Tuterako Uvesa enpresa itxiko dute, behin-behinean eta badaezpadako neurri gisa. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko ordezkariekin ostiral honetan eginiko bileraren ostean hartu dute erabakia. Herenegun baieztatu zen 175 langilek positibo eman dutela, 640 proba egin ostean —asteartean, enpresak beste 22 kasu jakinarazi zituen: beraz, 197 guztira—. Tuterako lantegian 713 beharginek egiten dute lan. Uvesa haragiaren sektoreko enpresa bat da, hegaztiak prozesatzen dituzte.
Hartuko diren segurtasun neurrien kostu ekonomikoak erdibana ordainduko dituzte enpresak eta Nafarroako Gobernuak. Langileei seroprebalentzia probak egingo dizkiete larunbat honetan, eta enpresako instalazioak desinfektatuko dituzte.
Era berean, Nafarroako Gobernuaren eta Tuterako Udalaren artean koordinazio talde bat osatuko da, eta teknikarien bidez Uvesako langileei nola jokatu azaldu diete, kutsatzeak saihesteko. Tuteran beste neurri murriztaile batzuk hartzea baztertu du gobernuak. Langile gehienak Tuteran eta Nafarroako hegoaldeko herrietan bizi diren arren, badaude Aragoin eta Errioxan bizi direnak ere.
Martxotik susmopean
Kutsatzeen berri jakin zenean, sindikatuek eskatu zuten planta ixteko, baina enpresak ez zuen aintzat hartu eta kontrol neurriak handitzea proposatu zuen. Gobernuko ordezkariekin bildu ostean, atzera egin du eta jarduna etetea erabaki du. Enpresako ordezkariak komunikabideei eginiko adierazpenetan esan du horrek galera ekonomikoa eragingo diola enpresari, baina une honetan «lehentasuna» osasuna izan behar dela.
CCOO sindikatuak salatuta zuen Lan Ikuskaritzan fabrika horretako langileak «ziurtasun gabeziako egoeran» zeudela. Ohartarazi zuen oinarrizko segurtasun neurriak ez zirela betetzen ari, segurtasun tartea edo maskara erabiltzea adibidez, ez ekoizpen lerroetan, ez jantokian.
Berria jakin zenean, ELA sindikatuak —gehiengoa du enpresan—, jarduera «segituan» etetea galdegin zuen. Enpresak halakorik egin ezean, gobernuari esku hartzeko eskatu zion. Azpimarratu zuen martxoan hasi zirela aurreneko positiboak, eta sindikatuak ordutik ari zirela segurtasun baldintza egokiak eskatzen. Lantokiak ikuskatzeko neurrien inguruan galdetuko dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari.