Ez da giro Euskal Autonomia Erkidegoko UGTn, eta, ondorioz, Espainiako UGTk esku hartzea erabaki du sindikatuko barne krisia bideratzeko. EAEko UGTk azken orduan utzi zuen bertan behera iragan astean egin behar zuen XIV. Kongresua eta ezin izan zuen aukeratu Raul Arza idazkari nagusiaren ordezkoa. Hasieran zabaldu zen hark behin-behinean jarraituko zuela buruan, baina Espainiako UGTk lema hartzea erabaki du, eta kudeaketa batzorde bat ezarri du EAEko adarra gidatzeko. Batzorde horrek lau hilabete iraun ditzake luze jota, nahiz eta epe hori luza daitekeen salbuespen neurri gisa.
Andres J. Orta Espainiako UGTko Antolakuntza idazkaria izango da antolakuntza batzordeko burua, eta EAEko UGTk batzar orokorrera deitu arte egongo da karguan. Ortak zenbait hamarkada egin ditu Andaluziako UGTri lotuta, eta iragan azaroaz geroztik dago Espainiako UGTko zuzendaritza organoetan.
EAEko UGTn harridura sortu du erabakiak, Raul Arza bera prest agertu baitzen denbora batez bere agintaldia luzatzeko. UGTko batzorde exekutiboak, baina, erabaki du haren aroari amaiera jartzea, eta datozen egunetan aukeratuko ditu Ortak alboan izango dituen batzordekideak.
Eta noiz arte? UGTko estatutuen arabera, luze jota lau hilabetez arituko da. Kudeaketa batzordeen ezarpena zehazten duen puntuan dio kudeaketa batzordeek lau hilabeteko muga dutela, eta bakarrik «salbuespenezko egoeretan» eta «egoerak hala eskatzen badu» luzatu dezaketela epe hori.
Iragan asteko kongresua Arza ordezkatuko duen kontsentsu hautagairik ez zegoelako gelditu zen bertan behera. Hiru zerrenda aurkeztu zirela zabaldu zen, eta, zatiketa itxura eman aurretik, sindikatuak erabaki zuen kongresua bertan behera uztea.