Agintaldia bukatzear duela, enplegu kontuetan bere buruari jarritako helburua betetzat jo dezake Eusko Jaurlaritzak: langabezia %10etik behera jaitsi da. Eustatek atzo zabaldutako datuen arabera, 2019. urtearen amaieran langabezia tasa %9,3 zen, urtebete lehenago baino puntu bat gutxiago. Urteko batezbestekoa, berriz, %9,6 izan da; EAJk eta PSE-EEk gobernua osatu zuten urtean, 2016an, %13,4 izan zen.
Enpleguaren sorrerari zor zaio langabeziaren jaitsiera, 2016tik 2019ra ia ez delako aldaketarik izan biztanleria aktiboan —3.000 gehiago—. Landunak, ordea, bai ugaritu dira: batez beste 946.200 langile izan dira, 2016an baino 42.900 gehiago. Langabeak, berriz, antzeko kopurua gutxitu dira: 39.800 gutxiago 2016tik 2019ra. Eustatek ez dio ezer enplegu horren kalitateari buruz.
Zenbaki hutsei erreparatuta, 2019. urtea ere positiboa izan da, baina antzeman egin da ekonomiaren hazkundearen motelaldia, gutxiago jaitsi delako langabeen kopurua, eta gutxiago handitu, berriz, okupatuena. Horrela, 2018ko azken hiruhilekotik 2019kora 7.200 langabe gutxiago eta 8.100 landun gehiago zenbatu ditu Eustatek.
Azken hiruhilekoa, gainera, ez da ona izan: 9.600 landun gutxiago, eta aldaketarik ez da izan langabe kopuruan.
Lurraldearen, sexuaren eta adinaren araberako aldaketak handiak dira. Batetik, emakume gehiago daude lanik gabe (51.000) gizonak baino (46.100), nahiz eta aktiboetan gutxiago diren (-42.200). Gizonen artean, lanerako adinean dauden (16-64) %72,2 daude enplegatuta, eta, emakumeen artean, %65,1.
Bestetik, adinean aurrera egin ahala behera egin ohi du langabezia tasak: 16-24 urtekoen artean %22,4 dira; 25-44 artekoen artean, %10,3; eta 45 urtekoen artean, berriz, %7,3. Talde horretan soilik urritu dira langabeak azken hiruhilekoan.
Lurraldeka, Gipuzkoak du langabe gutxien (%7,1), eta ondoren datoz Araba (%9,8) eta Bizkaia (%10,5). Hiriburuetan ere hurrenkera hori dago: Donostia (%6,1), Gasteiz (%9,9) eta Bilbo (%11,9). Beste udalerrietan %9 daude lanik gabe.
De la Ricaren haserrea
Sara de la Rica EHUko katedradunak eta Iseas fundazioko zuzendariak azaldu du enpleguaren bilakaera «berri ona» dela. «Nahiz eta oso bizkor ez joan, Euskadi urrats irmoekin doa aurrera», azaldu du, lan merkatuari buruz hiru hilean behin aurkeztu ohi duen txostenean. Nabarmendu duenez, 2015etik 100.000 enplegu berreskuratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Baina De la Rica haserre azaldu da urtero errepikatzen den gertakari batekin: udako hilabeteetankaleratu egiten dituzte osasuneko eta hezkuntzako milaka langile, eta enplegua berreskuratzen dute udazkenean. 2019ko datuekin erakutsi zuen: maiatzean 69.371 kontratu zeuden sektore horietan, 58.267 irailean, eta 69.172 urrian. «Iruzurretik oso gertu dagoen» praktika iruditzen zaio De la Ricari, «egiten ari zirena ez baita aldi baterako jarduera bat, mugagabe bat baizik». Uste du horrelako praktikei «jazarri» egin behar zaiela, eta gogorarazi du enplegu horietako gehienak publikoak direla.
Urtebetean, 8.000 lanpostu gehiago zenbatu ditu Eustatek
Langabezia tasa %9,3 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EHUk eskatu du osasuneko eta hezkuntzako udako kaleratzeei jazartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu