Zamaketariak

UGTren baietzak bakea eraman dezake Bilboko portura

Zamaketarien langile batzordearen gehiengoak Bilboestibaren eskaintza onartu du, eta lan hitzarmen berria oso gertu dago. Behin-behineko zamaketariak akordioan nola sartu da lotzeke dagoen azken hari muturra.

Bilboko portuko zamaketariak edukiontziak itsasontzi batean kargatzen. L.T. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 19a
11:10
Entzun

Bakea Bilboko portutik gertuago dago, eta, ondo bidean, normaltasuna itzuli beharko litzateke zamaketa zerbitzura. UGTk Coordinadora zamaketari sindikatuarekin bat egin du, eta Bilboestiba zamaketa enpresaren lan hitzarmen berri proposamena onartu dute. Gauzak hala, langile batzordeko hamabi kideetatik bederatzik onartu dute enpresen eskaintza, eta, ondorioz, babes zabala ziurtatua du. Baldintzen artean, besteak beste, soldata jaitsiera handi bat dago, 300 zamaketari finkoen artean 850.000 euroko zulo bat estali beharko baitute.

Hamabost hilabete pasatu dira Bilboko portuko zamaketariek 57 eguneko greba egin eta lan hitzarmenaren negoziazio prozesu berri bat hasi zenetik. Lehen pausoak Espainiako Lan ministerioaren babesean eman ziren, eta negoziazioak Bilboko portuan jarraitu du, portuko agintaritzaren artekaritzarekin. Azken asteetan, baina, soka are gehiago tenkatu da, Bilboestiba, zamaketariak kontratatzen dituen enpresa zordunen zerrendan sartu baita. Bilboestiba portuko lau zamaketa enpresek—Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Txinako Cosco— kudeatzen duten kontratazio zerbitzu bat da, eta porrot eginda omen dago.

Bilboestibak argi gorria piztu zuen, eta bideragarritasun plan bat aurkeztu zien zamaketariei. Hura salbatzeko, hiru urterako lan hitzarmen berri bat onartu behar zuten, baldintza kaskarragoekin. Besteak beste, 315 zamaketari finkoen artean enpresak zuen zorraren zati bat estali behar zuten: 850.000 euro. Horrek 300 euro inguruko soldata galera eragingo luke lehen urtean. Horrez gain, soldata beste hiru urtez izoztuta izatea onartu behar zuten, 2024ra arte —urteak daramatzate izoztuta—. Baldintza horiek onartzea ez zen erraza, zamaketariek enpresen kudeaketa txarrari egozten baitiote Bilboestibaren egoera larria. Hala ere, lehenbizi Coordinadorak eta gero UGTk, onartu egin dute, eta haien baietzarekin akordioak babes zabala du. Ez dute onartu, oraingoz behintzat, ELAk, LABek, eta KAIAk.

UGTko afiliatuek asteazken iluntzean eginiko bileran berretsi zuten babesa. Zabaldu denez, behin behinean dauden zamaketarien egoera jarri du mahai gainean. 100 inguru dira, eta Berriak azaldu zuen haien egoera makurra erreportaje honetan. Haiek lantalde finkoan apurka nola sartu aztertzen ari dira orain sindikatu eta enpresak. Esaterako, erretiroa hartzen duten zamaketari finkoek ordezko izatea proposatu du UGTk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.