Mondragon taldea

Ulmak eta Oronak Mondragon korporazioa utziko dute

Ulman bazkideen %80,52k babestu dute erabakia, eta Oronan, %71,9k. Emaitzak bi kooperatibetako 10.700 langileei eragingo die.

Ulmako langileak, Illunben. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Otaegi Leonet - Maddi Iztueta Olano - Iñaut Matauko Rada
2022ko abenduaren 16a
10:01
Entzun

Ulma eta Orona kooperatibako bazkideek Mondragon korporaziotik irtetea erabaki dute. Ulman, bazkideen %80,52k babestu dute erabakia, eta Oronan, %71,9k. Orotara 4.500 bazkide zeuden deituta: Ulman 2.800, eta Oronan 1.750. Bi kooperatibetako bazkideek babes zabala eman diote zuzendaritzek egindako proposamenari: korporaziotik irtetearen alde egin du gehiengoak. Ulman, alde handiz, gainera. Oñatiko kooperatibak aldeko emaitzen ehunekoa jakinarazi du soilik, baina ez kopuru zehatza. Oronak, berriz, jakinarazi du aldeko 1.089 boto izan direla, eta kontrako 470.

Ulmakoek Donostian egin dute batzarra, Illunben, eta Oronakoek, kooperatibaren egoitza nagusian, Galarretan (Hernani, Gipuzkoa). Bazkideen erabakiak bi kooperatibetako 10.700 langileei eragingo die (5.000 langiletik gora dituzte biek ala biek).

Duela bi hilabete iragarri zuten korporazioa uzteko asmoa —erabakiaren gakoak, hemen—, eta ordutik asko zakartu da giroa. Korporazioak kosta ahala kosta eutsi nahi izan dio loturari, eta eskura zituen bitarteko guztiak erabili ditu gaurko bozketari begira Mondragonen geratzeko botoa eskatzeko bazkideei. «Manipulazioak eta presioak» salatu dituzte bi kooperatibetako arduradunek.

Ulmak komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez eman du erabakiaren berri. Zehaztu du taldea osatzen duten kooperatiba guztietan izan dela aldeko emaitza. Aldi berean, kontseilu errektoreari ere baimena eman diote etorkizunean Mondragonekin lankidetzak sustatzen saiatzeko, eta beharrezko arauak bultzatzeko diru ekarpen batzuk kooperatiben mugimendua garatzeko erabiltzen jarraitzeko.

«Bazkideek erabakitzen dute, beren botoaren bidez, zer bideri jarraitzen dion kooperatibak. Gaur, Ulmako kooperatibetako organoek agindu argia jaso dugu. Euskal eredu kooperatiboak erakusten duen arrakasta ereduaren parte gara, eta bere balioak defendatu eta babestuko ditugu beti. Gure ustez, hori egiteko modurik onena Ulma industria talde kooperatibo indartsu bihurtzea da», adierazi du Lander Diaz de Gereñu Ulma taldeko lehendakariak, ohar bidez egindako balorazioan. Eta zera erantsi du korporazioarekin etorkizunean izan beharreko harremanaren inguruan: «Mondragoni dagokionez, guztiok ordezkatzen dugun arrakasta ereduaren onerako diren ekintza guztietan elkarrekin lan egiteko prest gaude».

Mondragonen balorazioa

Bozketen emaitzak jakin eta ordu batzuetara egin dubalorazioa Mondragonek. Bi kooperatiben hautua «erabat» errespetatzen duela adierazi du, eta korporaziotik irteteko erabakia onartzen duela. Ulmari eta Oronari bide ona opa die Mondragonek, eta espero du beren enpresa proiektuek eta eredu kooperatiboek bilakaera ona izatea etorkizunean ere.

Korporazioak aitortu du «etapa berri bat» hasiko duela orain, eta esan du bide hori lankidetza eta elkartasun balioetan arreta jarrita egingo duela. «Ezaugarri horiei esker, kooperatibek, modu erabat autonomo eta librean, beren enpresa proiektuak zabaldu ahal izan baitituzte eta, zailtasun egoerak igaroz gero, multzoaren elkartasuna izan».

Dena den, ilusio mezua igorri die taldeko gainerako kooperatibei, negozioak bolada onean direlako, eta gaur egun lantzen ari diren proiektuak eta Mondragonen eredu kooperatiboa bera egokiak direlako «merkatuen erronkei aurre egiteko eta gizarte kohesionatuagoak eta irakunkorragoak eraikitzeko».

Bozketak Donostian eta Hernanin

Maddi Iztueta Olano BERRIAko kazetaria gaurko batzarraren berri ematen izan da Illunbe kanpoan –ateak itxita egin dira–; bozketaren aurretik Ulmako bazkide batzuekin hitz egiteko aukera izan du: «Giro arraroa egon da azken asteotan. Irtengo garela uste dut. Baina ez dakigu biharamunean gauzak nolakoak izango diren. Ziurgabetasun handia dago». Beste baten iritziz, «gehiengoak» irtetearen alde egingo du.

Oronaren egoitzara, berriz, Iñaut Matauko Rada kazetaria bertaratu da. Bazkide batzuek muzin egin diote hitz egiteari, baina badira beren jarrera azaldu dutenak ere. Mondragonen jarraitzearen alde agertu da horietako bat: «Ez zait gustatzen nolako bidea egiten ari den. Beste kooperatiba batzuekin lotutako kooperatiba bat da, eta horrela jarraitu beharko luke, nire ustez». Prozesua «azkarregi» egin dela deritzo, eta «espiritu kooperatibistari» eutsi behar zaiola.

Eta orain zer?

Mondragon taldetik irten ala ez erabaki behar zuten gaur. Orain, aurrerantzean korporazioarekin zer harreman izan nahi duten ere adierazi beharko dute. Geratzeko hautua egitekotan, prozesuak irekitako zauriak ixtea tokatuko zaie, eta desadostasunak konpontzea. Kanpora ateratzea erabakitzen badute, berriz, ikusteko dago zein izango den elkarren arteko harremana. Mondragonek esan du ez dela gauza bera korporazioko kide izatea eta ez izatea, baina zubi batzuei eusteko gai izango ote den, horixe jakitea falta da.

Ulmako eta Oronako kooperatibisten erabakiak ikusmin handia sortu du, baita Eusko Jaurlaritzan ere. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak kooperatibisten erabakia errespetatzeko eskatu du. «Mondragon taldearen barruan geratu zein kanpora joan, haien etorkizunerako da garrantzitsua», ziurtatu du Tapiak. «Espero dut kooperatiben espirituari, ardurari eta elkartasunari eutsi egingo zaiola hurrengo urteetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.