Oharra egin dute merkataritza txikien elkarteek: behera doaz haien salmentak, denda kopurua murrizten ari da eta bezero gazteak falta zaizkie. Euskomer Euskadiko Merkatarien Konfederazioan bildutakoen arabera, «urte kritikoak» izango dira hurrengoak sektorearentzat, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote sektore estrategiko gisa onartzeko eta halako bati dagozkion laguntzak emateko.
Euskomerrek azaldu duenez, 2023. urtean jarraitu egin zuen txikikazko merkataritzaren gainbeherak. 2023aren amaieran 34.855 merkataritza establezimendu zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022an baino 1.108 gutxiago (-%3,08).
Bost arrazoi aipatu dituzte jaitsiera hori azaltzeko: Internet bidezko salmentak handitu egin direla, kontsumo ohituren aldaketa —«erosketa esperientzia pertsonalizatuak bilatzen dituzte bezeroek»—, gastuaren zati bat merkataritzatik ostalaritzara eta aisialdira igaro izana, belaunaldien arteko errelebo falta, eta alokairu garestiak, «batez ere hiriguneetan».
Lokal hustuen irudia
Lokal hustu batek ondokoak ere hustea eragin ohi duela onartu du Euskomerrek, eta horrek «utzikeria eta hondamendi itxura» ematen diela kale edo herri batzuei. «Herriko nortasuna galdu egiten da horrela, betiko saltokiek zeregin garrantzitsua baitute horretan».
Euskomerrek uste du tokian tokiko saltokietan erosteari buruzko «kontzientziazioa» falta dela, eta bereziki gazteak erakartzeko arazoak dituztela. Arrazoien artean «gurean prezioak handiagoak diren uste oker bat» eta «ustezko berehalakotasuna» aipatu ditu Euskomerrek: «Denda batera joan eta produktua etxera eramatea baina gauza berehalakogorik ez dago».
%68,7Sektorearen arazo nagusiei buruz galdetuta, Euskomerreko bazkideen %68,7k esan dute salmenten jaitsiera dela. Haren ondotik datoz Internet bidezko salmentak (%29,6), eta lokal komertzialen prezioak eta lokal hutsak (%25,2). Kezken artean beherago agertzen dira sektoreko langileen lan baldintzak (%20,4) eta emisio txikiko eremuak zabaltzea (%16,1).
Txikikazko merkataritzaren salmentak %0,9 handitu ziren iaz, baina neurri handi batean hori izan zen elikadura sektorekoak %1,2 handitu zirelako. Horiek eta ile apaindegiak eta estetika zentroak dira 2023. urtea aurrekoa baino hobea zela esan dutenak. Salmenta okerragoak izan dituzte, berriz, jantzi eta oinetako dendek eta gasolindegiek. Oro har, berriz, saltokien %70ek ziurtatu dute iaz salmentak jaitsi zituztela.
Gainera, 2024. urtea ez da ongi hasi: %44k esan dute iazkoa baino okerragoa izan dela, %37k iazko kopuruetan dabiltzala, eta %19k baizik ez dituzte salmentak handitu.