Bulegoaren lau hormetatik bik leihoak dituztenez, ez zaio argirik falta bulegoari. Gainezka den uneetan, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak (Iruñea, 1965) eskertzen du argi horrek ematen dion atsedena. Legealdia erdi gaindituta, badu lan franko. Adibidez, departamentuak bultzatutako bi lege garrantzitsu tramitatzen ari dira parlamentuan: animalien osasun legea, eta aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legea.
Zer irizpidek zehazten dute abeltzaintza estentsibo eta intentsiboaren arteko aldea?
Hektareako abere kopuruak. Zehaztasuna falta zaie eztabaida mediatikoei. Ematen du eredu estentsiboa babestu behar duzula gainerako guztiaren aurrean, eta eredu estentsiboa dagoela makroustiategien aurrean. Eztabaida garrantzitsu horri heltzerakoan, ez gara soilik produkzio ereduaz ari, baita kontsumo ereduaz ere. Horregatik, ondo zehaztu behar da. Adibidez, esnegintza intentsiboa da, baina eredu horren barruan, makroustiategia edo eredu familiarra izan ditzakezu. Nafarroan, bi etxalde baino ez dira estentsiboak esnearen sektorean, eta horietako bat Nafarroako Gobernuarena da; baina bi etxalde horietan ez da egunero kontsumitzen dugun esneaekoizten.
Eta zein da gobernuaren jarrera errealitate horren aurrean?
Uste dugu eredu familiarrean abere kopurua jasangarria delaingurumenarentzat, ekonomikoki iraunkorra dela sendientzat, eta lurralde orekari eusten diola batez ere. Makroustiategiek kolokan jartzen dute eredu hori. 2019an, foru dekretu baten bidez arautu egin zen ustiategiek gehienez izan beharreko tamaina, eta batetik besterako gutxieneko distantzia. Ustiategien eredu familiarra babestea bilatu zen, lurralde kohesioa zaintzen duelako. Hori da gure eredua.
Zer gertatu zen dekretuarekin?
Caparrosoko behitegiak errekurtsoa jarri zuen, dekretuak haien tamaina bikoizteko eskaera ukatzen zuelako. Epaitegiak arrazoia eman zien, enpresaren askatasunaren printzipioak argudiatuta, eta eskaerari baiezkoa ematera behartu gintuen. Konbentzituta gaude lurraldea babestu egin behar dugula makroetxaldeen aurrean, eta, animalien osasunaren legearen bidez, mugak ezarri ditugu espezieen arrisku epidemiologikoak gutxitzeko.
Greenpeacek salatu du ustiategien tamaina eta kopurua arautzeko kontrol falta handia izan dela oro har. Berandu dator?
Berandu? Uste dut dekretu horrekin aurrea hartuko geniela Espainiako Gobernuaren eta gainerako erkidegoen asmoei. Nafarroari hori aitortu egin behar zaio. Greenpeacekoek borondatea aitortu digute. Den den, konplikatua da; borondate politiko guztia izan dezakezu, baina azkenean auzitegiek erakusten dute noraino hel zaitezkeen. Juridikoki babesa emango digun formulak bilatu ditugu, eta Frantzian ez dago abere kopuruari buruzko araudirik. Biztanleria kontzientziatua du. Hori funtsezkoa da.
Nola eragingo dio legeak egungo etxaldeei?
Ez du atzerako eraginik, nahi izanda ere. 7.200 behi izateko Caparrosoko makroetxaldearen ingurumen baimena errealitate izango da. Hemen garrantzitsuena da bermatzea eredu hori ez dela errepikatuko, eta zaintza zorrotza egiten dela.
Auzitegiak behartuta, ingurumen baimen berria eman zenioten Caparrosokoari. Hala ere, beste bat prestatzen ari zarete?
Bai. Ustiategia bikoizteko eskaera 2015ean egin zuten, eta orduko araudiaren araberakoa egitera behartu gaitu epaiak, baina ordutik hona, ingurumen arloko exijentziak aldatu egin dira, eta eguneratzen ari gara.
Hondakinen kudeaketa zorrotzagoa eskatu zaie. Betetzen ari dira?
Printzipioz, euren intereserako denez, betetzen ari dira. Beste zigor espedienterik ireki izanaren berririk ez dut. Argi dugu: baldintzak ez badira betetzen, zigor espedientea irekiko dugu.
Alta, hemeretzi zigor espediente ireki zaizkio urteotan.
Komunikabideen bidez iritsi zitzaigun salaketa nabarmendu nahi dut batez ere [talde ekologistek eta Greenpeacek Aragoi ibaitik gertu digestato isuri bat salatu zuten iazko otsailean]. Ez zen ohiko praktika baten ondorio izan. Digestatoa lur baten mugan zabaldu, eta gainazaleko isurketa eragin zuen. Fiskaltzaren eskuetan utzi genuen. Geroztik, ez dugu beste informaziorik.
Hainbat taldek azterketa batean ondorioztatu dute makroetxaldearen ondorioz inguruko ur estazioetan nitrato maila modu nabarmenean igo dela. Kezkatuta zaudete abeltzaintza eta laborantza intentsiboak ibaien nitrato maila handitzen dutelako?
Nitratoak ongarri kimikoak dira. Europak zuzentarau bat du, eta belarritik tira egin dio Espainiari. Nitratoaren aurrean eremu zaurgarriei buruzko dekretu bat lantzen ari gara, kontrolak berritzeko eta sakoneko uraren kalitatea bermatzeko asmoz. Eremuak identifikatu eta horietan jarduera mugatzea da helburua.
Nekazaritza Politika Bateratua gai konplikatua da, eta itzulinguru ugari eman ditu bi urteotan. Zein da egoera?
Epeka doa. 2014tik 2020ra bitartekoa amaituta, 2021etik 2027ra artekoa onartu behar da. NPBk bi zutarri ditu: batetik, landa garapeneko planen bidez eskualdeetako gobernuok kudeatzen duguna; bestetik, laguntza zuzenak. Azken horien kasuan, Europak baldintza orokorrak eta finantzaketa ezartzen ditu, eta estatu bakoitzak bere plan estrategikoa garatzen du. Espainiako Gobernuak urtarrilaren 1ean aurkeztu du berea, eta Europako Batzordeak zer erantzun zain gaude orain.
Zein da zuen jarrera?
Egungo laguntza zuzenen banaketa ez dugu gustuko. Sektorearekin bat egiten dugu guztiz, eta parlamentuak ikuspegi hori babesten du. Banaketa horrek ez du babesten sektorearen profesionalizazioa eta eredu familiar profesionala. Egun, Nafarroan 12.500 onuradunek jasotzen dute laguntza zuzena, eta batez besteko adina 63,5 urte da. Onuradunen %48 pentsiodunak dira, eta %11k ez dute kotizatzen. Gainerakoak dira egun sektorean aritzen direnak. Ez diegu besteei dirua ukatu nahi, baina batik bat sektorean aritzen direnak lagundu nahi ditugu. Europak Espainiari gomendatu dio zehaztu dezala ondo zer den nekazari profesionala, ez duela balio kafea denentzat, orain arte egin duen bezala; gainera, Bruselak historikoak kentzea proposatzen du.
Nola geratu da azkenik Espainiak aurkeztutako plana?
Ez ditu gure eskaera nagusiak jaso: nekazari profesionala definitzea, eta eskubide historikoak kentzea.
Navarra Sumak zure kudeaketa kritikatu du horregatik.
Luis Planas [Nekazaritza] ministroaren asmoei men egitea leporatu ziezadaketen, baina justu kontrakoa egin dut. Harrigarriena da Navarra Sumak kritika hori egitea. Javier Esparzak, Landa Garapeneko kontseilari zenean, aho batez babestu zuen PPren gobernuak 2014an aurkeztutako plana. Orduan ere, oraingo auzi berak zeuden mahai gainean, baina haiek bai men egin zutela. Guk ezezkoa eman dugu; UPNk baiezkoa eman zuen.
Sektorea kexu da produkzio kostuak igo eta prezioetan islatzeko arazoak dituztelako. Adibidez, esnean. 2020ko Elikagai Katearen Legea betearazteko ardura eskatu dizuete UAGNk eta EHNEk.
Lege horren helburua da ekoizleek galerekin sal dezatela eragotea. Estatuko lege bat da, eta gure zeregina izan da kontrol lanetan aritzen den bulegoa indartzea, langile eta baliabide gehiago ipiniz. Ez dago gure gain ardura hori, baina uste dugu garrantzitsua dela kontratuak eta prezioak zaintzea. Sindikatuei esan diegu euren zeregina dela kontratuak salatzea, baldin eta kostuen azpiko prezioak ezartzen badizkiete. Ekoizlea katebegirik ahulena da, eta, horregatik, zaila da ordaintzen dizunari salaketa jartzea, baina sindikatuek lagundu dezakete jokabide hori identifikatzen.
Eta zaintza hori nola doa?
Zigor espedienteak ireki dira, eta ez esnegintzan, hain zuzen. Ezin dut gehiago aurreratu, baina zigor handiak izango dira.
Abenduko uholdeek 10.000 hektarea kaltetu zituzten. Zer ondorio izan dituzte?
Uholdeei aurre egiteko azpiegituretan bost milioi euroren kalteak eragin dituzte. Konponketa lan hori Ebroko Ur Konfederazioaren zeregina da. Laborantza azpiegituretan beste lau milioi euroren kalteak eragin ditu. Datorren hilean laguntza deialdi bat egingo dugu udalentzat eta azpiegitura horien erabiltzaileentzat, eta beste bat kalteen ondorioz lurra landu ezin dezaketen nekazariei zuzendua, errentaren galera konpentsatzeko. Laboreetan egindako kalteei dagokionez, aseguru etxeen elkartearen azken datuen zain gaude. Lursail batzuk asegurua izan arren, baldintza teknikoen ondorioz, estalduratik kanpo geratu dira, epe kontuengatik. Espainiako Gobernuari esan diogu presio egin dezatela estalduratik kanpo geratu diren horiek ere sar daitezen.
Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legeak bide luzea egin du legealdi honetan, eta parlamentuan da.
Larrialdi klimatikoari erantzuteko legea da hori. Gizartea kezkatzen duen auzi bat da, eta erreminta horrek konpromiso klimatikoak betetzeko balio behar liguke; emisioak murriztea eta zehaztutako epeetan Nafarroa deskarbonizatua erdiestea. Funtsezko esparruetan eragiten du: eraginkortasun energetikoa, etxebizitza, mugikortasuna, lehen sektorea, industria eta administrazioa.
Glasgown izan zinen. Konpromisoak betetzeko balioko al du legeak? Ez al dator berandu?
Nahiago nuke legea lehenago onartu izan balitz! Legea bera baino gehiago, produkzio eredu honekin ingurumena hondatzen ari dela konturatu behar ginen. Beti helduko da berandu, baina hobe berandu baino lehen iristea.
Legearen finantzaketa da arazoetako bat. Nola finantzatuko da?
Trantsizio ekologikoa aurrera eramatera behartuta gaude Europako Itun Berdearen aterkipean. Europako Batasunak bultzatutako Next Generation funtsak prozesu hori guztia bultzatuko du. Egin beharrekoa da, bai ala bai. Funtsek trantsizio horretaranzko proiektuak finantzatuko dituzte. Fiskalitate berdea finantzaketarako beste erreminta bat izan daiteke, baina batik bat itun berde horrekin bat egiten ez duten praktiketan atzera eragiteko elementu gisa balio dezake.
Fiskalitate berdea funtsezkoa da?
Lege proiektuak fiskalitate berdearen beharraz hitz egiten du, baina ez du eperik jartzen. Batzordeetan ikusten ari gara eztabaidatu egin behar dela.
Onartuko da legea?
Fiskalitatearekin edo hura gabe, aurrera atera behar da. Behar dugu. Borondate oneko adierazpen publiko guztiak egin ditzakegu, baina legeak markatuko du emisioak murrizteko bidea.
Itziar Gomez. Nafarroako Landa Garapeneko kontseilaria
«Ustiategien eredu familiarrak lurralde kohesioa zaintzen du; hori da gure eredua»
Nafarroako Gobernua auzitegiek jarritako traben gainetik makroustiategien jarduera mugatzeko egiten ari den ahalegina azpimarratu du. Haren departamentuak bultzatutako bi lege garrantzitsu parlamentuan eztabaidatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu