datozen urteetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.