Sektorea «atomizatuegia» dagoela uste du Arabako Errioxako premium upategi batzuek osatzen duten Araex talde esportatzaileak. Javier Ruiz de Galarreta presidenteak mezu argia bidali die upategi txikiei: «Nazioartean lehiatzeko neurria handitu behar da; masa kritikorik gabe ezin da kanpora joan». Sektoreak upategien kotzentraziora jo behar duela uste du enpresari arabarrak, eta «kanpoan lehiatu ezin duenari alferrik dela laguntza publikoak ematea; ez da eraginkorra».
Castillo Labastida, Solaguen, Altos de Rioja, Lar de Paula, Baiogorri, R&G Rolland Galarreta, Heredad de Baroja, Montebuena, Luis Cañas eta Amaren markak kudeatzen ditu Ruiz de Galarretaren talde esportatzaileak, Arabako Errioxan; hain zuzen, Juan Luis Cañasek amaren omenez Samaniegon zabaldutako Amaren upategi prestigiotsuan azaldu du taldeak premium ardo gehiago ekoitzi eta saldu behar dutela munduan Arabako upategiek. Samaniegoko kooperatiba zaharra xehetasun txikiena zainduz zaharberritu du Cañasek, ardoaren balioa handitzeko bidea erakutsita. Amarenek goi mailako ardoa ekoizten du, goi mailako mahastiei esker, eta mimoz eraikitako instalazioei esker. Desberdintzea da gakoa. «Ez dago beste sekreturik».
Zergatik lehiatu behar duen merkatuan premium gisa ezagutzen den ardoaren esparruan? Ruiz de Galarretak emandako zenbakiek azaltzen dute: Sor-markaren barruan 601 upategi daude izena emanda botilatzeko baimenez; Arabako Errioxakoak dira horietatiik 351; bada, sor-markako 430 upategik, hau da, %85 baino gehiagok, 500.000 litro azpiko ekoizpena dute. Upategi horiek (gehiengoa) Errioxak egiten dituen salmenta guztien %13,7 baino ez dituzte egiten. Aldiz, bost milioi litrotik gorako produkzioan bakarrik hamasei upategi daude, eta haientzat (%3,3) dira salmenten %54,5. «430 upategi daude elkarri joka pastelaren %13 horretan», dio Ruiz de Galarretak. Merkatu horretan lehiatzeko «marka liderrak» sortu behar direla uste du.
Arabako Errioxan, Kantabriako mendilerroa eta Ebro ibaiaren artean, hamabost udalerri daude, 13.500 mahasti hektarea, eta 351 upategi sor-markaz botilatzeko baimenez. Urtero 100 milioi botila merkaturatzen ditu eskualdeak. Sor-markaren kontseiluak arautegia aldatzea onartu zuen abuztuak 11n, ardoaren jatorria hobeto adierazteko, Arabako Errioxako upategien eskaera historikoari erantzunez. Ruiz de Galarretak uste du tresna berriak baliatzen jakin behar dela, eta taldeko upategiek egin dituzte eskaerak ja, eremu ardoa (Arabako Errioxako ardoa), herriko ardoa (Samaniegoko ardoa, adibidez) eta mahasti bereziko ardoa islatuko duten etiketak jartzeko.
Ez alferrik, Arabako Errioxan 6.000 hektarea daude lursail bereziko ardoa ekoizteko. 35 urte baino gehiago dituzten mahastiak izan behar dira, eta berezitasuna onartuko dien azterketa teknikoa gainditzea. Ardo hori premium (8,5 eta 17 euroren artekoak) eta super premium (17 eurotik gorakoak) gisa salduko litzateke, enpresari arabarrak dioenez, eta Araexeko upategiek esparru horretan ariko dira, ahal duten bakoitzean. Talde esportatzailea pozik da arautegi aldaketarekin, Bordeleko eredura hurbiltzen delako. «Jendeak jakin behar du erosten duen ardoa kalitatezkoa den edo ez; nongoa den, zer nolako lursailekoa eta abar. Arautegi berriarekin hobeto mugatuko da kalitatezko ardoa zein den».
Izotza eta aseguruak
Aurtengo mahats bilketarekin ez daude hain pozik, ordea. Juan Luis Cañasek dio «giro tristea» dagoela. Aste hasieran bukatu dute bilketa apirilaren 28ko izotzak jo ez zituen mahatsondoetan, eta izoztu zituen kimuek emandakoarekin hasi dira, bi aste geroago, mahatsak heltzeko beta izan dezan. «Gorriak ikusten ari gara. Mota guztietako bilketak ikusi ditut 40 urteotan, euriarekin, lehortearekin... baina aurtengoa bezalakorik ez».
Mahats gutxi dago, beraz, baina kalitate onekoa da; «alde horretatik lasai gaude». Kontua da bilketaren erdia baino gehiago galduko dutela askok, eta hamar ardogiletik zazpik bakarrik dutela asegurua.
Upategi txikiei hazteko esan die Araex-ek, lehian egon ahal izateko
Ardogileen artean «giro tristea dago» azken urteotako mahats bilketarik urriena dela eta. Hala ere, goi mailako mahatsa da aurtengoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu