Prezioak oso gutxi igo dira urtarrilean Hego Euskal Herrian. Espainiako estatistika institutuaren arabera, %0,034 garestitu ziren iazko hilabetean. Urte arteko aldeari erreparatuz gero, berriz, %3,39koa da aldea. Abenduko datuaren oso antzekoa da hori.
Estatistikak, dena den, bilakaera oso ezberdina islatzen du EAEn eta Nafarroan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %0,1 igo ziren prezioak; Nafarroan, berriz, %0,2 jaitsi ziren. Urtarrilean ohikoa izaten da prezioak jaistea, besteak beste beherapenen eraginarengatik. Esaterako, iazko urtarrilean tasa ez zen mugitu, 2023koan %0,3 jaitsi ziren, eta 2022an, %0,5.
Gaikako garestitzeari erreparatuz gero, deigarria da etxeen prezioak izandako bilakaera —indizeak urarekin, gasarekin eta beste erregai batzuekin batera kalkulatzen du etxeen prezioa—. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, urtarrilean %4,8 garestitu ziren, eta iazko urtarril amaieran baino %8,8 garestiago daude egun. Nafarroan, berriz, %4,1 garestitu ziren urtarrilean, eta iaz baino %7,6 garestiago daude.