UGTko idazkari nagusia: «SMIaren igoera kaka bat da»

2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Atzo jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak hamabost euroko igoera SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatan. Iraileko lansarian ere, ordea, islatuko zaie igoera apal hori Hego Euskal Herriko 64.000 langileri. Hain apala, ezen UGT sindikatuko idazkari nagusi Pepe Alvarezek garbi esan baitu «kaka bat» dela, eta «mixeria bat». Eta horrekin batera, mezu argia helarazi dio Espainiako Gobernuari: «2022rako mila euroko gutxienekoa nahi dugu».

CCOOk eta UGTk berak adostu dute Espainiako Gobernuarekin hamabost euro igotzea 2021. urterako, irailetik abendurako lansarietan. Konpromiso jakin batzuk eskatu zizkioten Yolanda Diaz Lan ministroari, irailean egindako negoziazioan, baina gobernuak ez zuen jaso igoera jakinik 2022. eta 2023. urteetarako. CEOE patronala akordiotik kanpo geratu zen.

Hala, 2023. urterako, Lan Ministerioak idatzita utzi du gutxieneko soldata Espainiako batez besteko soldataren %60 izateko helburua duela, baina ez du markatu kopururik. Edonola ere, 965 euroko hamalau lansari (13.510 euro urtean) ez da Hego Euskal Herriko batezbestekoaren erdia ere, eta 2023. urterako ere apenas aldatuko zaien errealitate gordin hori legezko soldatarik apalena jasotzen duten 64.000 euskal langileei. Sindikatu abertzaleek 1.200 euroan finkatu zuten aspaldian gutxienekoa, eta 1.400era igo beharko litzatekeela esaten hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.