Uda iritsi da, beroaldiak jada hasi dira, eta milioika lagunek hondartzetarako erromesaldia hasi dute. Baina, kontraesana dirudien arren, kezka beste bat da aire egokituak freskatutako Europako Batasuneko agintarien bulegoetan: nola egin datorren neguan berogailuek funtziona dezaten. EBren gas hornitzaile nagusiak, Errusiak, dagoeneko kendu edo murriztu die fluxua hamabi herrialderi, eta besteei aurki murriztuko dien beldur da. Alternatiba da gas biltegiak ahalik eta lasterren betetzea, eta Errusiako gasa ez den beste aukerak ahal bezainbat ustiatzea, kostu ekonomikoa eta ekologikoa handiagoa izan arren.
Europar Kontseiluak atzo aitortu zuen datorren irailaren amaierarako gas biltegiak %80 beteta egon behar dutela. Duela hiru hilabete egin zuen proposamena Europako Batzordeak, eta Europako Parlamentuarekin negoziatuta dago jadanik.
EBren asmoa da urtea amaitzerako gas biltegiak %85era iristea, eta %90ra 2023ko negurako. Oraintxe, %55,71 daude beteta, baina herrialde batetik bestera alde handia dago.
Gainera, bederatzi kidek ez dute gas biltegirik —Irlanda, Finlandia, Estonia, Lituania, Eslovenia, Grezia, Zipre, Malta eta Luxenburgo—, eta horiek behartuta egongo dira beren urteko kontsumoaren %15 gordetzera auzoko herrialdeen biltegietan, eta gastuen zati bat beren gain hartzera.
Euskal Herrian bada orain guztiz bete nahi duten biltegi bat, Gaviota plataforma, Bizkaiko kostaldean, eta ez dago urrun Lussagnetekoa (Landak, Frantzia).
Errazionamendua
Baina gauza bat da biltegiak bete behar direla esateko arau bat egitea, eta beste bat biltegi horiek betetzeko gaitasuna izatea. Gasbideetatik gas gutxiago datorkionez, EBk %75 handitu ditu jada GNL gas natural likidotuaren inportazioak, AEBetatik eta Nigeriatik, esaterako.
Baina nahikoa izango ez den beldurra bizkor zabaltzen ari da agintarien artean eta, batez ere, enpresen artean, horiei itxiko zaielako iturria eskasia badago, eta ez herritarrei.
Alemaniako Gobernuak aitortua du arazoak izan ditzakeela biltegiak betetzeko, bereziki Errusiak erabat eteten badu Nord Stream 1 gasbideko isuria. Joan den astean %40ra gutxitu zuen emaria, arazo teknikoak argudiatuz, eta Berlinen beldur dira uztailaren hasieran egin beharreko geldialdi tekniko bat baliatuko ote duen gasbide hori erabat ixteko. Horiek horrela, gobernuak bigarren mailara igo du gasaren gaineko alarma, eta industriari gasa errazionatzeko urrats bakarrera dago dagoeneko.
Europako Batzordeak aste batzuk barru aurkeztu behar du EB osoan gasa errazionatzeko plan bat.
Frantzian, greba
Frantzian beste problema bat egon daiteke, CGTk iragarri baitu aste honetan gas biltegiak eta GNLa birgasifikatzeko plantak blokeatu egingo dituela langileen lan baldintzak hobetu ezean.
Frantzian ere ezohikotzat jo daitekeen zerbait gertatu da. Hiru energia konpainia handienetako buruek agiri bat argitaratu dute hedabideetan, energia gastua gutxitzeko eskatuz. Jean Bernard Levyk (EDF), Catherine MacGregorrek (Engie) eta Patrick Pouyannek (Total Energies) sinatutako gutunak dio herritarrek eta enpresek «berehala» hasi beharko luketela energia gutxiago kontsumitzen. «Ez gaitezen engaina: energia aurreztea erosteko ahalmena handitzea da, eta gas kutsatzaileen isurketa gutxitzea». Beren hiru enpresek energia eraginkortasuna handitzeko neurriak hartuko dituztela agindu dute.
Kezka ez da Europarena bakarrik: atzo, Japoniako Gobernuak eskatu zien Tokioko herritarrei eta enpresei argindar gastua murrizteko, beroaldiaren eraginez sistema elektrikoak pott egiteko arriskua duelako.
Udan, baina negua buruan
Irail amaierarako gas biltegiak %80 bete behar dituela aitortu du Europar Kontseiluak. Gasa errazionatzeari buruzko kezka hedatzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu