UGTk, CCOOk eta CENek 400.800 euro beren alde banatzea gaitzetsi du LABek

Sindikatuaren arabera, Nafarroari dagozkion prebentzio arloko funtsak banatzean «agerian geratu da dirua kobratzea bermatu» zaiela

Imanol Karrera eta Inko Iriarte, atzo, LABek Iruñeko Arrotxapea auzoan duen egoitzan. LAB.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Uxue Barkosen agintaldian bertan behera geratu ziren urte luzez CCOO eta UGT sindikatuei eta CEN enpresaburu elkarteari banatutako laguntza zuzenak. Haatik, LABek gaitzetsi du zirrikituak baliatzen dituztela oraindik. Atzo Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak salatu zuen prebentzio arloko 400.800 euro banatzeko «azpijokoan» ibili direla. Karreraren arabera, Nafarroari dagozkion Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazioaren ardurapeko funtsen banaketan «agerian geratu da diru kopurua kobratzea bermatu» zaiela hiru erakunde horiei.

Horren berri emateko prentsaurrekoa egin zuten atzo Karrerak eta Inko Iriarte LABen Lan Osasuneko Idazkaritzako arduradun nazionalak, Iruñeko egoitzan. Bien esanetan, Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Lan zuzendariak bilera batera deitu zituen gizarte eragileak, funtsen kudeaketa antolatzeko asmoz. Funts horiek Lan Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren kontura dira.

LABeko arduradunen arabera, «deigarria» izan zen Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuak bilerara deitu izana funtsak banatzeko oinarriak artean Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu gabe zeudelarik: «UGTko eta CCOOko ordezkariek irizpide argiak zekartzaten idazkietan, eta lotsarik gabe esaten zioten Nafarroako Gobernuari nola interpretatu behar zituen oraindik argitaratu ez diren baldintza agiriak». Gaineratu zutenez, funtsen banaketan «epaile eta parte» izan nahi dute aurrerantzean ere.

Funtsak, blokeatuta

Izan ere, praktika horrek Kontu Ganberarekin talka egin du iraganean. Karrerak eta Iriartek gogora ekarri dute urte luzez funts horiek blokeatuta egon direla, Espainiako Kontu Auzitegiak irregulartasunak atzeman zituelako. Berez, 2008tik 2013ra arteko laguntzen deialdiak baliogabetu egin ziren horregatik. Gerora,ondorioztatu zuen finantzaketa sistema bat zela, eta bi sindikatuak eta CEOE patronala arduratzen zirela irizpideak ezartzeaz eta ondoren dirua banatzeaz.

Irailean, Lan Arriskuen Prebentziorako Espainiako Legearen V. xedapena aldatu zen. LABen arabera, funtsen ardura zentralizatu egin da aldaketa horrekin, eta Espainiako Lan Ministerioaren gain utzi. «Autonomia erkidegoei kendu egin diete jarduera ildoak zehazteko gaitasuna», eta ministerioaren esku utzi du urtero oinarriak diseinatzeko eta argitaratzeko ahalmena. «Bestela esanda, lege aldaketa hori egin dute lehen modu irregularrean egiten zutena egiten jarraitzeko, eta, orain, segurtasun juridiko handiagoa eman diete». Sindikatuaren arabera, Hego Euskal Herriko bi administrazioek kudeatzeko gaitasuna galdu dute aldaketaren ondorioz.

Hori ikusirik, LABek azaldu du ez duela parte hartuko funtsen banaketan. «Ez dugu onartuko funts horiek interes korporatiboen arabera banatzea UGTren, CCOOren eta CEN patronalaren artean». Egun, Nafarroako Gobernuak lan osasuneko proiektuei laguntza emateko lerro bat du, eta, beste banaketa horrekin, «ezinbestean» laguntzak bikoiztu daitezke, LABen ustez.

Ohartarazi dute gertutik erreparatuko diotela diruaren banaketari, «irregulartasunak» gerta daitezkeelakoan. Ez dute baztertzen auzitara jotzea.

Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez dezala onartu bide hori eta, alderantziz, funts horien kudeaketa publikoaren alde egin dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.