Izen kuriosoak jartzen dizkiete gero militarren operazioei.
Bai, baina, oraingo honetan, ez dut uste izen ofiziala denik. Urdaiazpiko operazioa da, Italiako armadaren hurrengo lana delako Parmako urdaiazpikoaren industria salbatzen saiatzea.
Zer egin behar dute, Baionako xingarra edo iberikoak erosten dutenak fusilatu?
Kar, kar. Zuk badaezpada ez eman ideiarik. Baina, ez: tiroak basurdeak akabatzeko dira.
Eta zer ikusia dute basurdeek Parmako urdaiazpikoarekin?
Italia 2022tik ari da borrokan Afrikako txerri izurriarekin. Haren birusak ez du arriskurik gizakientzat, baina aldaera batzuek txerri kutsatuen %100 ere hiltzen dituzte. Joan den irailean, 34.000 txerri sakrifikatu zituzten Lombardian, baina ez zuten izurriaren hedapena eten, birusa artean ere basurdeen bitartez zabaldu zelako. Horregatik, aste honetan, Giorgia Meloniren gobernuak erabaki du 177 soldaduko talde bat jartzea hurrengo bost urteetan basurde kopurua %80 txikitzeko. «Txerri izurriak produkzio kate osoak jartzen dit arriskuan, ez soilik txerri etxaldeak, eta milaka txerri akabatu behar izateko arriskua dakar. Tinko jokatuko dugu osasun arazo bati erantzuteko, litekeena baita arazo ekonomiko eta soziala bihurtzea», justifikatu du Francesco Lollobrigida Nekazaritza ministroak.
Funtzionatuko al du?
Txerrikiaren industriak txalotu egin du erabakia, baina talde ekologistek esan dute neurria ez dela eraginkorra izango, eta hobe litzatekeela zaborraren tratamendua hobetzea, hirietako kanpoaldean pilatutakoa elikagai preziatua bilakatu delako basurdeentzat. Aurreko gertakariek ere ez dute asko argitzen: Frantziak ere militarrak bidali zituen 2019an Belgikarekin dituen mugak kontrolatzera, eta leku batzuetan hesiak ere jarri zituzten, animalia kutsatuen bidea trabatzeko. Politika horrek kasuak gutxitu zituen, baina ez zituen desagerrarazi.
Parmako urdaiazpikoaren industria handia al da?
Urdaiazpikoaren eta lukainkaren industriak 8.200 milioi euroren fakturazioa izan zuen iaz Italia osoan, eta 50.000 langile enplegatzen ditu. Salmenten zati handi bat esportaziotik dator, baina hasi dira lehen arazoak: herrialde batzuek jada debekatu dute Italiako txerrikiak inportatzea. Izan ere, txerri izurriaren birusa gai da urdaiazpikoan eta saltxitxetan irauteko.
Basurde asko al dago Italian?
XIX. mendearen amaieran desagertzear izan ziren Italiako penintsulatik, baina 1950ean berriro sartu zituzten, eta bizkor hedatu ziren, ezin baitziren ehizatu. Uste denez, gaur egun 1,5 milioi basurde daude.