Petrolioa, artoa, urrea... Horien eta beste lehengai ugariren prezioak balore burtsen antzeko araudiak dituzten lehengaien merkatuetan finkatzen dira. Zerrenda horretara beste bat batu da gaur: ura. Hala, uraren gerokoak, hau da, etorkizunerako inbertsioak, Wall Streeten merkaturatu dira, lehengaiak jasan dezakeen eskasiaren beldur. CME taldeak Kaliforniako uraren kontaketarekin lotutako kontratuak jaurti ditu, 1.100 milioi dolarreko balioarekin. Konpainiaren arabera, uraren kudeaketak dakartzan arriskuei aurre egiten eta eskaintza eta eskaria lerrokatzen lagunduko du.
Halako kontratuak merkatura zabaltzen diren lehen aldia da AEBetan. Irailean eman zuten erabakiaren berri, eta beroak eta suteek herrialdeko mendebaldeko kostan utzitako ondorio larriak dira arrazoia; batez ere, Kalifornian eragindakoak.
Gerorako kontratuek ez dute ura fisikoki entregatzeko beharra adierazten, kontratuak finantzarioak baitira, Kaliforniako bost arro nagusien asteko batez besteko prezioaren arabera finkatuko direnak. Horretarako, Nasdaq Veles California Water (NQH2O) indizea erabiliko dute. Hala, gaur, 1.233 metro kubikoren balioa 400,82 eurokoa zen. Prezio hori duela urtebete ezarrita zegoenaren bikoitza da, eta eskasiak igoera hori areagotzea espero dute.
Bloomberg aldizkariaren arabera, «prezioen igoeraren aurrean», Kaliforniako uraren kontsumitzaile nagusientzat «babes» gisa funtzionatuko du erabakiak, baita lehengaiaren «eskasiaren» adierazle gisa ere. Izan ere, CME taldearen arabera, etorkizunean urak izango duen prezioa finkatzeko aukera emango du, merkatuko aktore nagusien estimazioak kontuan hartuz.
CME taldeak ez du adierazi, ordea, merkatuan parte hartuko duten kideak zein izango diren, baina bai gaiak nekazaritza eta abeltzaintza alorreko enpresen interesa piztu duela, baita hainbat enpresa publikorena ere; tartean, Kaliforniako uraren agentzia eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten hainbat enpresa. Hala, enpresek eta funts pribatuek uraren prezioaren aurrean babesteko aukera izango dute, baina baita harekin espekulatzekoa ere.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2.000 milioi lagun ura lortzeko arazo larriak dituzten herrialdeetan bizi dira, eta datozen urteetan Lurreko herritarren bi herenek izan ditzakete lehengai hori eskuratzeko arazoak. Eskasiaren arrazoi nagusiak, gehiegizko kontsumoa eta klima aldaketa dira, erakunde haren esanetan.