«Urtebete baino lehenago» Corrugados Lasao ere itxiko duten beldur dira langileak

Extremaduratik kudeatuko dute Lasaoko planta; airean da geratzen diren 30 langileen etorkizuna

Corrugados Lasaoko plantako langileen protesta atzo . BERRIA.
2013ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Gallardo taldearen Corrugados Azpeitia enpresako langileak burumakur daude. Azpeitiko plantako 300 langileak kaleratu ditu taldeak, baina Lasaon ere egon dira kaleratzeak; atzo, 38 langilek sinatu zituzten eurenak. Extremadurako taldeak 2005ean erosi zizkion Arcelorri Azpeitia eta Lasaoko plantak, beste batzuen artean. Kaleratutako hainbat langilek hogei bat urtez lan egin dute Lasaon.

Batzuek ezin izan dute lankideen babesa jaso momentu gogor horietan, oporretan daudela jaso baitute kaleratzearen berri. Kasu batzuetan, telefonoz jakin dute kaleratu dituztela, enpresako zuzendaritzak kaleratzeak sinatzera joateko eskatu dietenean. Beste batzuei, berriz, burofaxez bidali dizkiete iragarpenak. «Gizatasunik gabeko jarrera erakutsi du enpresak. Horiek ez dira gauzak egiteko erak», salatu du Mikel Sasiain Lasaoko plantako langile batzordeko kideak (LAB).

Apiril erdialdean jaso zuten Lasaoko langileek Madrilera joateko abisua. Dosierra aurkeztua zuen bai Lasaon, bai Azpeitin eta bai Extremadurako bi plantetan; negoziazioak ez ziren arrakastatsuak izan. Ekoizpena Extremadurara eramateko mehatxuarekin enpresak izandako jarrera salatu du Sasiainek. Legeak lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordainak aitortzen dizkio langile bakoitzari, hamabi hilabetez, gehienez. «Enpresak goxoki bat jarri zuen mahai gainean: 30 egun ordaintzea eskaini zigun langileoi negoziazio epea bukatzear zegoela betiere salatzen ez bagenuen».

Akordiorik gabe erkidego desberdinetan dosierrak aurkezteagatik legeak ematen dion aukera ikusita, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zituen erregulazio guztiak. «Lasao eta Azpeitiaren artean, 338 langile ginen, eta Extremaduran, 34. Nola eraman daiteke epaiketa Madrilera?». Galdera egin du Sasiainek, baina argi du erantzuna: «Ordurako, Gipuzkoako eta Bilboko epaitegi nagusiek langileoi eman ziguten arrazoia».

Eskaerak bai eta materialik ez

Lasaoko plantak irabaziak izan zituen 2012ko maiatzera arte. Hori izan zen mugarria. Bezeroen eskaerei eutsi bazieten ere, ez zen ekoizpena aurrera eramateko adina material sartzen plantan.

Langileek bederatzi hilabetez euren zortzi orduko lanaldiak betetzen zituzten, baina lana egiteko aukerarik gabe. «Guk 7.000 tona produzitzeko ahalmena genuen, eta bezeroak albo batera laga dituzte. Enpresak eraman gaitu egoera honetara», salatu du Sasiainek.

«Kaleratzeak eginda daudela, 30 langile geratzen gara; plantako zuzendari eta langile soilak gara». Hortaz, administrazio eta zuzendaritza lanak Extremaduratik egingo dira. «Oraindik ere ez dugu materialik; horregatik uste dugu urtebete baino gehiago ez garela egongo lanean Lasaon». Irailean batzartuko dira langileak hurrengo asteetarako mobilizazioak prestatzeko, batez ere urriaren 29koa; orduan epaituko baitu dosierra Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.