Lan istripuak

Urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte ordaina lan heriotza batengatik

2020an izan zen ezbeharra, Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan.

LAN ISTRIPUA MURGAN
Istripua gertatu zenean lantegiaren aurrean eginiko elkarretaratzea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
pettan uralde
2024ko maiatzaren 10a
14:20
Entzun

2020ko otsailaren 29an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan (Araba). Aste honetan jakin da gertakari horri buruzko ebazpena. Ez da epaiketarik egin, aldeak ados jarri baitira. Enpresak, baina, bere gain hartu du gertatukoaren erantzukizuna: urte eta erdiko kartzela zigorra onartu du, eta kalte ordain gisa 30.000 euro ordaintzea.

Lanean ari zela bederatzi metrotik erorita hil zen Bassirou Dione 24 urteko langilea, Zorroza Gestion de Residuos enpresak Murgan duen biltegian. LABek garai hartan jakinarazi zuenez, enpresako kudeatzaileak Dione eta beste langile batzuei teilatura igotzea agindu zien hodi bat konpontzeko. Hori ez zen haien jarduna enpresan, eta segurtasun neurririk gabe igo ziren. Lan horretan ari zela, teilatu zati bat puskatu, eta Dione erori egin zen.

Fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta defentsaren arteko akordioarekin bukatu da auzibidea, akusatuek delituak onartuta. Duela lau urteko gertakariak orain «are argiago» geratu direla nabarmendu du LABek, eta heriotza horren erantzukizuna «Zorroza Gestion de Residuoseko arduradunena» dela.

Sindikatuak enpresaren lan baldintza gogorrak salatu ditu beste behin; langileentzat «eskubiderik gabeko eremu bat» dela adierazi du. «Guantanamo laboral bat da, langileak erabateko babesgabetasunean uzten dituena». Azaldu du, besteak beste, langileak eguneko hamar orduko nahitaezko lanaldiak egitera derrigortzen dituztela eta hainbat lan istripu ezkutatzen ahalegindu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.