Unai Sordok dio elkarrizketa sozialetik «desertatzea» enpresarioen onerako dela

ELA eta LAB «bizkarroi eta xurgatzaile» direla adierazi du sindikatuko idazkari nagusiak

Bilbo
2009ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
«Sindikalgintza bizkarroi eta xurgatzailea» praktikatzen dute ELA eta LAB sindikatuek, Unai Sordoren esanetan. Izan ere, elkarrizketa sozialean parte hartu ez arren, gero negoziazio mahai horretako fruituak probestuko dituzte, Euskadiko CCOOren idazkari nagusiaren iritziz. Sordok honakoa eskatu die: «Uko egin diezaietela, baina benetan, gero abilidade berezi batekin enpresetan erabiltzen dituzten onurei».

Elkarrizketa soziala datozen bi asteetan abiaraziko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak, enpresetako, sindikatuetako eta erakunde publikoetako ordezkariekin batera. UGTk eta CCOOk baiezkoa eman diote. Negoziazio mahaitik «desertatzea», sindikatu abertzaleen «arduragabekeria» izango dela ohartarazi die Sordok, iruditzen zaiolako enpresaburuei egingo dietela mesede, eta Jaurlaritzari «eskuak libre utzi nahi duena egiteko». «Ez gaude aukera horiek emateko prest, aldebakarreko erabakiak har ditzaten, baldintzarik gabe. Guk, eragin egin nahi dugu».

ELAk ez parte hartzeko emandako arrazoien artean, enpresaburuen elkarteak beto eskubidea izatea argudiatzea gogor kritikatu du. «Logika horren arabera», ondorioztatu du Sordok, «ELA esaten ari da ez duela gehiago hitzarmen kolektibo baten parte hartuko».

Manifestazioa, 23an

Egungo egoeraz ere aritu da, eta, «nahiz eta langabeen kopuruaren hazkundea eten egin den», egoera larria da Sordoren iritziz, «ez dagoelako baikortasunerako zantzu handirik». Hala, langileen tentsioa goian mantentzea eta ordezkariei egoeraren berri ematea -eta beraien bitartez langileei-, horiek dira sindikatu horren bi helburu nagusiak.

Horretarako, ekainaren 23an delegatuen biltzarra egingo dute Donostiako Atano III. pilotalekuan, eta, ondoren, manifestazio bat egitera aterako dira kalera. Euskadiko CCOOk elkarrizketa mahaira zeintzuk proposamen eramango dituen zehaztuko du bertan: «Egoerarik txarrenean daudenen eskubide sozialak hobetzea, enplegua sortzea eta krisiari aurre egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.