UPN-PSN bikoak ia-ia ezerezean utzi du bankuen gordailuei zerga bat ezartzeko asmoa. Zerga izan izango da, baina %0,03koa, Ezkerrak proposatutakoaren hamarren bat baizik ez (%0,3 eta %0,5 artean). Horregatik, abstentziora jo zuten atzo Nafarroako Parlamentuan Ezkerra, Bildu eta Aralar-NaBai taldeek. Kontrako botoa eman zuten Geroa Baik eta PPk.
Gainera, banku gehienek gutxiago ordainduko dute. Izan ere, UPNk eta PSNk legegaiari egindako aldaketen ondorioz, «Nafarroan egoitza soziala» duten bankuek %20 arteko kenkaria izango dute zerga horretan. Kreditu kooperatibek ere (Nafarroako Rural Kutxa eta Laboral Kutxa) %25eko kenkaria izango dute, eta %2koa, berriz, maileguak ematen dizkietenei, «enpresa txiki eta ertainei, autonomoei edo interes sozialeko proiektuei».
Ezkerrako parlamentari Jose Miguel Nuinek begi txarrez hartu zuen UPNk eta PSNk bere proposamena urardotu izana. «Gezurra da krisitik guztien artean ateratzeko asmoa dagoela; gehiengoaren lepora atera nahi dute. Bankuei zerga bat ezartzea proposatu dugu, eta ez dago modurik. Bankuak ukiezinak dira».
Nuinen kritikekin bat egin zuten diputatu abertzaleek ere. «Justizian oinarritutako zerga bat zen, eta bildu behar zen dirua, herritarren mesedeetara erabiltzekoa», esan zuen Maiorga Ramirez Bildukoak, eta UPNren eta PSNren jarrera salatu zuen. «Garrantzia duten gaietan, PSNk ezin dio eskuinaren zaintzari izkin egin», deitoratu zuen Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasek.
Bikoaren poza
Zuzenketak guztiz defendatu zituzten, berriz, UPNk eta PSNk. «Moderatuagoa geratu da legea, lortu nahi duen helburutik gertuago», txalotu zuen Carlos Garcia Adanero erregionalistak. «Gaur egunera egokitutako zerga izango da», ziurtatu zuen Juan Jose Lizarbe sozialistak, eta etorkizunean aldatzeko aukera dagoela gaineratu.
Moderazio hori ez zitzaion nahikoa iruditu PPko Ana Beltrani. «Azkenean, kreditu erakunde horiek ordaindu beharko dute zerga, eta horrek kezkatzen gaitu», esan zuen, zerga horri ezezkoa ematea justifikatuz.
UPNk eta PSNk ia ezerezean utzi dute bankuen gordailuen zerga
Ezkerrak gordailuen %0,3ko tasa proposatu zuen, baina Nafarroako Parlamentuak %0,03koa onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu