Urteko lehen hiruhilekoan 1.485 milioi euro irabazi ditu Iberdrolak

Iazko datuekin alderatuta, %40 igo dira etekinak. Energia berriztagarrietarako erabili dituzte inbertsioen %90.

Iberdrolak Gatikan duen argindar sarea. MARISOL RAMIREZ / EFE
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 26a
11:24
Entzun

Urtarriletik martxora bitartean, 1.485 euro irabazi ditu Iberdrolak, iaz epe berean baino %40 gehiago. Enpresa energetikoei aplikatutako zerga ordaindu behar izan duen arren, konpainiak goranzko joerari eutsi dio lehen hiruhilekoan —iaz inoizko irabazirik handienak izan zituen—.

Salmentek ere %27 egin dute gora: 15.460 milioi eurokoak izan dira. EBITDA adierazlea, berriz, %37,7 handitu da (4.064 milioi).

Iberdrolak Espainian eta Erresuma Batuan izan du irabazi gehien. Konpainiako presidente Ignacio Sanchez Galanen arabera, egindako inbertsio «handien» emaitza dira lortutako etekinak.

Bada, azken hamabi hilabeteotan, 10.400 milioi euro (+%9) jarri dituzte inbertsioetarako. Inbertsio horien %90 energia berriztagarrietara bideratu dituzte; hots, 9.400 milioi inguru. Ekintza horiek bat datoz enpresak prentsa oharrean adierazitako helburu nagusiekin: trantsizio energetikoaren lidergoa izatea, eta erregai fosilekiko dependentzia murriztea.

Deskarbonizazioaren estrategiaren barruan kokatzen da, hain justu, gaur zenbait aste konpainiak egindako salmenta: Mexikon zituen ziklo konbinatuko zentralen negozioaren %60 saldu zuen, 5.500 milioi euroren truke. Halere, Iberdrolaren esku egongo dira aurrerantzean ere horietatik hamabost.

Urtarriletik martxora bitarteko datuak onak izan dira, baina presidenteak ohartarazi du datozen hilabeteak ez direla «hain onak» izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.