Hilaren 30eko greba orokorraren deitzaileek Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuaren lehendakarien erantzunak nahi zituzten, eta lortu dituzte. Iñigo Urkullu mintzatu da irmoen: mobilizazioaren aurka azaldu da, eta adierazi du deitzaileekin biltzea ez duela beharrezkoa ikusten. Maria Txibitek, ordea, baiezkoa eman dio sindikatuekin hitz egiteari —hilaren 27an bilduko dira—, baina kortesia keinu gisa, bere alderdia mobilizazioaren aurka azaldu baita.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitu du grebara; horien artean. ELA eta LAB sindikatuek eman zuten bi lehendakarien erantzunen berri, ostiral eguerdian; ordu batzuk geroago, albiste agentzia batek zabaldu zituen Urkulluren erantzunaren edukiak.
Batzuk eta besteak gutunen bidez komunikatu dira, bai biltzeko gonbidapenak egiteko, bai erantzunetan. Grebaren deitzaileek hainbat eragile interpelatu dituzte azken egunetan, eta, besteak beste, Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Lander Martinez eta UGT eta CCOOko buruak aurka azaldu dira. Lehendakariei eta patronaletako elkarteei ere zuzendu dizkiete mezuak, oso gutxitan mintzatu baitira mobilizazioari buruz.
Hori zen Urkulluren kasua, eta, bere erantzunean, beste batzuetan esandakoa berretsi du: alegia, bere gobernuak ez duela eskumenik grebarako aldarri diren alorretan, Espainiako Gobernuarenak direla. Horrekin batera, Urkulluk azpimarratu du greba orokorrak, «egiazki», ekonomiaren eta herritarren bizitzaren bilakaera normalari kaltea baino ez diola eragingo. Horiek hala, grebaren inguruan «hausnarketa kritiko bat» egiteko eskatu die sindikatuei. Bilerari uko egiteko zergatia ere eman du: sindikatuek deialdia dagoeneko aurkeztu dutela eta ez duela uste elkartzeak ezer konponduko duenik.
ELA eta LABen arabera, Urkulluk, haiekin ez biltzeko erabakiarekin, «beste behin» agerian utzi du «noren alboan» dagoen. «Prekaritatea bultzatzen ari den patronalarekin gauza askotan dator bat; patronalari alfonbra gorria jartzen dio, baina ez du bildu nahi prekaritatea eta pobrezia amaitzeko proposamenak egiten dituen gehiengo sindikalarekin eta sozialarekin». Grebaren aurka egotea zilegi dela onartu dute, baina iritzi diote Urkulluren jarrera kontraesanezkoa dela. «Lehendakariak goraipatu egin ohi du elkarrizketa, baina halakorik ez da gauzatzen politika publikoen aldaketa eskatzen dugun eragile sozialekin».
«Kontraesanak»
Greba deialdiaren aldarrikapenei erantzun die Urkulluk. Pentsioen sistema publikoari buruz, berretsi du Madrilgo gobernuaren eskumen esklusiboa dela eta Espainiako Kongresua dela horri buruz eztabaidatzeko esparrua. Horrekin lotuta, adierazi du bere gobernuak «behin eta berriz» eskatu diola Madrili Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentzia, Gernikako Estatutuan jasotzen den moduan, baina «ezinezkoa» izan dela hori. «Eskatzen jarraituko dugu».
Lan baldintzei buruz, adierazi du hori ere «hein handi batean» Espainian adosten den legediaren menpe dagoela. PPren gobernuaren lan erreformaz, berriz, esan du Jaurlaritza eta hura osatzen duten alderdiak ez dutela babesten, eta Kongresuari dagokiola hori indargabetzea. Lan harremanetako euskal esparruaz, berriz, zehaztu du bera horren alde azaldu dela «behin eta berriz», eta ELA eta LABi leporatu die «antzeko foroei» uko egitea —Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari eta Lan Harremanen Kontseiluari, adibidez—; Urkullurentzat, «kontraesana» da hori.
Menpekotasun politikez, adierazi du oinarrizko araudia Madrilgo parlamentuak zehazten duela, eta Eusko Jaurlaritzak alor horretan egin duena «ingurukoek» egin dutenaren gainetik dagoela. Eta etxebizitza eskubideaz, Urkulluk gogorarazi die eskubide subjektibo gisa onartu zutela bere gobernua sostengatzen duten bi alderdiek.