Nafarroako ekonomia aurreikusi baino azkarrago handitzen ari da. Iazko urte amaieratik datorkion aldeko haizea probesten ari da, eta bigarren hiruhilekoko datuek berretsi egin dute joera hori. Apiriletik ekainera bitartean, jarduera ekonomikoa %0,7 hobetu da, lehen hiruhilekoko datuekin alderatuta. Urte arteko tasari begira, berriz, %2,5 handitu da bigarren hiruhilekoan. Nastat estatistika erakundeak industriaren eta zerbitzuen dinamismoarekin lotu du espero baino hazkunde handiagoa izatea.
«Oso ontzat jotzen dugu», adierazi du Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Nahiz eta ekonomiak lehen hiruhilekoan baino bi puntu motelago jardun duen, «urte amaieratik zekarren joera ona berretsi egin da bigarren hiruhilekoan», haren ikuspegitik: iazko azken hiruhilekoaz geroztik, barne produktu gordina azkar hazten ari da, %0,6tik gorako erritmoan— . Duela urtebeteko datuak ere erakusten du ekonomia «azeleratu» egin dela.
Aurreko astean ezagutarazi zituen Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren datuak. Urtebetean, %1,8 hazi zen barne produktu gordina, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi baino hamarren bat gutxiago.
Espero baino hobeto
Nafarroan, aldiz, bilakaera ekonomikoak gainditu egin du gobernuak esperotakoa. «Ziklikoki, espero genuen baino hobeto aritu da ekonomia», baieztatu du Arastik. Izan ere, iragan udazkenean aurtengo aurrekontuak lantzean, %1,3ko hazkundea aurreikusi zuen 2024rako: geroago, apirilean, %1,5eko hazkundea iragarri zuen. Azken hiruhilekoko datuek adierazten dute are hobeto bukatuko dela urtea.
Sei hilabete geratzen dira urtea amaitzeko, baina finantza erakundeek %1,8 eta %2,8 arteko hazkundea espero dute —egiazki, %1,8 eta %2,3 arteko aurreikuspenak egin dituzte gehienek, baina BBVA baikorrago azaldurik, %2,8ko hazkundea iragarri du—. Dena den, Arasti ez da ausartu kopururik ematera. Hurrengo hilabeteetan aurreikuspen zehatzago bat egingo dutela, horixe baino ez du esan. Hori bai, iragarri du apirilean esandakotik, hau da, %1,5etik gora ibiliko dela hazkundea.
Eskaintzaren aldetik, zerbitzuek tira egin diote ekonomiari. Adibidez, ekaineko txikizkako merkataritza jardueraren adierazlea %2,1 handitu da urtarriletik. Orokorrean, sektorean aritzen diren enpresen negozio zifra neurtzen duen adierazlea %6,1 handitu zen maiatzean, iragan urteko datuarekin alderatuta; merkataritza enpresena, berriz, %6,7.
Industria, berriz, suspertzen ari da. Industria enpresen konfiantza neurtzen duen adierazleak islatzen duenez, iragan urte amaieratik enpresek baikor ikusten dute ingurunea, Europako Batasunaren batezbestekotik gora. Haatik, ekainean apur bat beherantz egin zuen. Maiatzeko industria produkzioaren indizeak ere goranzko joerari eusten dio. Duela urtebeteko egoerarekin alderatuta, %1 handitu zen, eta energia aintzat hartzen ez bada, %5,2. Papergintza eta autogintza daude sendoen.
Eskariaren datu onak
Eskariari dagokionez, sendien gastuak «gorantz» egin du bigarren hiruhilekoan. Arastiren arabera, gainera, txikizkako merkataritzaren salmentek, familien konfiantza adierazleek eta kontsumo ondasunen inportazioek erakusten dute sendien kontsumoak «tonu onari» eusten diola, «batik bat enpleguari eta erosahalmena berreskuratzeari esker».
Inbertsioak ere gorantz egin du, eta hala islatzen dute industria ibilgailuen matrikulazio datuek eta ekipo ondasunen inportazioek eta ekoizpenak. Oro har, Arastik uste du nazioarteko egoera hobetu dela, finantza baldintzak onak direla eta orain ezarritako Europako funtsek ere laguntzen dutela.
Kanpo merkataritzari begira ere datu onak daude bigarren hiruhilekoan, Arastiren arabera, batik bat autogintza sektorearen ondorioz. Urteko lehen bost hilabeteetan, kasurako, esportazioak %1,5 handitu dira.
Hala, enpleguaren datu orokorrak onak dira orain. Gizarte Segurantzan 311.340 langile daude izena emanda, eta langabezia tasa %7,4koa da.
Baikor azaldu da, hortaz, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, munduko adierazleak ere egonkor baitaude. «Nafarroako ekonomia espero baino hobeto jarduten ari da, enpleguaren, barne eskariaren eta industriaren suspertzearen ondorioz».
Dena den, egoera on hori okertu dezaketen arriskuak ikusten ditu Arastik. Adibidez, tentsio geopolitikoek nazioarteko merkataritzan eragin dezakete. Horrez gain, Europako Banku Zentralaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, inflazioa leuntzeko prozesua uste baino motelago doa, eta energiaren prezioek gorabehera handiak dituzte. Azkenik. Europako ekonomia motel hazten ari da oro har, batik bat Alemaniakoa, eta baliteke horrek Nafarroako industria jardueran eragitea.
Eurogunean %0,3 hazi da ekonomia
Euroa erabiltzen duten herrialdeetan, %0,3 handitu da ekonomia apiriletik ekainera, urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta —Europako Batasunak ere %0,3ko hazkundea izan du—. Eurostatek aurreratutako datuen arabera, %0,6 handitu da ekonomia euroaren eremuan, iazko datuarekin alderatuta —EBn, berriz, %0,7—. Irlanda, Lituania eta Espainia izan dira hazkunde handiena izan duten herrialdeak —%1,2, %0,9 eta %0,8 handitu da BPGa herrialdeotan, hurrenez hurren—. Euroguneko herrialderik sendoenean, Alemanian, %0,1 uzkurtu da ekonomia. Frantzian, berriz, %0,3 handitu da. Alta, daturik okerrenak Letoniak eta Suediak izan dute: Letonian %1,1 eta Suedian %0,8 jaitsi da jarduera ekonomikoa lehen hiruhilekoan.