UGTk Pradalesi eskatu dio gutxieneko soldata bat bermatzeko EAE osorako

Euskara eskakizunekin malgu jokatzeko eskatu dio, bereziki 45 urtetik gorako langile publikoekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sindikatuekin egindako bilera sorta amaitu du.

PRADALES ETA ARZA
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiatekin, asteazken honetan, Ajuriaenean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko abuztuaren 28a
14:25
Entzun

Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak hiru gauza eskatu dizkio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari: administrazio publikoan dagoen behin-behinekotasun handia gutxitzea, bereziki Osakidetzan eta Hezkuntzan; soldata publikoak eta pribatuak hobetzea; eta migrazio politikak bultzatzea, hutsik dauden lanpostuak bete ahal izateko.

Pradalesek asteazken honetan ekin dio berriro bere agenda instituzionalari, Raul Arza UGTko buruarekin Ajuriaenean egindako bilera batekin. Horrekin amaitu du sindikatuekin, alderdi politikoekin, eragile sozial eta ekonomikoekin uztailean hasitako bilera sorta.

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, UGTren eskaerak azaldu ditu Arzak. Besteak beste, adierazi du lehendakariari gutxieneko soldata bat bermatzeko eskatu diola, hiru lurraldeetan homogeneoa izan dadin. Hori lan hitzarmenetan jasota egon dadin lan egiteko eskatu dio.

Arzak Pradalesi egindako beste proposamenetako batek euskararekin dauka lotura. Funtzio publikoan postuak egonkortzeko prozesuetan hizkuntza eskakizunekin «malguago» jokatzeko eskatu dio, eta hitzemateko administrazioko 45 urtetik gorako ezein langilek ezin duela lana «galdu» eskatutako euskara eskakizuna ez izateagatik. «Sentsibilitate hori izateko eskatu diot».

Immigrazioari buruz ohartarazi du datozen urteetan lanpostu asko hutsik geratuko direla erretiroen ondorioz, eta horregatik kanpoko eskulan asko beharko dela. Pradalesi emigratzaileak integratzeko politikak bultzatzeko eskatu dio.

Horrez gain, beste gai batzuk ere planteatu dizkio, besteak beste, kontziliaziori eta laneko segurtasunari buruzkoak, eta langabezian dauden 45 urtetik gorako pertsonekin eta gazteekin loturikoak.

Enplegu publikoak

Enplegu publikoari dagokionez, behin-behinekotasuna murriztea beharrezkoa dela esan du. Adibidez, gogorarazi du Osakidetzan 8.000 langile baino gehiago daudela egoera horretan, eta hezkuntzan lautik bat.

UGTko buruak onartu du sektore publikoko baldintza ekonomiko gehienak Espainiako Gobernuak finkatzen dituela, baina uste du Eusko Jaurlaritzak baduela aukera horiek hobetzeko, osagarrien eta baimenen bidez.

Osakidetzaren egoera ere azpimarratu du Arzak. Pribatizazioak gelditzeko eta zerbitzu batzuk esku publikoetara itzultzeko eskatu dio lehendakariari, hala nola garbiketa eta garraio sanitarioarenak, «beste autonomia erkidego batzuetan egin duten bezala». Soldata hobeak ere eskatu ditu, lanpostu batzuk erakargarriagoak izan daitezen; adibidez, lehen mailako arretakoak. Eta lanpostu gehiago, batez ere buruko osasunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.