Udak %10era jaitsi du langabezia tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeen eremuan 8.600 langabe gutxiago daude itxialdiko hiruhilekoan baino. Eustaten arabera, 101.800 langabe daude

Udak %10era jaitsi du langabezia tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
xabier martin
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Argi zegoen udako sasoiak datu hobeak islatuko zituela itxialdi handiak erabat baldintzatutako hiruhilekoak baino; ez hain argi, ordea, zenbatekoa izango zen hobekuntza hori langabezian, abuztuaz geroztik pandemiak izandako oldarraldiak susperraldia zapuztu baitu, hein batean. Bada, langabezia tasa zortzi hamarren hobetu da, Eustaten arabera, eta, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeen eremuan %10ekoa da tasa (irail bukaeran): 101.800 langabe, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zenbatuz.

2020ko hasierak joera negatiboa ezarri zuen, %9,5etik %9,9ra igaro baitzen tasa iazko azken epealditik aurtengo lehenera. Lehen hiruhilekoaren egoera hori nabarmen okertu zen bigarren hiruhilekoan, itxialdiak gogorren jotako sasoian alegia, eta indizeak %9,9tik %10,8ra egin zuen salto. Orain, berriz, Eustatek dio udako hiruhilekoak, uztailetik irailekoak, zauriak nabarmen arindu dituela, langabezia tasa %10era jaitsi baita, eta 8.600 pertsona gutxiago baitaude lanik gabekoen zerrendan Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan.

Jaurlaritzak urte amaierako aurreikusitakoa baino hobea da ezagutu berri den kopurua. Langabezia tasa %11,2ra igoko dela aurreikusi baitu Gasteizek, eta 30.000 landunek beharra galduko dutela. Kontuan hartu behar da, hala ere, aldi baterako lan batean dauden pertsona gehienek, %98,6k, lanean jarraitzen dutela Eustatentzat, hiru hilabete baino lehen lanera itzultzeko asmoa dutelako edo soldataren erdia baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako.

Turismoak inoizko urterik beltzena izan badu ere —Madrilek dio 1995era egin duela atzera—, zerbitzuen ekarpenak apaldu du gehien langabezia, 3.700 landun gehiago egon baitira sektore horretan. Bestalde, enplegu sorkuntzak adierazten du industriak sufritzen jarraitzen duela, 100 langile gehiago baizik ez baititu zenbatu. Eraikuntzak, berriz, aldaketarik gabe jarraitu du, eta lehen sektoreak galera nabarmena izan du, 900 langile gutxiagorekin.

Gauzak horrela, 2020ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, 916.300 pertsona landun daude, betiere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako eremuan, 3.100 gehiago (%0,3). Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %54,5 da, eta 0,4 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Azken urteko zulo handia

Lurraldeka, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan hazi da gehien okupazioa, 1.600 landun gehiago baitaude; gero Araban, 1.000 gehiago, eta segidan Bizkaian, 400 landun gehiago. Generoari dagokionez, okupazioaren hazkundea gizonen artean gertatu da: aurreko hiruhilekoan baino 4.000 landun gehiago daude, eta emakume landunak, berriz, 900 gutxiago dira.

Bestalde, hiru lurraldeetan dauden 899.300 familietatik herenek ez dute pertsona aktiborik; aldiz, hamar familiatik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean daude, aurreko hiruhilekoan baino 4.300 familia gehiago. Gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 31.700 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.200 gutxiago.

Urte arteko aldeari dagokionez, zulo handia egin du pandemiak. Azken urtean, landunen kopurua %4,4 jaitsi da, eta langabezia tasa %9,4tik %10era igo da. Gainera, biztanleria landuna %4,4 jaitsi da 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Hala, aldi baterako lan erregulazioekin zer gertatuko zain, 2.300 pertsona gehiago daude langabezian EAEn, 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.