UGTk orain arteko ildoari eutsiko dio, Arzak botoen %55 jasota

Pilar Collantesen hautagaitzari 24 botoren aldea atera dio Raul Arzak, eta batasunerako deia egin du emaitzak jakin berritanKongresuaren amaiera bi ordu atzeratu da, boto kontaketetan izandako arazoengatik

Raul Arza garaipena ospatzen, atzo, Barakaldoko kongresuko emaitzak jakin berritan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
UGT-Euskadiko idazkaritza nagusia lortzeko lehia estua izan da. Orain arteko bideari jarraitu edo norabide aldaketa aukeratu behar zuten sindikatuaren XI. kongresuan parte hartu duten 254 ordezkariek: Raul Arza edo Pilar Collantes. Eta, azkenean, Arza aukeratu dute botoen %55,65en babesarekin. 132 ordezkarien babesa jaso du, eta Collantesek 108rena. Hau da, 24 botoen aldearekin lortu du sindikatuak orain arteko bideari eustea. Damaso Casadoren agintaldian, Antolakuntza eta Komunikazio arduraduna izan da Arza.

Nekez kontatutako botoak izan dira, gainera. Kongresuaren amaiera ekitaldia bi orduko atzerapenarekin hasi zen atzo, kontatzeko garaian arazoak izan zituztelako, eta zenbait ordezkarik euren botoa eman gabe zeukatelako ekitaldia hasteko zegonean.

Emaitzak jakin bezain laster, Arzak sindikatua indartzeko deia egin du. Horretarako batasuna «ezinbestekoa» dela esan du, eta enpresetan ordezkaritza handiagoa lortzeko bideari ekitea. «Langileen arazoei erantzun behar diegu, eta gutxiago begiratu gure barneko arazoei». Hala ere, Collantesen hautagaitzarentzat ez du hitz politik izan. Osalaneko zuzendari ohiak kongresura eraman duen mezua «hitz ederrez» beteta egon dela esan du, «eduki gutxiko hitzez».

UGTren 125 urteko ibilaldiari jarraipena eman ahal izatea «ohorea» dela esan du Arzak, baina baita «ardura handia» ere. «Testuingurua oso zaila da, langileoi ordainarazi nahi diguten krisi batean baikaude». Horren jakitun, sindikatuak gizartearentzat erabilgarri izan behar duela esan du. Eta, ildo horretan, akordio «handiak» lortzeko beharra dagoela azpimarratu du. Batetik, ekonomia suspertzeko, adostasuna eskatu du, eta, bestetik, gizarte ongizateari eutsi ahal izateko, zerga politikaren inguruko akordioa. Mahai horietara «alternatiba errealak» eramango dituela gogorarazi du, UGT sindikatu «arduratsua» delako.

Bide horretan, ordea, sindikatu eta eragile sozialen babesa beharko dute. Besteak beste, CCOOrena. «Lan baldintzak babestu behar dira, negoziazio kolektiboari eutsi eta eredu sozialarekin aurrera jarraitu. Bide horretan gurekin topo egingo dute», esan du Damaso Casado idazkari nagusiak. «Krisi garaian elkartasun testuingurua ezinbestekoa da, eta ez sindikatuen arteko lehia».

Antolaketan, murrizketa

Kanpoan ez da giro, eta barruan ere ez du egoera goxoa topatuko Arzak datozen lau urteetarako. Izan ere, UGTk Espainiako hainbat erkidegotan lana erregulatzeko espedienteak aurkeztu ditu, sindikatuaren egoera larriaren erakusgarri. Kongresuaren bezperan, baina, Arzak esan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez duela horrelako neurririk hartuko. Edozein modutan, murrizketak zuzendaritzan egin dituzte. Orain arte hamaika kidek osatzen zuten, eta kongresuan kopuru hori zortzira jaistea onartu dute.

Baina ez da hori izango zuzendaritzan egingo den aldaketa bakarra. Arzaren hautagaitzak batzorde exekutibo berria eraman du Barakaldoko kongresura, Damaso Casadoren zuzendaritzako hiru kidek bakarrik jarraituko baitute datozen lau urteetan: Maribel Ballesterosek —Ekintza Sindikala—, Esperanza Moralesek—Politika Soziala— eta Arzak berak. Gainerakoan, aurpegi berriak egongo dira UGT-Euskadiko zuzendaritzan: Gustavo Garcia, Antolakuntza eta Komunikazio Arloko idazkari berria izango da; Javier Gonzalez, Administraziokoa; Arantza Ruiz, Arabako idazkaria; Tomas Rodero, Bizkaikoa, eta Felipe Javier Pascua, berriz, Gipuzkoakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.