Udan galdutako lanpostuen erdiak berreskuratu dira irailean

Hego Euskal Herrian 10.326 langile afiliatu gehiago daude, eta 3.162 langabe gutxiago. Iazko irailarekin alderatuta, langabe gehiago daude lurralde guztietan, Araban izan ezik.

Lanbideren bulego bat, Barakaldon (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lanbideren bulego bat, Barakaldon (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko urriaren 2a
11:00
Entzun

Uda kaskar baten ostean, lan merkatuak arnasa hartu du Hego Euskal Herrian. Ohi bezala, uztail-abuztuetan galdutako enplegua errekuperatu da, baina beste urte batzuetan baino modu apalagoan gertatu da hori. Irailean, 10.326 langile afiliatu dira Gizarte Segurantzan, eta uda beteko bi hilabeteetan 24.009 galdu ziren. Alegia, kontratuen ia erdiak baino ez dira berreskuratu. Hobea da langabeziaren datua. Abuztuan 3.364 gehiago zenbatu zituzten Lanbidek eta Nafar Lansarek, eta irailean, 3.162 gutxiago.

Irakaskuntzarekin lotuta dago udako enplegu galera eta iraileko sorrera. Ikasturte osoko ordezkapenetan aritzen diren irakasle batzuei kontratua amaitu egiten zaie uztailean eta abuztuan, baina irailean berriro kontratatzen dituzte, besteak beste, gaixo dauden irakasleak eta eszedentziak hartu dituztenak ordezkatzeko. Hezkuntzako beste sektore batzuetan ere eten ohi dira kontratuak udan; jangeletan, garraioan eta akademietan, esaterako.

Horixe bera nabarmendu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak, eta «baikor» azaldu da urte amaierari eta hurrengo urteari begira: «[Langabeziaren] beherakadak berretsi egiten ditu erabiltzen genituen aurreikuspen ekonomikoak, udazkena hasi eta berehala enpleguak gora egingo zuela adierazten baitzuten. Eta horrela gertatu da udako beherakada ziklikoaren ondoren, batez ere hilabete hauetan hezkuntza sektorean izandako bajen ondorioz».

Eskolarako itzulerarekin lotuta daude kontratu berri gehienak. Lautik hiru zerbitzuen sektorekoak eta aldi baterakoak dira

Guztira, 106.712 lan kontratu egin dira irailean. Hamarretik ia zortzi (%78,4), zerbitzuetan. Hala, sektore horretan apaldu da gehien langabezia, abuztuan baino 2.853 langabe gutxiago baitaude. Beste guztietan ere behera egin du: industrian (-224), nekazaritzan (-97) —besteak beste, mahats bilketaren hasierarekin loturik—, eta eraikuntzan (-93). Aurretik enplegurik gabe zeudenen multzoan soilik handitu da.

Horiek hala, langabezia tasak apur bat egin du behera, eta %9,54n kokatu da Hego Euskal Herrian. Guztira 137.608 pertsona daude enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda.

Indarra galtzen

Udako enplegu galerari buelta ematea lortu bada ere, lan merkatua indarra galtzen ari da. Horren erakusgarri da duela urtebete baino 1.577 langabe gehiago daudela aurten. Azken zazpi hilabeteetatik seitan gertatu da hori.

Lurraldeei erreparatuz gero, Nafarroan salbu beste guztietan egin du behera langabeziak abuztutik irailera. Baina, iazko irailarekin alderatuta, soilik Araban daude langabe gutxiago (-772). Besteetan gora egin du: Bizkaian 1.483 gehiago daude; Gipuzkoan, 560 gehiago; eta Nafarroan, 306 gehiago.

Abuztutik irailera, Bizkaian gutxitu da gehien langabeen kopurua (-1.616). Gipuzkoa gertu izan du (-1.413), eta Araban 338 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Nafarroa da salbuespena, han gora egin baitu: 205 gehiago.

Antzera gertatu da kotizatzaile kopuruarekin. Nafarroan 212 gutxiago zenbatu dituzte irailean. Beste hiru lurraldeetan, berriz, gehiago dira: Bizkaian, 5.693; Araban, 2.849; eta Gipuzkoan, 1.997.

Ekainean ezarri zen afiliatuen marka historikoa Hego Euskal Herrian, 1.331.119 langilerekin. Uztailean nabarmen egin zuen behera (-8.229), eta abuztuan 2008. urteaz geroztik izandako erorikorik handiena izan zuen (-15.780). Aurtengo irailean iazkoan baino ia mila pertsona gehiago afiliatu diren arren, galdutakoen erdiak baino ez dira berreskuratu.

%35,8

Langabezia saridunak Azkenaldian handitzen ari da langabezia saria jasotzen dutenen kopurua. Horrek erakutsiko luke lanik gabe geratu direnek nahikoa kotizatu dutela langabezia saria eskuratzeko. Abuztuan langabeen %35,8k jaso dute, uztailean %33,3k jaso zuten, eta ekainean, %28k. Subsidioa jasotzen dutenen kopurua apur bat gutxitu da, %18,1ek jaso baitute, eta langabezia laguntzarik jasotzen ez dutenen kopuruak ere behera egin du (%45,3).

Beste joera bat ere sendotzen ari da kontratazioan. Lan erreformaren eragina lausotzen ari da azken hilabeteetan. Horrek kontratazio mugagabea handitu zuen, eta, horri esker, kontratu mugagabeak ugaritu egin ziren 2023an: hasieran, %6-8 ziren, eta, gero, %25. Baina azken hilabeteetan kopuru horretatik urruntzen hasi da. Uztailean, lehen aldiz 2022ko otsailaz geroztik, %20 baino txikiagoa izan zen kontratu mugagabeen kopurua (%19,9), eta abuztuan, %20,9koa. Irailean, %24,4ra igo da berriz ere, baina iazko irailean baino hiru puntu pasa gutxiago da hori.

Joan den urtetik hona, kontratu mugagabeen kopuruak %10,5 behera egin du eta behin-behinekoak %6,1 gehiago dira.

Genero arrakala ere apur bat handitu da irail honetan. Lanbiden eta Nafar Lansaren erregistratuta dauden hamar langabetatik sei (%59,1) emakumeak dira.

Horrez gain, irailaren 31n aldi baterako 137 enplegu erregulazio zeuden indarrean Hego Euskal Herriko enpresetan. 647 langileri eragiten diete, eta horietako gehienek (385) lanaldi osoa dute etena. Enplegu erregulazio batean zeuden hamar langiletik zazpi gizonak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.