Ultraaberatsen ondasunen gaineko 'Zucman zerga' bozkatu dute Frantziako Asanblea Nazionalean

Bozka sinbolikotzat jo dute askok, Senatuan eskuina baita nagusi eta kontra eginen baitu. Frantziako Gobernuak zerga askoz ahulagoa du prest.

Frantziako asanblea nazionala. YOAN VALAT/EFE
Frantziako Asanblea Nazionala. YOAN VALAT/EFE
Iñaki Etxeleku.
2025eko otsailaren 21a
12:00
Entzun

Ultraaberatsen ondasunen zergapetzeko neurria bozkatu zuten ostegun gauean Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatuek. 116 diputatuk egin dute alde, eta 39k aurka. Diputatu ekologistek aurkeztu zuten zerga proposamena, Eva Sas Parisko diputatua buru zela. «Miliardunen zigorgabetasun fiskala bukatu du», adierazi du bozketaren ondoren. Haren ustez, mundu osora mezu bat bidali dute Paristik.

Ezkerreko diputatuentzat, garaipen bat izan bada, baina begi bistakoa da Senatuak aurka eginen duela. Eskuinak dauka gehiengoa hartan, eta jada errana du oztopatuko duela. Fabien Di Filippo Mosela (Lorrena) eskualdeko diputatuak hala adierazi zuen atzo: «Neurri hori inoiz ez da indarrean sartuko».

Zucman zerga deitzen dute ultraaberatsen ondasunen gaineko zerga hori, Gabriel Zucman ekonomialariak proposatu zuelako. Izan ere, familia aberatsenek aberastasun gero eta handiagoak erdietsi dituzte azken urteetan, eta zergen saihestea lortzen dute. Horregatik, ondasunen gaineko zerga ezartzea proposatu du Zucmanek, %2ko zerga bat jarriz 100 milioi euroz goitiko aberastasuna duten familiei. Frantzian berean, 1.800 familia lirateke hala, eta, zerga aplikatuz gero, estatuak 15 eta 25 miliar euro artean eskura ditzake.

 

 

Neurriaren aurkakoek «arrazoiz kanpoko lapurreta» gisa ikusi dute zerga, eta «enplegua suntsituko» lukeela diote.

Jakinda atzoko neurriak ez duela aurrera eginen, Francois Bayrouren gobernuak neurri ahulagoa du prestatua. Ezen, gobernuak berak aitortu du aberats handienei zerga zerbait aplikatzea zentzukoa dela, ondasun arrakala handiak ikusita. Emmanuel Macronen gehiengoko Pierre Caseneuve diputauak berak hala aitortu du: «Zergetarik ihes egiten duen aberastasun horretatik zati bat eskuratzeko modua aurkitu behar dugu».

Frantziako Aitzinkontu Publikoetako ministro Amelie de Montchalinek jakinarazi du zerga ahulago bat pentsatu dutela. %2koa izan ordez, %0,5ekoa litzateke, eta urtean bi miliar euro biltzeko bidea irekiko luke. Bart bozkatu neurriak baino hamar aldiz gutxiago, hots.

Gabriel Zucman ekonomialariak, halere, txalotu zuen Parisko Asanblea Nazionalak bozkatutako neurria. «Garaipen historikoa» dela adierazi du sare sozialetan. «Urrats erraldoia da Frantziarentzat, eta beste herrialde batzuk inspira ditzake», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.