Urresola: «Erakundeek ez dute aholkularitzak kontratatzeko debekurik»

Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak esan du ofizioz hasi zuela aholkularitzen ikerketa, eta ezin duela argitu ustelkeria egon ote den

Ekonomia Batzordearen agerraldia; Urresola eskuinean ageri da. LEGEBILTZARRA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) ez zuen parte hartu Espainiako Lehiaren Batzordeak (CNMC) hainbat aholkularitza enpresaren jardunean eginiko ikerketan. Alba Urresola LEAko presidenteak atzo Eusko Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean azaldu zuenez, agintaritzak lehen zantzuak igorri zizkion CNMCri, eta hark ikerketa hartu zuen unetik ez zuen LEAren laguntzarik eskatu. Ezta isuna jasotako aholkularitzek Euskal Herrian dituzten bulegoak miatu zituztenean ere. «Ez genuen besterik jakin ebazpena iritsi zen arte. Tamalez horrela da; legea zaharkitua dago», kritikatu zuen Urresolak.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek eskatuta agertu zen batzordean. Kontratu publikoen banaketan iruzurra eginiko aholkularitzen kasuaren inguruko azalpenak emateko deitu zuten. CNMCk isun ekonomikoak ezarri zizkien 22 aholkularitzari, eta frogatutzat jo zuen Euskal Herrian kartel bat osatua zutela —92 kontratu manipulatu zituzten gutxienez—. Alde horretatik, Urresolak azaldu zuen egun ezin dela debekatu bulego horiek kontratu publikoak jasotzea: «Juridikoki ez behintzat. CNMCk proposatu dezake, baina ez da automatikoki indarrean jartzen. Ebazpen bat egon arte, ezin da debekatu. Erakunde publikoren batek ez baditu kontratatu nahi, bere esku dago, baina lehiaketa publiko batzuetan ezin da mugarik jarri».

Urresolak, era berean, onartu zuen ezin duela argitu erakunde publikoen elkar hartzerik egon ote zen jardun horietan: «Nik ikerketaren ondorioak ditut, ez txosten osoa, eta ezin dut baloratu elkar hartzerik egon zen ala ez. Izen batzuk ageri dira ondorioetan [aholkularitzetako langile batzuek isunak jaso zituzten]; haiek gonbidatu beharko lituzkete azalpenak ematera». Era berean, argitu zuen LEAk ikerketa ofizioz hasi zuela, aurretik salaketa anonimo bat egon bazen ere. El Correo egunkariari emaniko elkarrizketa batean aurkakoa eman zuen ulertzera.

Urresolarekin batera, Rafael Iturria LEAko kidea agertu zen. Hark onartu zuen kontratazio publikoaren kontrola «oso partziala» dela, eta kolusio kasu «asko» dagoela. Erakundeen eta aholkularitzen arteko elkar hartzea egon daitekeela esan zuen, «gauzak zuzen egiten ari diren ustearekin», baina nahita, «konspiratiboki» eginiko iruzurrak ez liratekeela %20 baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.