Batzuek handik bultzatu dute, beste batzuek hemendik, eta azkenean lortu dute gordailuen hesola mugitzea. Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak eta Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak presio egin ondoren, Espainiako sistemako bankuak hasiak dira interes handiagoa eskaintzen beren bezeroen gordailuen truke. Hori bai, maileguengatik eskatzen duten interesaren azpitik daude.
Ezohikoa bada ere, Eusko Jaurlaritzako bi sailburuk ere eskatu diete bankuei eskuzabalagoak izateko: Javier Hurtado Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Pedro Azpiazu Ekonomiakoak. Gasteizko gobernuak ez du eskumenik esparru horretan, baina interpreta daiteke neurri batean Kutxabanki eta Laboral Kutxari egin dietela erregua, ikusita bien artean merkatu kuota handia dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta berehala iritsi da Laboral Kutxaren erantzuna, nahiz eta haren iturriek esan duten ez dutela sentitu «inolako presio instituzionalik». «Aurrezkiaren ordainsaria normaltzeko» gogoak eraman ditu bere eskaintza orain hobetzera.
Ostiraletik hasita, Laboral Kutxara gordailu bat kontratatzera doazenei %2,25eko interesa eskainiko die erakundearekin oinarrizko lotura badute —pentsioa edo soldata helbideratuta izatea—; interesa %2,75era irits daiteke finantza produktu gehiago kontratatuz gero. Orain arte haien webgunean agertzen zen eskaintzan, interesak %1,6ra iristen ziren.
Nolanahi ere, Mondragon taldeko kreditu kooperatibak argi utzi nahi izan du azken hilabeteetan aritu dela gordailuen interesa «modu mailakatuan» handitzen, eta uztailean sinatutako gordailuetan %1,7ko interesa eman dutela. Hilabete horretan, martxoan halako hiru gordailu eman zituzten.
Aste honetan hobetu du eskaintza Nafarroan bezero gehien duen erakundeak ere, Caixabankek: %2ko intereseko gordailua eskaintzen ari da 5.000 eurotik gorako gordailuentzat, betiere baldintza batzuk betez gero. Caixabankena «mugimendu lotsatia» dela salatu du Asufin kontsumitzaile elkarteak: «Deigarria da Espainiako beste erakunde batzuek, Santanderrek eta BBVAk, %5eko gordailuak eskaintzea Erresuma Batuan eta Italian».
Nafarroako bertako entitate batek, Nafarroako Rural Kutxak, %1,96ko interesa eskaintzen du bere webgunean, hemezortzi hilabeteko gordailu baten truke: %1,5 lehen seihilekoan, %1,75 bigarrenean, eta %2,5 hirugarrenean.
Kutxabankek, berriz, azaldu du ez duela oraingoz eskaintza orokorrik egingo. BBK, Kutxa eta Vital fundazioen bankuaren webgunean, gordailu hitza aurkitzerik ez dago. Epe laburreko aurrezkirako kontu korronteak eskaintzen ditu, eta hortik aurrera kudeatzailearekin harremanetan jartzeko aholkatzen du. Izan ere, Kutxabankek «aurrezkiaren kudeaketa pertsonala» hobetsi du, «bezeroek helburu eta epe desberdinak dituztelako. Ez da gauza bera gazte bat, adineko bat...». Bulegoetara joaten diren bezero batzuek gordailuak kontratatzen dituzte, baina Kutxabankek nabarmendu nahi du gordailuak ez direla aurrezkiari etekina ateratzeko modu bakarra. «Eskaintza zabalagoa da. Inbertsio funtsak daude, zorroak, etxebizitza kontuak...». Inbertsio funtsen aldeko apustu garbia egin du Kutxabankek azken urteetan; epe ertainera gordailuak baino errentagarriagoak direla ziurtatu du, eta zerga aldetik ere abantailak eskaintzen dituztela.
Likidezia ez da arazo
Gordailuen aipamenik ez da ageri Bankoa-Abancaren webgunean, ezta Sabadell-Guipuzcoanoren orrietan ere, eta BBVArenean pixka bat arakatu behar da %0,65eko interes txikia soilik eskaintzen duen gordailu bat aurkitu ahal izateko.
Gordailuen interes apalaren arrazoia zera da: bankuek ez dute premiarik aurrezki gehiago jasotzeko. Ez, behintzat, horrek kostu bat ekartzen badie. «Beharrik ez daukagu. Gaur egun, Laboral Kutxak likidezia posizio oso lasaia du, %67,1ekoa baita LTD ratioa (maileguak, gordailuekiko)». Kutxabankek ere ez du arazorik alde horretatik, eta gogorarazi du EBZk erraztutako likidezia itzuli behar izateak (LTRO eta TLTRO deitutakoa)ez duela problemarik sortu sektorean.
Ez zen gauza bera gertatu 2008an: orduan, beste finantzaketa iturriak itxi zirenean, bezero arrantzara atera ziren bankuak, eta horretarako amua interes tasa handiak eskaintzea izan zen. Gordailuen gerra deitutakoa amaitu egin zen finantza krisia eta euroaren krisia baretu zirenean, eta EBZk interes tasak zerora jaitsi zituenean ekonomia zulotik ateratzeko.
Egoera egonkorra izan da hainbat urtez, baina iazko uztailean hasi zen aldatzen, banku zentrala interes tasak handitzen hasi zenean, bizkor gainera: urtebetean, EBZren maileguen tasa ofiziala %0tik %4,25era igaro da, eta baliteke datorren osteguneko bileran %4,5era iristea.
Bankuek maileguen truke bezeroei kobratutakoa ere azkar handitu da. Tasa aldakorreko gehien erabiltzen den indizea, Euriborra, %4,1eko atarian dago, eta horrek dozenaka eta ehunka euro garestitu du herritarrek eta enpresek hilero maileguen truke ordaindu beharrekoa. Tasa finkoko maileguak ere %4 ingurukoak dira.
Azken mugimenduek eta hurrengo asteetan espero direnek tasa horietara apur bat hurbilduko dituzte aurrezkiaren interesak ere. EBZren azken datuak uztailekoak dira, eta horretan ikusten da Espainiako bankuek euroguneko lehiakideek baino herabeago jokatu dutela bezeroak saritzeko orduan: batez beste %2,83ko interesa dute eurogunean, eta %2,36koa Hego Euskal Herrian eta Espainian. Azken zenbakia, gainera, merkatua ireki nahian dabiltzan atzerriko bankuek eta digitalek puztutakoa da. Uztailaz gero handitu egin dela onartu zuen Calviñok berak bankuetako buruekin astelehenean izandako bileran, baina koska bat gorago daude, esaterako, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako bankuetan jaso daitezkeenak baino: %3,51, uztailean. Aldea badagoela onartuta ere, Kutxabankek azpimarratu du Espainiako sistemako bankuek mailegu merkeagoak ematen dituztela eurogunekoek baino.
Haserre handirik ez
Laboral Kutxak ez du bezeroen «haserre handirik» antzeman aurrezkiari emandako tratuarengatik. «Komunikabideetan agertu dena baino askoz txikiagoa izan da», dio Kutxabankek. Biek ikusi dutenaren arabera, beste bankuetara baino gehiago, errentagarriagoak izan zitezkeen tresnetara aldatu da jendea, inbertsio funtsetara nagusiki.
Hego Euskal Herriko datuen faltan, Espainiako Bankuak Espainiarako eman dituenek balio dezakete erreferentzia gisa. Haren arabera, azken urtean 63.600 milioi euro atera dira gordailuetatik: 1,633 bilioi ziren 2022ko uztailean —EBZ interes tasak igotzen hasi zenean—, eta 1,569 bilioi euro urtebete beranduago. Familiek dute gordailu gehien: 0,98 bilioi euro dira, duela urtebete baino ia 10.000 milioi gutxiago. Gehiago jaitsi dira enpresen gordailuak, 18.000 milioi hain zuzen ere.
UR PIXKA BAT AURREZKIARI
Azken hilabeteetan, bankuei presio politikoa egin diete gordailuen truke eskaintzen dituzten interesak igotzeko. Bide horretan mugimendu batzuk ikusi dira azken egunotan, eta gehiago espero dira hurrengo asteetarako. Mugitu direnen artean dago Laboral Kutxa, %2,75erainoko gordailu batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu