Nafarroako Uvesa elikagai enpresa erosi nahi du Ukrainako MHPk, Europako oilasko ekoizlerik handienak. Jada egin du horretarako EEP erosteko eskaintza publikoa. Uvesak ez du datuen berri eman, baina proposamena konpainiaren akziodun guztiei bidali diete, eta, horrek aurrera egin dezan, gutxienez akzioen %50,01 eskuratu beharko ditu MHPk.
Uvesak oilaskoak eta txerriak hazten ditu, eta horietatik lortutako produktuak saldu. Pentsua ere ekoizten du. Enpresa 1965ean sortu zen Tuteran, eta oraindik ere han du egoitza nagusia. Lantegi bat du Bilbon, eta beste hainbat Euskal Herritik kanpo: Burgosen, Malagan, Valladoliden (Espainia), Madrilen eta Valentzian (Herrialde Katalanak).
MHP, berriz, Ukrainan errotutako konpainia bat da, baina gaur egun elikagaien sektoreko erraldoi bilakatu da nazioartean. Nagusiki, oilaskoak hazten ditu hark ere. Ekoizpenerako instalazio handiak ditu Ukrainan eta Europa ekialdean, eta egoitzak Herbehereetan, Saudi Arabian eta Arabiar Emirerri Batuetan. 70 herrialdetara esportatzen ditu bere produktuak, Londresko Burtsan kotizatzen du, eta 32.000 behargin baino gehiago ditu denera.
MHPk ohar bat zabaldu du, eta esan Uvesaren «luzera begirako inbertsore estrategikoa» izan nahi duela, enplegu berriak sortzen lagunduko duela eta elkarlanean jardun nahi duela tokiko nekazariekin eta enpresekin.