Udalen finantzaketa bermatzeko zerga erreforma sakonago bat eskatu du EH Bilduk

Espero baino 700 milioi euro gutxiago bildu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek, eta koalizioko sei alkatek esan dute horrek ondorio zuzenak izango dituela gizarte politiketan.

EH Bilduko alkateen agerraldia, gaur, Donostian. Aurrean, Nagore Alkorta. ANDONI CANELLADA / FOKU
EH Bilduko alkateen agerraldia, gaur, Donostian. Aurrean, Nagore Alkorta. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko otsailaren 25a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Baliteke udalek baliabide gabezia nabaritzea zerga bilketako aurreikuspenak bete ez izanaren ondorioz. EH Bilduko sei alkatek agerraldia egin dute Finantzen Euskal Kontseiluak emandako datuei buruzko balorazioa egiteko, eta adierazi dute beharrezkoa dela zerga erreforma sakon bat egitea udalen finantzaketa bermatzeko eta gizarte politikak ardatz izateko.

Azpeitiko, Hernaniko (Gipuzkoa), Donemiliagako, Aguraingo (Araba), Zaldibarko eta Otxandioko (Bizkaia) alkateak elkartu dira, eta Nagore Alkortak hitz egin du guztien izenean. Gogorarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 18.310 milioi euro jaso zituztela iaz zergen bidez, espero baino 700 milioi gutxiago.

Kalkuluak ez ziren bete, nagusiki, mutualitateen zenbatekoa itzuli behar izan zutelako ogasunek —800 milioi euro inguru—, baina Alkortak gehitu du BEZaren bidez ere uste baino gutxiago jaso zutela. Aurten 19.719 milioi bilduko dituztelakoan daude ogasunak, baina mesfidati mintzatu da Azpeitiko alkatea: «Zer berme ditu igoera horrek?».

Eskatu die kalkuluak egitean zuhurtziaz jokatzeko; izan ere, aurreikuspenak okerrak zirenez, udalek dirua itzuli beharko dute orain. Bizkaiko udalek orotara 57,7 milioi euro itzuli beharko dizkiote Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari, Gipuzkoakoek 22 milioi, eta Arabakoek 9,1 milioi.

88,8

Udalek zenbat itzuli beharko dieten ogasunei, milioi eurotan. Aurreikusi baino diru gutxiago bildu denez gero, udalek dirua itzuli beharko diote orain Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari. Bizkaikoek 57,7 milioi euro bueltatuko dituzte, Gipuzkoakoek 22 milioi eta Arabakoek 9,1 milioi.

Alkortak bere adibidea kontatu du. Azpeitiko Udalak 450.000 euro itzuli beharko ditu, eta, horregatik, hitzemandakoaren erdia soilik baliatu ahal izango du aurrekontuetatik gizarte zerbitzuetarako. Azpimarratu du zerga gutxiago biltzeak zuzenean eragiten diela herritarrentzako laguntzei.

Erreformaren negoziazioak

Gogorarazi du udalak direla herritarrengandik gertuen dauden erakunde publikoak, egonkortasuna ezinbestekoa dutela «egungo testuinguru ezegonkorrari» aurre egiteko, eta herritarrak jarri behar direla «erdigunean», eta, beraz, EAJk eta PSE-EEk proposatutakoa baino zerga erreforma sakonago bat eskatu du horretarako. «Sortzen dugun aberastasuna eraginkorrago bildu behar da, eta justuago banatu», esan du, eta gizarte politiketan gehiago inbertitu behar dela nabarmendu. «Herritarrei bermatu behar diegu, besteak beste, segurtasuna izango dutela, baita etxebizitzarako eskubidea ere, eta klima larrialdiaren eta digitalizazioaren erronkei berdintasunean aurre egin ahal izango dietela».

EAJk eta PSE-EEk Bizkaian dute erreforma onartzeko biderik errazena, Gipuzkoan eta Araban behartuta baitaude negoziatzera

EH Bilduk iragarria du ez dituela babestuko foru ogasunek egindako erreforma proposamenak, «aberatsak saritzen» dituztelakoan. Hiru aldundiek, berriz, esana dute egokitzapenak egingo dituztela, baina aldaketa sakonik ez. Adierazi dute orain arteko formulak funtzionatzen duela, eta adibide gisa jarri dute urtetik urtera zerga bilketaren bidez diru gehiago biltzea. Izan ere, aurreikusi baino gutxiago jasota ere, inoizko zerga bilketarik oparoena izan zen 2024. urtekoa: 2023an baino 97,5 milioi euro gehiago bildu zituzten.

Erreforma onartzeko, Bizkaiko Foru Gobernuak du biderik errazena, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak gehiengoa baitu. Baina Gipuzkoan eta Araban gobernuak gutxiengoan daude, eta behartuta daude negoziatzera. Hasiak dituzte elkarrizketak, baina aurrerapausorik ez da nabari. Elkarrekin-ek eta PPk adierazi dute euren babesa ez dela debalde izango, eta, gainera, PSE-EEk ez du begi onez ikusten akordioa popularrekin egitea.

Gipuzkoan, Eider Mendoza ahaldun nagusiak gogorarazi du bi egun soilik falta direla zuzenketak aurkezteko epea bukatzeko, eta iradoki du akordio bat lortzea ez dela erraza izango. Kritikatu du PPren proposamenek 380 milioi euroren galera eragingo lieketeela kontu publikoei, eta EH Bildurenek 160 milioirena. Dena den, ahaldun nagusiak esan du itun bat erdiesteko nahia dutela, eta negoziazioak hasi besterik ez direla egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.