Petrolioa, artoa, urrea... Horien eta beste lehengai ugariren prezioak balore burtsen antzeko araudiak dituzten lehengaien merkatuetan finkatzen dira. Zerrenda horretara beste bat batu da orain: ura. Hala, uraren gerokoak, hau da, etorkizunerako inbertsioak, Wall Streeten merkaturatu ziren herenegun lehen aldiz, lehengaiak jasan dezakeen eskasiaren beldur. CME taldeak Kaliforniako uraren kontaketarekin lotutako kontratuak jaurti ditu, 1.100 milioi dolarren balioarekin. Konpainiaren arabera, uraren kudeaketak dakartzan arriskuei aurre egiten eta eskaintza eta eskaria lerrokatzen lagunduko du.
Halako kontratuak merkatura zabaltzen diren lehen aldia da AEBetan. Irailean eman zuten erabakiaren berri, eta beroak eta suteek herrialde hartako mendebaldeko kostan utzitako ondorio larriak dira arrazoia; batez ere, Kalifornian eragindakoak.
Gerorako kontratuek ez dute adierazten ura fisikoki entregatzeko beharra, kontratuak finantzarioak baitira, Kaliforniako bost arro nagusien asteko batez besteko prezioaren arabera finkatuko direnak. Horretarako, Nasdaq Veles California Water (NQH2O) indizea erabiliko dute. Hala, gaur, 1.233 metro kubikoren balioa 400,82 euro zen. Prezio hori duela urtebete ezarrita zegoenaren bikoitza da, eta eskasiak igoera hori areagotzea espero dute.
Bloomberg aldizkariaren arabera, «prezioen igoera ikusirik», Kaliforniako uraren kontsumitzaile nagusientzat «babes» gisa funtzionatuko du erabakiak, baita lehengaiaren «eskasiaren» adierazle gisa ere. Izan ere, CME taldearen arabera, etorkizunean urak izango duen prezioa finkatzeko aukera emango du, merkatuko aktore nagusien kalkuluakkontuan hartuz.
CME taldeak ez du adierazi, ordea, zein izango diren merkatuan parte hartuko duten kideak, baina bai gaiak nekazaritza eta abeltzaintza alorreko enpresen interesa piztu duela, baita hainbat enpresa publikorena ere; tartean, Kaliforniako uraren agentzia eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten hainbat enpresa. Hala, enpresek eta funts pribatuek uraren prezioari aurre egiteko aukera izango dute, baina baita harekin espekulatzekoa ere.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2.000 milioi lagun ura lortzeko arazo larriak dituzten herrialdeetan bizi dira, eta, datozen urteetan, Lurreko herritarren bi herenek arazoak izan ditzakete lehengai hori eskuratzeko. Eskasiaren arrazoi nagusiak, gehiegizko kontsumoa eta klima aldaketa dira, erakunde haren esanetan.
Etorkizunean, gainera, ur horniduraren arazoa areagotu egingo dela iragarri du Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC). Hark egindako proiekzioen arabera, ur baliabideak %10-30 gutxituko dira munduko erdiko eta beheko latitudeetan, hau da, gehien pobreturiko herrialdeetan.
Multinazionalen agendan
Egoera hori ikusirik, hainbat enpresa handi negozioa egiten ari dira, jadanik, ur baliabideak pribatizatuz eta salduz. AEBetan, Pico Holdins enpresak baliabide hidrikoen 54 hektarea erosiak ditu Nevada, Arizona eta Colorado AEBetako estatuetan. Iaz hil zen T. Boone Pickens magnatea, eta haren enpresak 100 milioi dolar inbertitu zituen Texasko ur baliabideak erosteko. Ur hori, tutu baten bidez, Dallas hiriraino eramateko asmoa du, 400 kilometroko lotura baten bidez.
Coca-Cola, Veolia, Suez Environment, BHP Billinton, Unitech eta antzeko multinazionalek ere negozioak ireki dituzte uraren sektorean, eta, Txilen adibidez—ur baliabideak pribatizatuta daude han—, negozioak dituzte Espainiako Endesa eta Sacyr enpresek.
Uraren prezioa merkatuen esku
Lehengaien merkatuan finkatuko da Kaliforniako uraren prezioa. Halako kontratuak merkaturatzen diren lehen aldia da AEBetan. Prezioekin espekulatu ahal izango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu