Irailean ekonomiaren bilakaerari buruz egindako aurreikuspenak berritu egin ditu Eusko Jaurlaritzak, uste duelako atzeratu egingo dela urte honetarako barne produktu gordinarentzat iragarritako hazkundearen zati bat, 2022. urtera arte. Pedro Azpiazuk aurkeztu ditu aurreikuspen berriak Eusko Legebiltzarrean aurrekontuei buruz egindako agerraldian, eta baztertu egin du sare produktiboaren ahultasunaren erakusgarri izatea hazkunde txikiagoa.
Azpiazuren arabera, 2021. urtean %5,6 haziko da ekonomia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, irailean iragarri (%6,7) baino gutxiago. 2022. urtean, aldiz, BPGak %6,4 egingo du gora, irailean aurreikusi (%6,4) baino gehiago.
Enpleguari buruzko aurreikuspenetan, aldaketa gutxi. Aurten 13.390 enplegu gehiago aurreikusi ditu Jaurlaritzak, eta beste 11.500 inguru gehiago 2022rako. Horrekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako urteko batez besteko langabezia tasa %10 inguruan ibiliko da, eta %9,2ra jaitsiko da 2022an. Irailean, Jaurlaritzak iragarri zuen aurten %10,3ko langabezia tasa izango zela, eta %9,5ekoa 2022an.