Martxoan, enpresari talde batek Zedarriak foroa sortu zuen, egungo egoera ekonomikoari buruzko kezkak partekatzeko. Ordutik, ekinbide horri kezkaz begiratu diote EAJko agintariek, eta tonua gogortu egin da azken asteetan. Giroa baretze aldera, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria taldeko ordezkariekin bildu zen atzo, aurreneko aldiz jendaurrean.
Bileraren ostean ez zen agerraldirik egin, baina, aurretik, lehendakariak beste norbait jo zuen polemikaren erantzuletzat: alderdi politikoak eta komunikabideak. Ez zuen zehaztu zein, baina haiei leporatu zien Zedarriak-ek apirilean kaleratu zuen lehen txosteneko ondorioen «sasiko erabilera» egitea, euskal erakundeen eta, bereziki, Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko. «Argi dago alderdi politikoak dokumentu hori erabiltzen ari direla legebiltzarreko saioetan, eta komunikabide batzuk ere bai, iritzi artikuluetan eta editorialetan».
Zedarriak foroa arlo sozioekonomikoko hamalau pertsona ezagunek aurkeztu zuten. Besteak beste, hauek: Anton Pradera CIE Automotiveko presidenteak; Ignacio Martin Repsol, Indra eta Acerinoxeko kontseilariak; Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidenteak; Cristina Garmendia Espainiako Zientzia eta Berrikuntza ministro ohiak; eta Pedro Luis Uriarte Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoak. Aurreneko hirurak izan ziren atzoko bileran.
Asteotako eztabaiden iturri nagusia apirileko txostena izan da. Azterketaren ondorio nagusia da «Euskadiko ekonomiak» pisua galdu duela «Espainian eta Europako eskualderik dinamikoenetan». Foroko kideak kezkatuta azaldu dira, halaber, enpresen erabakiguneak deslokalizatzeko joeragatik, eta agintari politikoen erantzukizuna ere aipatu dute; uste dute «aurrerapen ekonomikoak eta aberastasunaren sorrerak» izan behar dutela haien «diskurtsoen eta lehentasunen ardatza».
Jeltzaleek ez dute inoiz zuzenean jo txostenaren egileen aurka, baina agertu dute ez dituztela atsegin hor azaltzen diren ondorioak. Enpresaburuen artean, denetarik egon da: Confebask patronaleko presidente Eduardo Zubiaurrek adierazi zuen bat zetorrela diagnosiarekin. Cebek Bizkaiko patronala, berriz, ez zen bat etorri ondorio horiekin. Foroko kideen artean ere egon dira desadostasunak. Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak taldea utzi zuen, txostena nola «erabiltzen» ari ziren ikusita. Elena Zarraga LKS Next aholkularitzako buruak erabaki bera hartu zuen.
Urkulluk azaldu zuenez, atzoko bilera Zedarriak-ek eskatu zuen, eta jakinarazi zuen aurretik ere elkartu direla, «erabateko normaltasun giroan, eta haien kezkak kontuan hartuta». Urkulluren arabera, asmoa zen Zedarriak-en iritziak eta Jaurlaritzaren lana alderatzea, «adierazle ebaluagarrietan oinarrituta». Ez zuen baloratu nahi izan txostenaren edukia, metodologia eta diagnosia, baina azpimarratu zuen borondatea duela aurrera begira haiekin elkarlanean aritzeko. «Ez da ezer anormalik gertatu».
Urkulluk Zedarriak-en txostenaren «erabilera politikoa» salatu du
Lehendakariak adierazi du eragile batzuk Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko erabiltzen ari direla dokumentua. Foroko kideekin bildu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu