Lan osasuna

UGTk, CCOOk eta CENek 400.000 euro banatzeko «azpijokoa» darabiltela salatu du LABek

Sindikatu abertzalearen arabera, Nafarroari dagozkion Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazioaren ardurapeko funtsak banatzean «agerian geratu da diru kopurua kobratzea bermatzen» zaiela hiru eragileei.

Imanol Karrera eta Inko Iriarte, gaur, Iruñeko egoitzan. LAB
2023ko uztailaren 27a
13:05
Entzun

LABek Nafarroako Gobernuari eskatu dio ez dezala onar UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN patronalaren mesedetan egindako eta «klientelismoan» oinarritutako funtzionamendu hori. Ez dute baztertzen auzitara jotzea. «UGTk eta CCOOk euren pribilegioetan aurrera egiten saiatzen dira edozein hutsune aprobetxatuz, eta, estrategia horren aurrean, LABek ez du inolako tarterik utziko».

Egoera horren berri eman du LABek bere Iruñeko egoitzan, 10:30ean. Uxue Barkosen agintaldian bertan behera geratu ziren urte luzez UPNren gobernuek zuzenean bi sindikatuentzat eta enpresaburu elkartearentzat banatutako laguntza zuzenak. Haatik, prentsaurrekoan, zirrikituak baliatu dituztela gaitzetsi dute Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak eta Inko Iriarte Lan Osasuneko Idazkaritzako arduradun nazionalak.

Euren esanetan, Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Lan zuzendariak bilera batera deitu zituen, funtsen kudeaketa antolatzeko asmoz. Funts horiek Lan Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren kontura dira, eta Nafarroari 400.814 euro dagozkio. LABen arabera, bileran «agerian geratu da diru kopurua kobratzea bermatu» zaiela UGTri, CCOOri eta CENi, eta dirua banatzeko agiriak prestatu egin direla.

LABeko arduradunen arabera, «deigarria da» Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamenduak deitu zuela bilera horretara, artean Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu gabe zeudelarik funtsen banaketaren oinarriak: «UGTko eta CCOOko ordezkariek irizpide argiak zekartzaten idazkietan, eta lotsagabe esaten zioten Nafarroako Gobernuari nola interpretatu behar zituen oraindik argitaratu ez diren pleguak». Gaineratu duenez, funtsen banaketan «epaile eta parte izaten jarraitu nahi dute».

Funtsak, blokeatuta

Izan ere, praktika horrek iraganean Kontu Auzitegiarekin egin du talka. Karrerak eta Iriartek gogora ekarri dute urte luzez funts horiek blokeatuta egon direla, Espainiako Auzitegi Kontuak irregulartasunak atzeman zituelako. Berez, 2008tik 2013ra arteko laguntzen deialdiak baliogabetu egin ziren horregatik. Funtsen kudeaketaz arduratzen zen Espainiako fundazioak sistema aldatu zuen, eta banaketa horretatik kanpo utzi zituen Osalanen kontseilua eta Nafarroako Lan Osasuneko kontseilua.

Gerora, Kontu Auzitegiak ondorioztatu zuen finantzaketa sistema bat zela, eta bi sindikatuak eta CEOE patronala arduratzen zirela irizpideak ezartzeaz eta ondoren dirua banatzeaz. LABeko gogora ekarri duenez, kontu auzitegiak zalantzan jarri zituen kasu askotan emandako laguntzek, ez zutelako bat egiten zutela hura gauzatzeko ekintzekin.

LABen arabera, funtzionamendu horren aurkako hainbat epai pilatu dira urteotako auzibide luzean, eta, hori ikusirik, iazko irailean Espainiako Lan Arriskuen Prebentziorako legearen V. xedapena aldatu egin zen. LABen arabera, aldaketa horren bitartez, funts horien ardura zentralizatu egin da, eta Espainiako Lan Ministerioaren gainean utzi da. «Autonomia erkidegoei kendu egin diete jarduera ildoak zehazteko gaitasuna», eta haren esku uzten du urtero oinarriak diseinatzeko eta argitaratzeko ahalmena.

«Bestela esanda, lege aldaketa hori egin dute lehen modu irregularrean egiten zutena egiten jarraitzeko, eta orain segurtasun juridiko handiagoa eman diete». Sindikatuaren arabera, funtsen kudeaketa zentralizatuta Hego Euskal Herriko bi administrazioen gaitasuna galdu da, eta «tramite huts» bihurtu.

Hemendik aurrera

Hori ikusirik, LABek azaldu du ez duela parte hartuko funtsen banaketan. «Ez dugu onartuko funts horiek interes korporatiboen arabera banatzea UGTren, CCOOren eta CEN patronalaren artean». Gainera, Nafarroako Gobernuak lan osasuneko proiektuei laguntza emateko lerro bat du, eta, beste banaketa horrekin, «ezinbestean» laguntzak bikoiztu daitezke, LABen ustez.

Egoera hori gizarteratzearekin batera, presio egin nahi dute bestelako erabakiak eta politikak ezar daitezen. Ez dute baztertzen auzitara jotzea. Gertutik jarraituko dute diruaren banaketa, «gerta daitezkeen irregulartasunen aurrean».

Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez dela bide hori onartu eta, alderantziz, funts horien kudeaketa publikoaren alde egin dezala eskatu diote. LABen arabera, lan osasun arloaren izaera publikoa bultzatuz langileen baldintzak hobetu daitezke: adibidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua indartu daiteke, eta lan ikuskaritza propioa exijitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.