Urte batzuetan «uzkur» aritu ostean, Kutxabankek hazteari ekingo dio

Arriola presidenteak baztertu egin du «operazio handietan» sartzea, baina iragarri du Espainian eta enpresen maileguan hedatuko direla

Anton Arriola Kutxabankeko presidentea, atzo, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Kutxabank da gutxien hazten den bankua, eta joera hori aldatu beharra dago. Haztea, orain, ezinbestekoa da». Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak anbizio handiko helburua jarri dio bere buruari. Hazteko bide asko daudela zehaztu du, baina, «operazio handien» bidea baztertuz, bi lehenetsi ditu: enpresa maileguak eta Espainiako eremu geografikoa. Lehenaren inguruan oso grafikoki mintzatu da: azaldu du bankua «oso uzkur» aritu dela, «arazorik ez izateko».

Arriolak Deusto Business Alumnik antolaturiko ekitaldi batean hartu du hitza, gaztelania hutsean. Bizkaiko enpresen munduko izen handi asko joan dira hura entzutera. Hasteko, bankuaren negozio eremuen argazki bat egin du, eta nabarmendu du «desoreka» agerikoa dagoela hipoteka maileguen eta enpresei emanikoen artean. Euskal Herriko eta Espainiako datuak bateratu ditu, eta, horien arabera, Kutxabanken mailegu negozioaren %66 hipotekak dira, eta %25 enpresei emaniko maileguak. Datu orokorrak hartuta, bere merkatu eremu osoko hipoteka maileguen %5,9 eman ditu Kutxabankek —Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia %40koa da datuhori—, eta enpresa maileguen %1,8 — Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %15 inguru—.

«Arrautza asko jarri ditugu hipoteken saskian; orain, indar handiagoa egin behar dugu beste negozio eremu batzuetan. Gure poltsa gehiegi kontzentratzeko arriskua dugu», onartu du. Azaldu du azken urteak gogorrak izan direla negozioarentzat, interes tasa oso txikiak izan baitira. Baina behin krisia pasatuta, Arriolak arrazoitu du arrisku handiagoko operazioak egin daitezkeela.

Alde horretatik, nabarmendu du Kutxabank oso banku sendoa dela, eta kapital «koltxoi» oso handia duela: «Gure kapital ratioa %20koa da. Babes horrek eta dugun likideziak hazteko aukera ematen digute». Era berean, zehaztu du gaur egun enpresa maileguen errentagarritasuna hipoteka maileguen gainetik dagoela.

Saltzeko asmorik ez

Baina nola jo enpresetara orain? «Gertuago sumatu behar gaituzte», onartu du, modu autokritikoan. Modu organikoan haztea da asmoa, eta baztertu egin du modu inorganikoan hazteko «operazio handiak» egitea.

Gai berean, alboratu egin du gaur egun partaide diren enpresetatik irtetea: «Bere garaian, parte hartze horien zati bat saldu behar izan genuen; biziraupen kontua zen, baina aro hori amaitua da». Kutxabank, besteak beste, Petronor, Iberdrola, CAF eta Ingeteamen barruan dago, eta aurreratu du haiek ekonomikoki babesten jarraituko dutela, helburu garbi batekin, gainera: «Erabaki esparruek lurraldean jarraitu dezatela nahi dugu».

Hazteko beste modu bat eremu geografikoa zabaltzea dela azaldu du. Onartu du zaila dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hipoteka maileguen merkatuan haztea; ez, ordea, enpresetan. Espainian, aldiz, eremu guztietan haz daitezke, dioenez. Madrilen 70 bulego dituzte dagoeneko, baina Kataluniako eta Espainiako hainbat hiri handi aipatu ditu. «Plaza asko daude». Iragarri du hazkunde horretan ehun langile kontratatuko dituztela, eta 30 milioi euroko inbertsioa egingo duela digitalizazioa hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.