Uraren kudeaketa

Ura, ekonomiaren zainetan

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ZSOLT SZIGETVARY / EFE.
Irune Lasa.
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Orain aste gutxi Volkswagenen Landabengo (Iruñea) lantegiak harro jakinarazi zuen nola Iruñekoa izan zen iaz automobilgintza taldearen fabrika guztietatik —Txinakoak kenduta— ur gutxiena erabili zuena bere ekoizpenean: 0,96 metro kubo ur izan ziren autoko (96.000 litro), 2010. urtean erabili baino %34,3 gutxiago.

Ikusi gehiago:JATEN DUGUN LURRA

Multinazionaleko fabriken artean dagoen lehiaz gain, datuak bi gauza erakusten ditu: batetik, uraren inguruko kopuruek gero eta garrantzi handiagoa dutela sektore ekonomiko guztietan, eta, bestetik, uraren erabilera eraginkorrak pisua duela lehiakortasunean.

Munduan erabiltzen den ur guztiaren %70 inguru hartzen dute nekazaritzak eta abeltzaintzak. Industriari lotuta doa ur erabileraren beste %20 bat eta gainerako %10 da etxebizitzetan erabiltzen dena. Baina soilik iturri naturaletatik hartutako urak hartzen badira kontuan, hots, aintzira, akuifero, ibai, erreka eta iturrietatik hartutakoak —ur urdina ere deiturikoa—, eta beraz euri ura albora utziz, energiaren eta industriaren pisua handiagoa da erabilpenean.

ENERGIA

Europan, esaterako, 2017an jarduera ekonomikorako erabilitako ur urdinaren %58,3 hartzen zuten nekazaritzak eta abeltzaintzak, Europako Ingurumen Agentziaren arabera. Eta energiak eta industriak erabiltzen dute ur urdinaren %28,8 bat; %18,2 energiak eta %10,6 meatzaritzak, industriak eta eraikuntzak.

Izan ere, energiaren sektorea eta uraren erabilera elkarrekin doaz. Energia sortzeak ur asko behar du, eta ur erabiltzaile handiak dira gasezko eta ikatzezko zentral termikoak. Eta nahiz eta haize errotek eta plaka fotovoltaikoek ur gutxi kontsumitu, isuri gutxiagoko energia berriagoek ez dute zertan ur kontsumo txikiagoa ekarri; horren erakusle dira aztarna hidriko handiak dituzten bioerregaiak, zentral nuklearrak edota elektrolisi bidez sortutako hidrogeno berdea. IEA Nazioarteko Agentziak berak dio oso adi ibili beharko dela energia garbiagoen hedapenak ez dezan handitu ur kontsumoa, behin erabilita gero gehiago erabiliko ez den ur kopurua.

Horri lotuta, isuririk gabeko energia hidroelektrikoa helduleku garrantzitsua da herrialde askoren deskarbonizazio asmoetarako, baina urtegiak zaurgarriak dira klima inpaktuei dagokienez, hala nola Afrikan eta Indian. Ur beroegia ere ez da baliagarria zentral nuklearrentzat, eta, uraren eta energiaren arteko elkarrekiko lotura horretan, ezin ahaztu ere ura gatzgabetzeko ere energia behar dela.

AUTOMOBILGINTZA

Automobil baten ekoizpenean ere, prozesuaren une guztietan behar da ur asko, nahiz eta azken urteetan sektorean aurrerapen handia izan den, ezinbestez, uraren erabilera eraginkorrean. Oraindik ere, automobilgileek ur asko erabiltzen dute galdaretan, hozte dorreetan, metal akaberatarako eta pintatzeko ere.

Uraren garrantzi horren erakusle da ura izan zela Alemanian Teslaren Giga Berlin fabrika ezartzeko oztoporik handienetako bat. Fabrika hartzen duen tokiko ingurumen aktibistek kanpaina sendoa egin zuten, azalduz nola lur azpiko ur erabilgarri gero eta gutxiago duen, eta azken urteetan lehorteak izan dituen eremuan Teslaren lantegiak behar duen ur kopuruak arriskuan jar zezakeela biztanleentzako ur edangarria. Elon Muskek barre egin zuen hortaz galdetu ziotenean. Eta, azkenean, auzitegiek fabrika egitea baimendu zuten.

Fabrika oraindik ez da ari aurreikusitako ekoizpen erritmoan (milioi erdi auto urteko), baina jada eskatu ditu baimenak urtean milioi bat egiteko. Eta zehaztu behar izan du ez duela aurrez pentsatutakoa baino ur gehiago beharko. Adituen arabera, Teslak hondakin urak erabiliko ditu. 

MEATZARITZA

Ur kontsumitzaile handia den beste sektore bat meatzaritza da. Meatzea minerala dagoen tokian egotera behartuta dago, eta, meategi batzuk ur eskasiarik gabeko tokietan badaude ere, gertatzen da meategiak Australia erdialdean, Txileko Andeetan eta antzeko toki lehorretan egotea. Eta horrek eragina dauka tokiko uren erabileran, baita negozioaren zaurgarritasunean ere. McKinsey aholkularitzaren arabera, gaur egun kobre, urre, burdin mea eta zink ekoizpenaren %30etik %50era dago ur estres handiko eremuetan. 

Bestalde, ur kutsatzaile handia ere bada meatzaritza. Kontaezinak dira meategiek lur eta ibaietan egindako kalteak, azken urteetan batez ere garabidean diren herrialdeetan. Kongon, Angolan, Indonesian, Brasilen, Egipton, Kanadan...

PAPERGINTZA

Zelulosa eta paper fabrikak beti ezarri dira ibai eta aintziren ondoan. Oraindik ere, paper fabrika gehienek erreketatik hartzen dute ura (%69k Espainian). Behar dute, egurretik edota birziklatzeko paperetik zelulosa zuntzak bereizteko, zelulosa pasta egiteko eta hura eramateko paper bihurtzeko makineriatik. 2010ean neurtu zuten paperaren aztarna hidrikoa: zuhaitzak hazteko behar duenetik bide guztian beharrezko ur guztia kontuan hartuz, eta paper birziklatuaren erabilera gorabehera, A4 folio bat egiteko 2 eta 13 litro ur artean behar dira. 

TURISMOA

Beharbada, ez da hainbeste azpimarratzen, baina turismoarentzat ere garrantzitsua da ura. Jatekoa, dutxak, izara eta eskuohialen garbiketa, aire girotua, igerilekuak, lorategiak, eta maiz, golf zelaiak ere. Nahiz eta askotan ur askorik ez duten eremuetan ezarri, turismoaren industriak ere ur kopuru handiak erabiltzen ditu, eta presio handia eragiten du munduko hainbat tokitan, hala nola Espainia hegoaldean, Gambian, Balin eta Hawaiin. 

DATU ZENTROAK

Googlen bilaketa bat egiteak edota Youtuben bideo bat ikusteak ere ura behar du. Teknologia berriek ez dute zertan jasangarriak izan, eta horren erakusle da datu zentroek behar dituzten ur kopuruak, gau eta egun lanean ari diren ordenagailuez jositako nabeak hozteko. Horregatik, jada hasi ari dira itsaso azpian funtziona dezaketen datu zentroak garatzen. 

Dgtl Infra aholkularitzak egin du azterketaren arabera, datu zentro batek batez beste 24,9 milioi litro erabiltzen ditu urteko. Baina gero hiperzentroak deiturikoak daude, Amazon, Google, Meta eta antzeko zentro erraldoiak, egunean 1,7 milioi litro ere erabili behar izaten dutenak, hots, urtean 622 milioi litro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.