Urriko iragarpenak hobetu ditu NDFk, eurogunean izan ezik

Munduko ekonomia %3,1 haziko da aurten, baina eurogunekoa %0,9 baino ez. Inflazioa «espero baino bizkorrago» apaltzen ari den arren, NDFk uste du interes tasak ez direla ekainera arte jaitsiko.

Kristalina Georgieva
Kristalina Georgieva NDFko zuzendari nagusia. Jalal Morchidi / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 30a
15:00
Entzun

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) aurtengorako aurreikuspenak hobetu ditu, eta munduko ekonomia %3,1 haztea espero du, urrian iragarri baino 0,2 puntu gehiago. Era berean, inflazioa «espero baino bizkorrago» apaltzen ari dela onartu du, eta 2025erako kontrolpean izango dela. Dena, baina, ez da pagotxa, euroguneari dagokionez urte hasierako iragarpenak urrikoak baino txarragoak baitira: BPGa %1,2 igoko zela iragarri zuen ordukoan, eta %0,9 orain, «2023ko emaitzak espero baino txarragoak izan zirelako».

Urtarrilero bezala, NDFk erradiografia egin dio munduko ekonomiari, eta aurten izango duen bilakaera iragarri du. Iazko urrian aurrerapen bat egin zuen, eta orain hobetu egin du, funtsaren ustez munduko ekonomia «harrigarriki erresilientea» delako. 2022an goia jo ostean, inflazioa «espero baino bizkorrago» jaisten ari da, eta eragin txikia izan du enpleguan eta jardun ekonomikoan. Dena den, inflazioa baretzeko harturiko neurriek eta interes tasa handiek 2024ko hazkundea apaldu dezaketela uste du.

%0,9

Eurogunearen hazkunde iragarpena. NDFren ustez, euroguneko ekonomia %0,9 haziko da aurten. Urrian iragarri baino gutxiago da hori. Bertan da Euskal Herria eta baita bere esportazioen bezero handienak ere.

Munduko ekonomia %3,1 haziko da aurten, eta %3,2 2025ean, baina batezbesteko historikoa baino txikiagoa (%3,8). Inflazioari dagokionez, 2024an %5,8ra jaistea espero du —%2,4 «ekonomia garatuetan»—, eta %4,4ra 2025ean. Alde horretatik, NDFk uste du estatuek «inflazioaren aroaren amaiera» behar bezala kudeatzearen erronka dutela mahai gainean, eta dirua bildu behar dutela «gastu lehentasun berrientzat» eta zor publikoa murrizteko.

-%2,3

Petrolioaren prezioa. Petrolio upela aurten %2,3 merkatuko dela iragari du NDFk. Erregai ez diren lehengaien prezioa ere apalduko da: %0,9.

Zonakako entresaka eginda, iragarpen apalenetakoak eurogunekoak dira. Bertan da Euskal Herria, eta baita haren esportazioen bezero handienak ere: Alemania (%0,5), Frantzia (%0,8) eta Espainia (%1,5). 2025erako, aldiz, %1,7ko hazkundea izatea espero du.

Munduko beste eremu batzuei dagokienez, %2,1eko hazkundea espero du AEBetan; %0,6koa Erresuma Batuan;%0,9koa Japonian; %4,6koa Txinan; %2,6koa Errusian; eta %1,4koa Brasilen.

Pakistango burtsa
Pakistango burtsa. EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.