Errenta unibertsala. Indarrean jartzeko saioak

Utrecht, esperimentu praktiko bat

Herbehereetako hainbat hiri baldintzarik gabeko gizarte laguntzak banatzen hasiko zaizkio jende multzo bati. Laguntza horiek lana bilatzeko garaian nolako eragina duten neurtu nahi dute.

Utrecht erdialdea. Herbehereetako hiri populatuenetan laugarrena da. IRENE ARIN SUBIJANA.
Utrecht
2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Esperimentuak gaseosarekin egin behar direla dioen esaerari beste zentzu bat eman diote Herbehereetan. Errenta unibertsalakherrialde oso batean funtzionatu ahal duen jakiteko, lehenik hiri batzuetan esperientzia probatzea erabaki dute. Hiri horietako bat da Utrecht, Herbereheetako hiri populatuenetan laugarrena, 330.000 biztanlerekin.

Praktikotasunak bultzatutako proiektu bat da, Nienke Horst proiektuaren zuzendariak azaldu duenez. «Gaur egungo ongizate sistema oso konplexua eta burokratikoa da. Uste dugu ongizate sistemaren oinarri diren erregulazioak eta arauak sinplifikatu egin behar direla. Izan ere, ongizate sistemak gaur egun dituen obligazioak izango ez balitu, onura sozialak dituztenen artetik zenbatek aurkitu nahiko lukete lana? Zein ondorio izango lituzke ongizate sistemak arau gutxiago, arau ezberdinak edota araurik izango ez balu? Zein estimulu eragiten du? Zein ez? Hori aztertu nahi dugu, modu estrukturalean».

Victor Everhardt Errenta eta Lan Departamentuko zinegotziaren arabera, proiektuaren oinarria ez da errenta unibertsal bat martxan jartzea, baizik eta modu egokiena bilatzea gizarte laguntzak jasotzen dituzten herritarrak lana bilatzera bultzatzeko. Gaur egun, diru laguntza sozialak jasotzen dituzten herritarrek lana aurkitzen dutenean errenta murrizten diete hilabete batean edo hainbat hilabetetan. Horrek esan nahi du diru laguntza sozialak jasotzen dituztenek ez dutela lana aurkitzeko esfortzu handirik egiten. Gizarte laguntzen truke baldintzak murriztuz gero, lana aurkitzeko ahalegin handiagoa egingo ote luketen: horixe jakin nahi dute.

Esperimenturako, lanik gabe edo gizarte laguntzen menpe bizi diren gutxienez 250 herritar aukeratu dituzte, eta bost taldetan banatu: orain arteko moduan kontrolatutako talde bat, diru laguntza sozialak jasotzeko arau gutxiago bete behar dituzten hiru talde, eta inolako araurik bete behar ez duen talde bat. Hain zuzen, azken talde horrek oinarrizko errenta jasotzeko aukera izango luke, diru laguntza sozialak jasotzen dituen bitartean: guztira, 900 euro norbanakoen kasuan, eta 1.300 euro familien kasuan.

Urtea amaitu aurretik

Proiektua Utrechteko Udalak jarri du martxan, hiriko unibertsitatearekin elkarlanean; izan ere, esperimentua zientifikoki egokia izatea nahi dute, eta unibertsitateak hori berma dezakeela uste dute. Momentu honetan, ikerketa proiektua proposamen hutsa da, eta garatzen ari dira: «Departamentu sozialaren oniritzia behar dugu ikertzen hasteko, eta datozen asteetan jasotzea espero dugu. Horrela izanez gero, 2016aren amaieran hasiko gara ikerketarekin», azaldu du Everhardtek.

Esperimentuak bi urte iraungo du, eta, denbora hori igaro ondoren, Utrechteko Udalak aztertuko ditu talde bakoitzak izan dituen emaitzak. Gero, antzeko proiektu bat martxan jartzen ari diren Herbereheetako beste hiru hiriekin alderatuko dituzte: Tilburg, Groningen eta Wageningen. «Hiri bakoitzak bere erritmoa du, baina elkarrengandik ikasten ari gara». Esperimentu horrek beste herri eta nazioarteko politiketarako ere balio dezakeelakoan daude, eta, ikerketa horren bidez, nazioarteko erregulazioak alda ditzaketela uste dute.

Esperimentuak aldeko eta aurkako iritziak sorrarazi ditu herrialdean. D66 alderdi politiko liberalak, GroenLinks ezkerreko ekologistak eta PydA sozialdemokratak oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko mozioak aurkeztu dituzte. Basic Income Earth Network gobernuz kanpoko erakundea ere errentaren aldeko kanpaina ari da egiten, bere ustez miseria eta ezberdintasun soziala desagerrarazten duelako, eta gizabanakoen emantzipazioa erraztu. «Izan ere, finantza erakundeen presioetatik at, errenta hori jasotzen dutenek, besteak beste, formazioa eta boluntariotza jarduerak egin ditzakete, lan egiteaz gain».

Sindikatu nagusia, aurka

Kontrakoak ere badaude, eta ez denak eskuinean. Herbehereetako sindikatu nagusia, FNV, errenta unibertsalaren aurka dago. Harrie Lindelauff sindikatuko bozeramaileak Equal Times egunkariari azaldu dioenez, «oinarrizko errenta unibertsala abian jartzea asko kostatuko zaigu herritar guztiei, eta ekar dezake herritar guztiek gutxieneko errenta jasotzeko arriskua». Errenta unibertsalaren ordez, Gizarte Segurantzaren garapena exijitu du FNVk; gizabanako bakoitzak jasotzen dituen onuren indibidualizazioa, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.