160.000 euroko mailegua eta %0,5 diferentziala duena adibide gisa hartuta, amortizazio epe motzenen kasuan (10 urte) dagoeneko iaz baino 300 euro gutxiago ordainduko dute hilean. Ohikoena, baina, 20 eta 30 urte arteko epea izatea da. Kasu horietan 333 eurotik hasi eta 363 euro bitartean aurreztu ahal izango da. Zenbat eta amortizazio epe luzeagoa izan, orduan eta merkatze handiagoak izaten dira. Horrenbestez, mailegua itzultzeko 50 urteko epea duten hipotekadunei erdira jaitsiko zaie kuota.
Merkatze handi horiek aurtengo eta iazko Euriborraren arteko aldearengatik gertatzen dira. Abuztuko %1,334ko mailak ez dauka inongo zerikusirik iazko abuztuko %5,323koarekin. Lehen jarritako adibidea oinarritzat hartuta, 25 urteko amortizazio epea daukanak 1.014 euro ordaintzen zituen orduan hilean. Hemendik aurrera, berriz, 665 euro pagatu beharko ditu.
Abuztuko indizearekin hipoteka berritzea dagokien guztiei,ordea, ez zaie kuota Euriborra jaitsi den beste merkatuko. Izan ere, hainbat finantza erakundek zoru klausula deritzenak ezartzen dituzte kontratuetan. Horren arabera, muga bat zehazten da, eta Euriborrak muga horretatik behera eginagatik ere, hori ordaintzera behartuta egongo da bezeroa.
Atzo, hain zuzen, etxea «itsu-itsuan» erosi aurretik kontratuaren baldintzak zehatz-mehatz begiratzeko gomendatu zuen Ana Collia Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendariak EHUko Udako ikastaroetan. Etxebizitzen sektorean gehien jasotzen dituzten kexak etxearen entrega epearen ingurukoak izaten direla ere jakinarazi zuen.
Hamar hilabete, beheraka
Iraileko malda goraka zorrotz hasi arren, Euriborrarena beheraka ari da oraindik. Eta dagoeneko hamar hilabete bete ditu noranzko berean. Gainera, eguneko indizeak ia egunero berritzen du inoizko mailarik txikienaren marka. Atzo, esaterako, %1,304an geratu zen.
Hemendik aurrera ere egoera ez da askorik aldatuko hipoteka ordaindu behar dutenentzat, Europako Banku Zentralak (EBZ) hilabete batzuetan, behintzat, interes tasak %1ean uztea espero baita. Pablo Guijarro Nazioarteko Finantza Analistak partzuergoko kideak halaxe adierazi du: «Ez dugu espero EBZk interes tasak igotzerik 2011 urte hasiera bitartean». Horrenbestez, adituek iragarri dute datozen hilabeteetan Euriborra %1,3 inguruan geratuko dela.
Izan ere, bata eta bestea eskutik helduta datoz: interes tasen mailaren inguruan mugitzen da Euriborra. Iazko urrian buelta eman zion diru politikari EBZk interes tasak jaisteko erabakiarekin, eta ordutik %4,25etik %1era jaitsi dira. Horrenbestez, datozen hilabeteetan lehenengoa%1aren bueltan geratuz gero, bigarrenari ez zaio geratuko jaitsiera askoz gehiago izateko tarterik.
Hala eta guztiz ere, hipotekak merkatu egingo dira datozen hilabeteetan ere, joan den urteko mailatik urrun baitago oraindik Euriborra. Horretaz gainera, datorren hilabeterako espero da beherakadarik handiena: iazko iraileko batez bestekoa, hain zuzen ere, inoizko handiena izan zen.
Euroguneko inflazioak jaitsiera moteldu du abuztuan, eta %0,2 egin du behera
Euroguneko inflazioak jaisten jarraitzen du hirugarren hilabetez, baina abuztuan ez du aurreko hilabetean bezain beste egin behera. Hala, iazko abuztuarekin alderatuta, %0,2 jaitsi da Eurostat estatistika bulegoak emandako datuen arabera. Uztailean, berriz, %0,7 egin zuen behera.Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da iazko uztailean iritsi zirela prezioak inoizko mailarik altuenera: %4ra, hain zuzen. Inflazioa lehen aldiz ekainean jaitsi zen zeroz azpitik (-%0,1). Aurreko hilabetean, maiatzean, hutsean geratu zen. Batez ere petrolioaren merkatzeak eragin du inflazioa negatiboa izatea. Eta, hain zuzen, iazko uztailean zegoen Brent petrolio upela inoizko mailarik altuenetan.