Espainiako sindikalismoak Bilbo ezkerraldeko harrobira jo du berriro lider baten bila. Nicolas Redondo Urbieta (Barakaldo, 1927) UGTko lider historikoaren lekukoa hartuko du Unai Sordok (Barakaldo, 1972), baina CCOO gidatzeko; hala izango da ezusterik ez bada. Kontseilu Konfederalak aldeko 117 botorekin eta aurkako seirekin onartu zuen Unai Sordoren hautagaitza atzo. Sindikatu horretako idazkari nagusi Ignacio Fernandez Toxoren proposamen ofiziala Kontseilu Federalean onartu behar dute hiru hilabete barru.
«Garai berrietan» sindikatua zuzentzeko «egokiena» Sordo dela aldarrikatu zuen Toxok. Buruzagiaren bedeinkapena jaso eta gero, Kontseilu Federalarenak emango lioke idazkaritza nagusia egungo Euskadiko CCOOko buruari. «Unai da nik proposatu dudan pertsona, sindikatuko erakunde gehienentzat hark biltzen dituelako baldintza hoberenak», azaldu zuen Toxok. «Sindikatuaren bitartekoak egungo lan zentroen aniztasunera egokitu behar dira, langile klasearen osaketa berrira, eta enpresak jarduten duen arau berrien agertokira», esan zuen Sordok. CCOOk langileen pentsamolde berrietara egokitzeko beharra duela ere azpimarratu zuen, «sindikalismoaren izanaz pentsatzen dutenera, goitik behera aldatu baita sindikalismoa hautemateko modua».
EHUn Gizarte diplomatura lortu eta gero, egurgintza sektorean aritu zen lanean Unai Sordo. Militante aktiboa zelarik, Euskadiko CCOOren Gazte Idazkaritza hartu zuen bere gain 2000. urtean, eta lau urte geroago Bizkaiko arduradun izendatu zuten. 2009ko urtarrilean, berriz, CCOOren euskal adarraren idazkari nagusi izendatu zuten, Josu Onaindiren lekukoa hartuta. Ordutik dabil Euskadiko CCOOren ibilbidea gidatzen.
Krisi urte gogorretan kudeatzea egokitu zaio, eta bere sindikatuaren ordezkaritza gain behera doala egin behar izan du lan hori azken zortzi urteotan. Berriki LAB sindikatu abertzaleak bigarren tokia kendu dio Euskal Autonomi Erkidegoan. Nafarroan ere CCOOk daukan bigarren posizioa arriskuan dago —UGT da aurrena—, ELA asko gerturatu zaiolako azken urtean.
Eragin mugatuko itunak
Gidoi ofiziala betetzen bada, eta Unai Sordok hartzen baduCCOOren lema nagusia, ez du lan makala izango sindikatu horren geroa bermatzen. CCOOk eta UGTk milioi bat eta erdi afiliatu galdu ditu krisi urte hauetan, zituzten guztien %40 inguru. Bien artean 1,8 milioi afiliatu dauzkate egun, eta 2008an 3,2 milioi zituzten. Kuotek eragiten duten finantzaketa emaria asko apaldu du galera horrek, eta azken 40 urteetan ezezaguna zuten ahultasuna ekarri die. Zenbait ustelkeria kasuk are ahulago utzi ditu, gainera; Espainiako hedabide askok haien aurka aritu dira sutsuki, eta horrek bere ondorioak izan ditu prestigio galerari begira.
Unai Sordok negoziazio kolektiboa jarri du bere sindikatuaren politikaren lehen lerroan. Bakarrik edo UGTrekin batera ordezkaritzaren gehiengoa izan duen esparrutan itunera jo du, baita lan erreformak inposatutako galerak onartuta ere. Jaurlaritzak sustatutako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kide izatea erabaki zuen UGTrekin batera, eta patronalarekin eta Jaurlaritzarekin eragin mugatuko itunak hedatzeko estrategiari oniritzia eman zion, ELAren eta LABen gehiengoari izkin egiteko.
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusi izateko bidean jarri du Toxok
Hautagaiak esan du sindikatuak langile klasearen osaketa berrira eta arau berrien agertokira egokitu behar duela. Hautagai izateaz harro dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu