Adolfo Muñoz. ELAko idazkari nagusia

«Urkulluren obsesioa gara; barruko etsaia bihurtu gaitu»

Adolfo Muñoz bete-betean sartu da arlo politikoan. Esan du ezker politikoa «oihartzunik gabe» geratzen ari dela, eta EAJk eta EH Bilduk adostutako ituna klase artekoa dela.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
xabier martin
Gasteiz
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Adolfo Muñoz (Mañueta, Araba, 1959) azken txanpan dago, baina uzten ari den lorratzean garden islatu nahi du mezu bat: «Ezer lortu nahi duenak mugitu beharra dauka». Datorren maiatzerako ELAko idazkaritza nagusia utziko du. Jaurlaritzarekiko konfrontazioa areago eraman du ELAk bere gidaritzapean, «100.000 afiliatu edukitzeak independentzia ematen duelako aske aritzeko».

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren dekretua martxan da. Mahaia aktibatzeko ituna iragarri du Jaurlaritzak UGTrekin eta CCOOrekin; trukean Confebaskekin egindako ituna ez aktibatzea eskaini du. Zer jazoko da?

Jaurlaritzaren eta Confebasken itunak frogatzen du Elkarrizketa Sozialerako Mahaia ez dela ezer. Zortzi urtean ez du ezer eman, eta, orain, Urkulluren obsesioa baino ez da geratzen. Gure sindikalismoak ordezkatzen duena, gu gara Urkulluren obsesioa, eta erabaki du gu barruko etsaia bihurtzea. Horrela ulertu behar da dekretua. Lege horrek finkatzen du gobernuak erabakiko duela zertaz hitz egingo den, eta sindikatuen ordezkaritzak ez direla errespetatuko erabakiak hartzean. Sindikatu bakar baten oniritzia baino ez lukete behar arauak onartzeko, haren ordezkaritza edozein dela ere.

Gobernua ordezkaritzen gainetik pasatu nahi duela diozu?

Atal politikoan, %61en ordezkaritzak ez dio balio Urkulluri bere oinarri politikoak gauzatzeko, baina atal sindikalean balio dio %10eko ordezkaritzak, UGTrenak esaterako.

Mahaian ez egoteak eten egingo du diru laguntzen iturria sindikatu matxinoentzat?

2014ko irailean irakurri nuen Jaurlaritzaren txosten bortitzenetako bat. Gobernuak zioen sindikalismoaren rola dela bere politikak babestea; sindikatuek, hain zuzen, laguntzak horretarako jasotzen dituztela. Argia da ondorioa: Urkulluren gobernuak sindikatuekin nahi duen harremana klientelismo petoa da. Ez dugu sekula onartuko, gizartearen oreka eta oinarria apurtzen duelako.

Ez al dira aspaldiko kontuak?

Egungora nola iritsi garen ulertzeko testuingurua da. Gero etorri zen negoziazio kolektiboan joko arau demokratikoak hausteko erabakia. Gutxiengo sindikalarekin eragin mugatuko itunak orokortzeko estrategia onartu zuten, 2016ko uztailean. Eta orain elkarrizketa soziala bere neurrira gauzatzeko dekretua dator.

Elkarrizketa soziala bera gaindituko lukeen estrategia orokor batez ari zara?

Operazio oso bat dago gobernuaren eta elite ekonomikoaren artean euskal sindikalismo erreibindikatzailea neutralizatzeko. Eta gu gure posizioa defendatu besterik ez gara egiten ari.

UGTren eta CCOOren babesarekin nahikoa ote du Jaurlaritzak dekretua onartzeko?

Urkulluk garbi utzi du baietz. Azken finean, gobernuak esaten du: «Hauxe dago mahai gainean, eta guztiok onartu behar dugu». Horren aurrean bi aukera ditugu: mahaira joatea, haien politikei babesa ematera; eta ez joatea, eta horrek eramaten zaitu gobernuarekin harremanik ez edukitzera. Gu saiatu gara harremanak edukitzen, batzarrak egiten eduki zehatzei buruz. Alferrik. Garbi esan digute gurekin inolako akordiorik egiteko aukerarik ez dagoela kritikaren bidetik jarraitzen badugu. Jaurlaritzak uste du gizarte osoa ordezkatzen duela, eta, hortik aurrera, kanpoan geratzen zara, ez bazaude harekin ados.

Eta bakartuak geratzeko beldurrik ez duzue? ELA ez ote da zentralitatetik asko urrundu?

Gure ildo estrategikoa argia da: ELA ez da inolako epelkeriatan ariko. Badakigu eragina lortzeko esparru guztietan antolatu behar dugula. Ez bazara mugitzen, ez dago ezer. Eta horrek esparru sindikalean eta esparru politikoan balio du, borondaterik ez baitago gauzak aldatzeko; horretan ez egin zalantzarik. Gobernuak, orain, lotura zuzena dauka botere ekonomikoarekin; kasik ezinezkoa da bereiztea noiz hitz egiten duen gobernuaren bozeramaile batek eta noiz patronalak.

ELAren bizkar jarri du Garbiñe Aranburuk LABekin lantzen ari zineten aliantza estrategikoaren porrota. Harentzat, erabaki taktiko hori janzteko, narrazio bat osatu du ELAk ustezko oztopoekin. Hauteskundeei begira hautsi zenuten prozesua?

Ez du zerikusirik hauteskundeekin. Hala balitz, gu gidari eskasak ginateke, harreman hori beharrezkoa zaigulako; pena handia dugu gertatu denagatik.

Non dago gakoa bi sindikatuen aldentzea ulertzeko?

Esparru politiko eta sozialean ezkerra joaten ari zaigula ikusten ari gara, eta drama bat da guretzat. Guk politikoki oihartzuna eduki nahi dugu, eta ez goaz inora Gasteizko legebiltzarrean azken urtean onartu diren idatzien inguruan ez badago kritikarik.

Ze proposamenez ari zara?

Negoziazio kolektiboa, soldata arrakala eta lan osasuna landu dituzte, betiere azalean geratuz.

Itxurak egin dituztela diozu?

Bai. Eredu soziala erlatibizatu egin dute. Eskuin neoliberalak nagusitasuna dauka orain, eta gustura daude politika hori egiten, propaganda egiten. EAJ eta PSOE horretan aritzen dira.

EH Bilduri buruz ere ari zarela ulertu dut. Hark ere itxurak egiten ditu?

Ez dut hitz mingarririk erabili nahi; nahiago dut zer egiten duten azaldu.

Zer egiten dute?

Inolako edukirik ez duten idatzi horietan parte hartu, eta ezkerra oihartzunik gabe geratzen da. LABek ez badu hori salatu nahi, nola egingo da aliantza estrategikoa? Horregatik diot ezker politikoa joaten ari zaigula. Ezin gara ibili erlatibizatzen gure posizioak eskuin neoliberalaren aurrean.

EH Bildurekiko independentzia eskatzen ari zatzaizkio LABi?

Guk eskatu diogu LABi hori kritikatzea, eta ez da posible izan. Gurekin EH Bilduk ez du hitz egin horri buruz. Eta LABek ez dio interpelatu. 2017ko irailaren 4an ELAk eta LABek sinatu genuen agiriak garbi dio klase interesak defendatu behar ditugula, ikuspuntu abertzale batetik, noski. Ezker aliantzarako konpromisoak jasotzen ziren hor, eta hor jarraitzen dugu guk.

EH Bildu ezker politikotik aldendu dela diozu? Edo eskuinaren hainbat politika onartu dituela naziogintzan urrats batzuk egitearen truke?

Bi modu daude bideratzeko prozesu subiranista. Ezkerra eta burujabetasuna lotuz da lehena; Oriol Junqueras argi egiten ari da horren alde Katalunian. Oinarri soziala irabazita burujabetasunera joatea da. EAJk eta EH Bilduk adostu dutena da bestea: klase arteko modu baten bidez joatea burujabetasunerantz. Zilegi da hori adostea, baina guk ez dugu horretan sinesten.

Zergatik?

Urkulluk dio legebiltzarrean egiten den edozein akordiok Madrilen ez duela oztoporik izan behar. Baina badakigu oraingo inboluzioak hor jarraituko duela. Erantsi du, gainera, hondamendia litzatekeela EAJ eta EH Bildu ez beste alderdiren batzuk ez egotea akordioan. Alegia, ez diogu benetako borondatea ikusten.

Arnaldo Otegik esan du ELA beti dagoela mundu guztia kritikatzen, eta absurdoa dela lotzea estatutua erreformatzeko EAJren eta EH Bilduren ituna eta Jaurlaritzaren ustezko praktika antisindikalak. Ezkerraren zaindari bihurtzen ari da ELA?

EAJri eta EH Bilduri galdetzen diegu ea benetan maite gaituzten. Ea behar gaituzten. Burujabetzaren erronka oso potoloa da, eta haren aldekoak gutxi gara aurrean daukaguna kontuan hartuz. Argitu behar dute euskal sindikalismoak zer garrantzi duen alderdi abertzaleentzat. Euskal esparrua babesten dugu guk, eta hura joko arau demokratikorik gabe ez dago. Mahairatu duten bidea klase artekoa bada, abertzale guztiok sentitu behar dugu geure burua eroso bide horretan.

Zuek ez zaudete eroso, bistan denez.

Gu baztertzeko estrategia oso bat dago, eskumak bultzatua. Nola egongo gara eroso?

Muturreko konfrontazioan eroso zaudetela esaten dutenak ez dira gutxi. Eroso dabil ELA mendian?

Gu ez gaude mendian; gure jendea dago zorua ukitzen eta asko sufritzen. Grebak egitea ez da gustukoa izaten; horregatik nahi dugu LABekin batera aritu...

Oraindik ere LABekin aliantza baten aldekoak zarete? BaLABek ere aliantza hori nahi du...

Aurrena hauxe egin behar da [iazko irailean sindikatu biek sinatutako agiria erakusten du]. ELAk eta LABek gure posizioa finkatu behar dugu nagusitasun neoliberalaren aurrean, alderdiek zer egiten duten alde batera utzita. ELA ez da isilik geratuko gaizki aritzen direnean; ez gara epelkeriatan ibiliko, lehen esan dizut.

Abiatu dira hauteskunde sindikalak. Zer espero du ELAk?

Gure jendearentzat benetako autonomiaz dabilen sindikatu bat edukitzea benetako altxorra da. Eskumak ez du nahi gure ereduko sindikatu bat, eta eraso egiten digu. Baina 100.000 afiliatu gara, eta autonomiaz gabiltza gure posizioak finkatzen. Euskal langileentzat oinarrizkoa da ELA indartsu bat egotea.

Konfrontazio gogorraren ereduak emaitzekin segituko du?

Ez dago beste eredurik guretzat.

Ez dago erdibideko eredurik? Ez al da infernura ere jaitsi behar negoziatzera?

Zer eta norekin? Saiatuko gara Jaurlaritzarekin hitz egiten. Ez dute nahi. Greba gehien egiten den erkidegoan bizi gara. Sindikalismoak asmatu behar du narratiba baikorra egiten, hedabide askok narratiba ezkorra erosten baitute bakarrik. Argi dugu gauzak aldatzeko gai garela ordezkaritza handia dugun lekutan. Gure propagandarik onena ahoz aho izaten da langileen artean.

Mezu esajeratuak emateak ez al du zilegitasuna urratzen?

Esajeratuak? Hemen lapurreta zikin bat egon da, eta gero eta jende gehiago konturatzen ari da engainatu egin dutela.

Ezkerra joaten ari dela diozu, baina Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak esan du inork ez diola ezkerretik aurreratzen.

Galde diezaiola ezkerrari. Behar sozialekin negozioa egin nahi duenak zer esango du... eskandalu hutsa da.

Hasi al zarete Bizkaiko Ogasunari pagatzen erresistentzia kutxaren atxikipenak?

Legeak badio horrela egin behar dela, ez dugu arazorik, baina Bizkaiko zahar etxeen lan gatazka luzearen ondoren iritsi da eskaera, eta badakigu ez dela kasualitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.