Jaurlaritzak «urgentziazko» konpromiso zerrenda bat adostu du nekazariekin

Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzen ordainketak aurreratuko ditu gobernuak. Hiru hilean behin bilduko dira, hartutako neurrien bilakaera ebaluatzeko eta estrategiak doitzeko.

Nekazarien protesta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen. L. RICO / EFE
Nekazarien protesta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen. L.RICO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 8a
17:10
Entzun

Hauteskunde egutegiak eta sektorearen presioak bultzatuta, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak «epe laburreko txoke neurri batzuk» adostu ditu nekazarien sindikatuetako ordezkariekin. Tapia UAGA, Gipuzkoako EHNE, Bizkaiko EHNE eta ENBArekin bildu da gaur Neiker zentro teknologikoaren egoitzan, Derion (Bizkaia). Aurretik, erakunde horiek beren dekalogoak aurkeztu zizkioten Jaurlaritzari.

Sektorean mobilizazioak hasi zituztenetik, Jaurlaritzak lehenengo aldiz bere egin ditu eskaeretako batzuk. Negoziatzen jarraitzeko asmoa agertu dute bi aldeek; hiru hilean behin bilduko dira, hartutako neurrien bilakaera ebaluatzeko eta estrategiak doitzeko.

Gaurko bileraren atarian, traktoreak Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean batu ziren asteartetik ostegunera, Gasteizen, UAGAk deituta. Sindikatu horren arabera, Jaurlaritzak proposatutako neurriak «asmoen adierazpen bat» dira, eta nabarmendu du denbora behar dutela gauzatu ahal izateko. «Ez da ahaztu behar apirilean hauteskundeak izango direla, eta, beraz, gehienez ere, gobernu honek hiru hilabete iraungo duela; proposamen horietako asko aurrera egin gabe gera daitezke».

Hona hemen Jaurlaritzaren konpromisoak:

Araudiak egokitzea

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari eskatuko die nekazaritza jarduerarekin loturiko araudiak «eskualdeetako errealitateetara» egokitzeko, «malguago» ezar daitezen eta laguntzen kudeaketan burokrazia murriztu dadin. Halaber, beste herrialdeetako ekoizpenei Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpenei aplikatzen zaien araudi bera ezartzeko eskatuko du.

Laguntzen kudeaketa

Jaurlaritzak EBren NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzen ordainketak aurreratuko ditu, «indarrean dagoen araudiak baimentzen duen gehieneko neurrian»; aurrerapen horiek egin ahal izateko hitzarmenak bultzatuko ditu finantza erakundeekin. Horrekin batera, lehen sektoreko profesionalekin dituen harremanetan aurrez aurreko harremana lehenetsiko du.

Elikadura Katearen Legea

Araudi hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «eraginkortasunez» betetzen dela bermatuko du. Konpromisoa hartu du, halaber, «epe laburrean» zerrenda horretan produktu gehiago sartzeko, eraldatuak barne, eta gutxieneko prezioak ezartzerako orduan eskulanaren kalkulu berri bat egiteko. Horrekin batera, legea betetzen dela ziurtatzeko ikuskapenak areagotuko ditu eta sentsibilizazio kanpainak egingo ditu.

Nekazaritza lurrak

Nekazaritzarako balio estrategiko handia duen lurzorua defendatuko du Jaurlaritzak. Mahai bat sortuko du energia berriztagarrien ezarpena lur horietan duen inpaktua aztertzeko.

Biodibertsitatea eta ura

Nekazariek eta abeltzainek biodibertsitatea zaintzeko egiten duten lana aitortzeko neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak. Otsoa espezie mehatxatuen katalogotik kanpo uzteko eskatuko du. Halaber, ur kanonaren ordainketan moratoria bat ezarriko du 2024ko abenduaren 31ra arte, eta 2025etik aurrera %90eko hobaria izango du. Lan mahai bat osatuko du, besteak beste, nekazariek ibaien garbiketan aritu ahal izateko aukera aztertzeko.

Belaunaldi berriak

Gazteak nekazaritza sektorera erakartzeko diru laguntzak handituko ditu Jaurlaritzak eta lurrerako sarbidea erraztuko du. Era berean, haurdunentzako eta edoskitzaroko ordezkapen zerbitzu bat sortzea aztertuko du.

Ezohiko laguntzak

Krisi edo aurreikusi gabeko egoeretarako diru laguntzak eta neurriak zehaztuko ditu Jaurlaritzak. 2024an mahastigintzarako laguntzak berrikusiko ditu; mahats-bilketa berdearenak, destilaziokoak, eta beste batzuk.

Tokiko produktuak

Tokiko elikagaien erosketa sustatzeko eta bermatzeko araudi bat bultzatuko du Jaurlaritzak, besteak beste, jantoki kolektiboetan gehiago kontsumitu daitezen. Halaber, hitzarmen bat egingo du udalekin azoketako azpiegiturak eta lan baldintzak hobetzeko.

Aseguruak

Nekazaritzako aseguruen arloko eskumena transferitzea eskatuko du Jaurlaritzak, eta lan mahai bat osatuko du egungo estaldurak eta polizak berrikusteko.

Teknologia

Praktika iraunkorrak sustatzeko, produktibitatea hobetzeko eta nekazaritzako langileen bizi kalitatea hobetzeko teknologia berrien inguruko prestakuntza eta baliabide gehiago eskainiko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.