Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko harremanak normalizatzeko eskatu dio LAB sindikatuak Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Gobernuak azken urteetan sindikatuekin izan duen «mespretxuzko jarrera» kritikatu du, eta «beste garai bati» ekiteko eskatu. Eskaerari lotuta, sindikatuak iritzi dio Jaurlaritzak orain aukera ona duela aldaketa borondate hori erakusteko, Osakidetzaren inguruko herri itunaren bitartez. Horretarako, baina, «osasun publikoaren defentsan aritu diren eragileak entzunez hasi beharko luke».
Eragile sozialekin egiten ari den bilera sortaren barruan hartu ditu Pradales lehendakariak Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Xabier Ugartemendia zerbitzu publikoetako sindikatuetako arduraduna. LABeko zuzendaritza eta lehendakaria 2022ko azaroan bildu ziren azkenekoz. Gaur, berriz, Pradalesi eskatu diote «bileretara mugatuko ez den aldaketa bat» gauzatzeko, eta «sindikatuen aurkako» iraganeko jarrerak aldatzeko.
«[Jaurlaritzak] Osakidetza hobetzeko herri ituna egin nahi badu, osasun publikoaren defentsan aritu diren eragileak entzunez hasi beharko luke horretan»
GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzaile orokorra
LABek esana zuen zer eskaera egingo zizkion lehendakariari, eta gidoiari eutsi dio. Langileen bizi baldintzak hobetzeko politikak egiteko eskatu dizkio: besteak beste, 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eta etxeko langileei negoziazio kolektiborako eskubidearen aitortzeko. Halaber, zerbitzu publikoak indartzea eta erronka industrialei aurre egiteko trantsizio ekosoziala sustatzea nahi du sindikatuak. Euskal lan esparru propioa ere jarri du ekarri du hizpidera LABek: «Langileen lan eta bizi baldintzak hemen erabaki ahal izateko marko juridiko-politiko propio bat behar dugu, estatuaren esku hartzeak amaitzeko».
Osakidetzaz, luze
Osakidetzaren egoerak tarte berezia izan du bileran, eta LABek Pradalesi esan dio egungo arazoak ez zirela pandemian sortu, aurretik ere bazeudela, eta «osasun sistema publikoaren alde nahikorik ez egitearen ondorio argia» direla. Aranburuk nabarmendu du «norabide aldaketa sakona» behar dela egoera aldatzeko: «Inbertsioak handitu behar dira, pribatizazioak amaitu, trikimailuak alboratu, lehen arreta indartu, eta langileen egonkortasuna hobetu».
Jaurlaritzak Osakidetzaren inguruko herri itun bat egin nahi du, eta, hain zuzen, Aranburuk esan dio horretarako ezinbestekoa dela eragileak entzutea, izan sindikatuak edo izan plataformak. Ohartarazi dio egun langileak ari direla osasun sistema publikoari eusten, haiei esker dagoela «bizirik», eta haien bitartez jasotzen dutela egoeraren larritasunaren berri. Halaber, nabarmendu du 2009az geroztik ez dela berritu Osakidetzako lan ituna.
Elkarrizketa sozialeko mahaitik kanpo
LABek adierazi du prest dagoela langileei eragiten dieten eztabaidetan parte hartzeko, baita ekarpenak egiteko eta ados jartzen saiatzeko ere. Hori bai, Pradalesi berretsi dio ez duela parte hartuko elkarrizketa sozialeko mahaian. «Besteak beste, mahai hori ez delako adostua, gutxiengoak osatzen duelako [ELAk eta LABek ez dute parte hartzen], eta antidemokratikoa delako».
Duela bi urte, Jaurlaritzaren menpeko hainbat mahaitan sartzea erabaki zuen LABek: Osalanen, Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean... Elkarrizketa sozialaren mahaia, baina, marra gorri gisa jarri izan du LABek, eta argi utzi du hori ez dela aldatuko Jaurlaritza berriarekin. Horrez gain, Pradalesi eskatu diote ez dadila aritu langileei bizkar emanda eta beti patronalaren alde.