URTE HASIERAKO PREZIOEN IGOERA. KPIren gainetik garestituko dira prezioak, erregaiak merkatu arren

Gas naturala eta butanoaren prezioa jaitsi egin da, baina petrolioaren prezioaren jaitsierak ez du garraio publikoa merkatuko

2009ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Petrolioa, gas naturala eta oinarrizko erregaiak merkatu egin dira 2008an. Baina argindarraren fakturak igoera handia izango du, atzoz geroztik, Hego Euskal Herrian. Garraio publikoaren tarifak ere igoko dira. Gas naturalaren eta butanoaren prezioak merkatu egin dira, baina prezio gehienak KPI Kontsumo Prezioen Indizearen gainetik igo dira urtarrilaren 1ean.

1. Argindarra

Igoera nabarmena izan du argindarraren prezioak Hego Euskal Herrian; batez beste, %3,5 igo da. Kontsumo txikiko tarifa da ohikoena, bi eta bost kilowatt artekoa, alegia, eta tarifa hori daukatenei %3,34 garestituko zaie faktura, 90 bat zentimo. Tarifen defizita osatze aldera garestitu nahi dituzte prezioak argindar konpainiek. Izan ere, argindarra ekoizteak balio duen baino gutxiago jasotzen dute fakturetatik. Egun, 15.700 milioi euro inguruko zorra dute argindar konpainiek; beraz, aurrerantzean ere garestituko dela aurreikus daiteke. Kontsumitzaile elkarteek, batez beste, %9ko igoera iragarri dute datorren urtean. Prezioak Espainiako Industria Ministerioaren eta Espainiako Energia Batzordearen artean aztertzen dituzte, hiru hiletik behin.

2. Gas naturala eta butanoa

Hegoaldeko herritarren poltsikoentzat berri on bakarra gas naturalaren eta butanoaren eskutik etorri da. Petrolioaren prezioaren beherakadaren ondorioz, familiek gutxiago ordaindu beharko dute gas naturala eta butanoa erabiltzeagatik. Gas naturala, batez beste, %3,6 merkatu da. Hala, 1,5 euro merkeagoa izango da familientzat, eta enpresa txiki eta ertainentzat, sei euro merkeagoa.

Butano bonbona 26 zentimo jaitsi da, eta 13,5 euro balio du orain. %1,88koa izan da beherakada. Familia batek 24 bonbona kontsumitzen ohi ditu urtean; 5,76 euro aurreztuko ditu, beraz.

3. Telefonoa

Urte berriarekin batera, telefono fakturak ere garestitu dira. Telefonicak, esaterako, kuotak 13,97 euroan mantendu dituen arren, zerbitzuak garestitu ditu. Bezero guztiek %0,7 gehiago ordaindu beharko dute zerbitzuetan, eta tarifa finkorik ez dutenek %1,3 gehiago. Ezartze deiak eta 902 telefonoetarako deiak ere garestitu egin dira, 30 zentimo inguru. Otsailetik aurrera, Interneteko banda zabala, batez beste, %0,2 garestituko da. Duo eta Trio zerbitzuetan orain arteko prezioak mantenduko dituzte.

Euskaltelek, berriz, bere horretan utzi ditu tarifak, baina hileroko kuota 45 zentimo garestitu du. Internet zerbitzuetan ere igo ditu prezioak Euskaltelek, baina horren truke zerbitzu bikoitza eskainiko du. Esate baterako, megabyte bateko konexioa -deiak barne- 29 eurotik 29,9 eurora pasatuko da; trukean, megabyte bateko konexioa eman beharrean, bi megabyteko konexioa emango du. Berdin gertatuko da sei megabyteko konexioarekin, 12 megabytekoa izatera pasatuko da, baina 39 euro ordaindu beharrean 39,90 euro ordainduko dute zerbitzu hori dutenek.

4. Garraio publikoa

Prezioetan igoera nabarmena izango dute garraio publikoetako zerbitzu gehienek ere. Kontsumitzaile elkarteek gogor gaitzetsi dituzte, esaterako, Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoak erabakitako prezio igoerak. Aldirietako zerbitzua %6,28 garestitu da; ibilbide erdikoak %5; eta abiadura handiko trenen eta ibilbide luzekoen txartelak %4 garestitu dituzte. Euskotrenbideak enpresa publikoak ere %3,9 igo ditu tarifak, Tuvisak -Gasteizko Garraio Publikoak- bezala. Bilboko tranbiak ere igoera bera izan du, eta metroko txartelen prezioak, batez beste, %2,4 igo dira.

Autobusei dagokienez, Gipuzkoako Lurraldebusek udazkenean igo zituen prezioak, eta martxoa edo apirila arte ez dituztela berriz igoko aurreikusten dute. Iruñean, ordea, urte berriarekin, %10 garestitu da txartel arrunta eta euro bat balio du orain, 10 zentimo garestituta. Txartel arruntaz aparte, batez beste, %4,8 garestitu da Iruñeko garraio publikoa. Bizkaian, Bizkaibusen zerbitzuak %3 garestitu dira eta Bilbobusen txartelak 5 zentimo garestiago dira. Creditrans txartelaren jabeei 2 zentimo garestitu zaie bidaia bakoitza.

5. Ibilgailuak

Motorren eta 14 zaldi baino gutxiago dituzten ibilgailuen jabeek %8,7 inguru gehiago ordaindu beharko dute Donostian, ibilgailuen gaineko zergan. Gasteizen, batez beste, %2,75 igo dute zerga hori. Bilbon, ordea, izoztu egin dute ibilgailuen zerga. Ibilgailu pribatuek kostu handiagoak izango dituzte 2009an, gasolina merkatu bada ere. Izan ere, autobideetako bidesariak, batez beste, %4,46 igoko direla jakinarazi dute. Ibilgailua aparkatzea ere garestiagoa da. Bilbon %4,2 igo da, batez beste, TAO. Ordu erdi arte aparkatzeak orain arte adina balioko du, baina denbora gehiagoz aparkatzea garestiago izango da. Gasteizen igoera izugarria izango du, eremu batzuetan, TAOk: %240 haziko da, mugikortasun planaren eraginez. Donostian ere, eremuen eta ordu kopuruaren arabera, %4 eta %5 artean igoko da TAO.

6. Zaborrak

Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, zaborren zergak igoera berebizikoa izango du aurten Donostian. San Markoseko zabortegia itxita, eta Gipuzkoako gainerako zabortegiak ixtear daudela, donostiarrek %19 gehiago ordaindu beharko dute hondakinen kudeaketagatik. Iruñerriko Mankomunitateak ere igo egingo du zabor biltzeagatiko zerga, %6. Bilbon %4,2 garestiago izango da zaborren zerga, eta Gasteizen %2,5 garestituko da.

7. Ura

Hego Euskal Herriko hiriburuetan, %5etik gora haziko da uragatik herritarrek ordaindu beharko duten zerga aurten. Salbuespena Donostian dago, %2,4 igoko baita zerga hori. Hala ere, ur zikinen sareagatik ordaindu beharreko kopurua %14 igoko da. Iruñean %5ekoa izango da uraren zergaren igoera; Bilbon, %5,3koa; eta Gasteizen %5,5 ingurukoa. Udaran uraren zerga berriro igoko duela ohartarazi du, gainera, Gasteizko Udalak. Uztailaren 1etik aurrera, %10 igoko da, urte hasierako igoeraz aparte. Europako Batasuneko zuzentarauen arabera, 2012tik aurrera, kontsumitzaileek ordaindu beharko dituzte uraren kudeaketa gastu guztiak. Arabako hiriburuak neurri horretara urtez urte egokitzeko erabakia hartua du.

Aizpea Amas, Eneko Bidegain, Uxua Larretxea eta Mikel Peruarenak idatzi dute testu hau



624

Gutxieneko soldata. Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata %4 igotzea erabaki du. Beraz, Hego Euskal Herrian 600 eurotik 624 eurora handituko da hilean gutxienez kobratu beharrekoa. Bestetik, gizarte laguntzako soldata ere igo egingo dute, 640 eurora.



Garraio publikoa hartzen dutenentzako diru laguntzak

Lanera joateko garraio publikoa erabiltzen duen eta abonamendu edo harpidetza bat hartzen duen langileari harpidetza horren zati bat ordaindu behar izanen dio bere enpresak, Ipar Euskal Herrian. Frantziako Gobernuak Legea iragarri du, baina gehiago zehaztu behar du oraindik.





Gutxieneko pentsioak %2,4 igoko dira Hegoaldean, eta %1,5 Iparraldean

Hego Euskal Herrian inflazioaren aurreikuspenekin batera, pentsioak gutxienez %2,4 igoko zaizkie jasotzen dituzten herritarrei. Alargunei nabarmen igoko zaie pentsioa aurten: 60 urtetik gorakoei, esaterako, %7,2, eta familiako kideren baten ardura dutenei %5,84. Bakarrik bizi direnen eta diru sarrera txikiak dituztenentzako pentsioak, berriz, %6,4 haziko dira. Ipar Euskal Herrian, berriz, RMI izeneko gutxieneko errenta %1,5ez igoko da. Horrez gain, bakarrik bizi diren eta eskubiderik gabe dauden langabeen oinarrizko laguntza 454,36 eurokoa izango da; eta haur batekin bizi direnen laguntza, 681,95 eurokoa izanen da.





160

Auto kutsagarrien zerga. Kilometroko 250 gramo karbono gas baino gehiago botatzen duten auto berriei zerga bat ezarriko diete aurrerantzean, Ipar Euskal Herrian. Urtean 160 euro ordaindu behar izanen dute hein horretatik gora kutsatzeagatik.





Elikagaien prezioa egonkortu egin da

Urtea goranzko bidean hasi arren, elikagaien prezioak egonkortu egin dira. Urte hasieratik gehien garestitu direnak laboreak eta haragia izan dira Hegoaldean. Lehenengoak %7,4ko igoera izan dute; behi eta hegazti haragiak, berriz, %4koa. Esnea eta arraina merkatu dira gehien, %5,4 eta %4,6, hurrenez hurren.

45.000

Garraio publikoan deskontuak izango dituzten bizkaitarrak. Familia ugarietako bizkaitarrek deskontuak jaso ahal izango dituzte, urtarriletik aurrera, Creditrans txartelaren zerbitzuetan. %20tik %50era bitarteko deskontuak izango dituzte.







Koldo Nabaskues EKAko lehendakaria

«Prezioek igo beharko lukete abenduko KPIren arabera»

Aizpea Amas Donostia

Urte hasierako prezioek KPI Kontsumo Prezioen Indizearen mailan igo beharko luketela uste du Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako lehendakari Koldo Nabaskuesek (Bilbo, 1946). Elikagaiek, argindarrak eta beste zenbait gaik «ohiko mailara» jaitsi beharko luketela ere adierazi du, petrolioaren prezioa aintzat hartuko balitz.

Berriz ere prezio igoerekin hasiko da urtea...

Lehengo urteko gasaren eta garraio publikoaren garestitzeak justifikatzeko petrolioaren prezioa aipatzen zuten, baina petrolioaren prezioak izan duen jarraipena ikusita uste dugu aurten ez litzatekeela inongo igoerarik egin behar zerbitzu publikoetan, edo oinarrizkoetan. Gehienez ere, abenduko KPIk markatzen duena igo beharko litzateke.

Gasa eta butanoa urtero garestituz joan diren arren, urtarriletik aurrera merkatu egingo dira...

Gasa produktu zuzena da, eta ez du beste manipulaziorik behar, baina garraioa eta argindarra, gehienbat, erregaian oinarritzen dira; 140 dolarretatik 40ra jaitsi baldin bada, hori islatu egin beharko litzateke kostuetan ere.

Prezioen garestitzeak zenbat eragingo dio kontsumitzaileari, erosteko ahalmena kontuan izanda?

Familiaren ekonomiari eragiten dion eragile bakarra KPIren jarraipena balitz, orekatua egongo litzateke [erosteko ahalmena], gutxi gorabehera. Baina hori ez da guztiz erreala, soldatak ez direlako KPIren mailan igotzen. Baina arazoa ez dago hor bakarrik, horri kreditu murrizketak batu behar baitzaizkio. Azken finean, horrek lagunduko dio familiaren ekonomiari, banku eta kutxen kredituen interesen jaitsiera positiboa izango baita. Eta zerbitzu publikoak KPIren gainetik ez balira igoko, erosteko ahalmena orekatuta egongo litzateke.

Datorren urtera begira nola aurreztu ahal izango dute familiek?

Beste urteetan eman dugun mezu berbera eman dugu aurten ere, baina ez digute kasu handirik egiten, eta horren adibide da zorretan dagoen familia kopuru handia. Ez gara ohartzen gure kontuak egin behar ditugula. Ezin gara arduragabeki gastatzen ibili. Gabonetan kreditu txartela etxean uzteko aholkua eman diegu kontsumitzaileei, ez erabiltzeko. Erabiltzen badute, ez dira konturatzen zenbat gastatzen duten.

Nik uste dut, gainera, oso garrantzitsua dela, eta pixkanaka-pixkanaka etxeko kulturan sartu behar duen zerbait dela. Hau da, zeintzuk diren gure diru sarrerak, zein diru sarrera aurreikusten ditugun, familian ditugun gastuak zeintzuk diren... Beti kontuan izan behar dugu hori. Tamalez, ez da hala.

Elikagaien prezioak asko kezkatu ditu kontsumitzaileak azken urteotan, baina badirudi azkenaldian mantentze aldera egin dutela.

Egia da. Ez hori bakarrik; prezio batzuk jaitsi ere egin dira. Baina joan den urtean, oporretatik bueltan, izugarrizko garestitzea izan zuten. Alegia, prezioak progresio geometrikoaren arabera igotzen dira, baina progresio aritmetikoaren araberako igoera izan beharko lukete. Orduan ogia %18 igo zen, brokolia %300... Gauza horiek ohiko mailara jaitsi behar dute. Askotan eskaintzak eta eskaerak markatzen dituzte prezioak, baina prezio horiek ez ditugu kontsumitzaileok erabakitzen, inposatu egiten dizkigute.

Udaletxe batzuetan uztaileko KPI hartu dute kontuan zergak ezartzeko. Zer iruditzen zaizu?

KPI mementoan aplikatu behar den indizea da. Prezio berriak urtarrilean jarri behar badira, abenduaren 31ko KPIren arabera ezarri beharko dira. INEk [Espainiako Estatistika Institutuak] urtarrilaren 10 eta 12 artean aterako ditu KPIren abenduko datuak, baina dagoeneko badakigu %2,3-%2,4 ingurukoa dela. Horrekin ezarri behar lirateke zergak ere.

Gehiegizkotzat jotzen duzue argindarraren garestitzea?

Ez dugu onartzen KPIren gaineko igoerarik. Eta prezioa jaitsi behar dela uste dugu, petrolioaren prezioa dela eta.

Telefono konpainiek, ordea, zorrak dituztela diote...

Bai, baina zor hori oraindik ere azaldu egin behar digute, ez baita oso logikoa, urte hauetan guztietan izan dituzten irabazien ondoren, zorrari buruz hitz egiten aritzea. Kontuak egokitu behar badira, goazen egokitzera, baina eskuetan arrazoi guztiak edukita, guk erabaki ahal izateko igoera hori zilegia den ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.