Imanol Magro Eizmendi.

Ur handiak, beste baterako

2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 2020tik zintzilik zituzten etxeko lanak egin dituzte azkenean, eta asteartean aurkeztu zituzten zerga erreforma gisa aurkezturiko neurri fiskal berriak. Urteetako eztabaidagai izan da erreforma, eta interesa zuten eragile guztiek beren presio kuota egin dute: enpresari elkarteek, alderdi politikoek, sindikatuek... Azken urteetan olatu handiak izan dira euskal gizartean: pandemia, osasun zerbitzuen krisia, inflazioa, etxebizitza arazoa... eta horiek guztiek erreforman isla izatea espero zen, baina ez. Itsasoaren metaforarekin jarraituta, baina, EAJk eta PSEk ur handitan ez sartzea erabaki dute, eta eragin handiko neurriak beste baterako utzi dituzte.

Azken bi zerga urteetan EAEko hiru ogasunek aurreko urteetan baino %7,3 eta %6,3 gehiago bildu dute, hurrenez hurren. Inflazioaren eta lan merkatuaren bilakaeraren eragina izan da, diru bilketa horren oinarria PFEZ eta BEZ tributuak daudelako. Erreforma defendatzen dutenek hor dute argudio nagusia, diru bilketa oparoa dela berez, eta, gizarte premiak handiak izan arren, ase daudela eta horregatik ez direla beste zergak ukitu behar. Kritikoek, aldiz, esan dute alferrik galdu dela neurri sakonagoak hartzeko aukera, eta, ondorioz, egin denak adina zeresan eman du egin ez denak.

Onarturiko neurriek baino gehiago, onartu ez direnek sortu dute kritika. Kritikoen ustez, aukera on bat alferrik galtzen utzi duelako

Egin ez denaz

Imanol Pradales lehendakariak esan du oposizioko alderdiek zail izango dutela azaltzen zergatik bozkatzen duten erreformak eskaintzen dituen kenkari ugarien aurka —PSEk eta EAJk beste alderdi baten babesa behar dute—. Argudio tranpatia da, baina, kritika gehienak hartu ez diren neurrien ingurukoak direlako. Besteak beste, lan eta kapital errenten tributazioaren arteko desoreka zuzentzea espero zen, edo ondare zerga gogortzea. Alegia, errenta handienei zerga handiagoak ezartzea, eta ez da halakorik egin.

Euskal sindikalismoa erlategi bat da, baina erreforma honek mugarri historiko bat lortu du: ELA, LAB, CCOO eta UGT auzi politiko batean ados jartzea. Lau sindikatu nagusiek esan dute alferrik galdu dela sozietate zerga —enpresen irabaziei ezartzen zaien zerga— gogortzeko aukera. ELA, esaterako, aspalditik ari da eskatzen emaitza kontableen %25eko gutxieneko tasa bat, inolako kenkarirekin murriztu ezin daitekeena.

Auziaren sakonean beste eztabaida bat dago: zerga sistema enpresen lehiakortasuna hobetzeko erreminta gisa erabili behar al da?

Auziaren sakonean beste eztabaida bat dago: zerga sistema enpresen lehiakortasuna hobetzeko erreminta gisa erabili behar al da? Edo beste modu batera esanda, fiskalitate bigunago bat erabili daiteke amu gisa enpresak erakartzeko eta daudenak zoriontsuago egoteko? Tratu on horren ondorioz, besteak beste, enplegu gehiago sor daitezkeela kontuan hartuta.

Patronalek publikoki onartu dute haientzat badela erreminta bat, eta norabide horretan doazen gomendioak egin dizkiete ogasunei. Beraz, pozik egon daitezke erreformarekin. Are gehiago, ogasunek hurrengo urterako iragarri dituzte enpresen errotzea eta talentu erakartzeko neurriak. Munduan herrialde askok egiten dute beren zerga sistemaren apologia enpresak erakartzeko.

Egin denaz

Ogasunek aitortu dute erreformarekin diru gutxiago bilduko dutela, eta, deflatazioaren hasitako bideari jarraituz, errenta aitorpena baliatuko dute zordunen poltsikoetara dirua bideratzeko. Fede osoa jarria dute PFEZaren hazkundean, erakundeek eta aberastasunaren birbanaketarako erreminta apropos gisa ikusteko. Are gehiago, kenkariak ezartzea gizartearen erronka handiei aurre egiteko konponbide edo adabaki moduan saldu dute: etxebizitza, zaintza, berdintasuna...

Aldaketa handiena errenta aitorpena derrigorrez egin behar izateko gutxieneko diru sarrera 19.000 eurora igotzea izan da —Nafarroan baino 3.500 euro gehiago—. Muga horrek errenta txikienak ordainketa posible batetik babestea du helburu, baina kobraketa posible bat ere urruntzen du. Egun, zordun gehienek egina jasotzen dute errenta aitorpenaren zirriborro bat, eta ondo legoke 19.000 eurotik behera irabazten dutenek ere jasoko balute. Horrela jakingo lukete errenta aitorpena egitea komeni zaien ala ez.

Erreformako lerroburu asko etxebizitzaren ingurukoek jaso dituzte. Erosketa eta alokairua erraztu asmo dute, batez ere 36 urtetik beherakoentzat, kenkariak handituz. Etxebizitza merkatuak, baina, dagoeneko erakutsi du badakiela egokitzen kenkarietara eta diru laguntzetara. Aurretik ere onartu dira antzeko neurriak, eta prezioek goraka baino ez dute egin. Anekdota gisa geldituko da urtean 85.000 eurotik gora irabazten dutenek —6.000 euroko hamalau ordainketa— ezingo dituztela kenkari horiek baliatu. Etxebizitza arazoa konponduko bada, neurri handiagoak behar dira.

Etxebizitza merkatuak aurretik erakutsi du horrelako kenkariak asimilatzeko gai dela, eta eragin gutxi dutela prezioetan

Deigarriak dira halaber BGAEak sustatzeko neurriak. Ogasunek inplizituki onartu dute etorkizunean pentsio sistema publikoak arazoak izan ditzakeela, eta haien hornitzeko bide pribatua bultzatu dute. Enpresei zein langileei abantailak eskaini dizkiete haiek hornitzeko. Normalean, baldintza onenak dituzten lan hitzarmenetan onartzen dira horrelako ekarpenak, behin erretirora iristean pentsio handienak dituzten horiek. Alegia, BGAEak sustatzeak pentsiodunen arrakala gehiago handituko duela.

Zaintzarekin antzeko egoera gerta daiteke. Zaintzaile pribatuen kontratazioari kenkariak ezartzeak ez du arazoa konponduko. Zaintzaileren bat kontratatua duten errenta handiko pertsonek kenkariak baliatu ahalko dituzte, eta errenta txikikoentzat luxu bat izango da. Gainera, neurriak ez du ezer adierazten zaintzaileen lan baldintzen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.