Uberreko gidariek grebari ekin diote Bizkaian

ELAk deituta, gaur, bihar eta etzi egingo dituzte lanuzteak. Hitzarmena berritzea eta lan baldintzak hobetzea nahi dute.

Uberreko langileen protesta, gaur, Bilbon. ELA SINDIKATUA
Uberreko langileen protesta, gaur, Bilbon. ELA SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 2a
14:10
Entzun

Uber plataforma digitalak Bizkaian ematen duen zerbitzua «ia geldirik» egon da gaur goizean. Hala adierazi du ELAk, multinazionalak Bizkaian dituen gidariak grebara deitu dituen sindikatuak. Gaur, bihar eta etzi egingo dituzte lanuzteak, eta elkarretaratze bat egin dute jada Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean.

Ares Capital da egun Hego Euskal Herrian Uberren bitartez lan egiten duen enpresa nagusia, eta horko langileak dira mobilizatzen ari direnak; 80-90 lagun inguru. Aresen jabea Moove Cars da; hark, beste enpresa baten bidez, 60 langile inguru ditu, oraindik sindikatzeko prozesuan dabiltzanak eta, ondorioz, greban ez daudenak.

ELAk ontzat jo du gaurko deialdia, gidari askok egin dutelako bat eta «eragin handia» izan duelako. Lan baldintzak hobetzea eskatzeko, azken urtean hainbat bilera egin dituzte enpresarekin, baina erantzuna ezezkoa izan da guztietan. Horretaz gain, enpresa hitzarmena berritzea ere galdegin dute beharginek, abenduaren 31n iraungi baitzen.

Salatu dute Aresen ordezkariak Madrildik ari direla lan baldintzak negoziatzen, «Euskal Herriko egoera ekonomiko-soziala kontuan hartu gabe». Itziar Larrazabal ELAko kideak BERRIAri kontatu dion moduan, «Madrilgo ohiturekin etortzen dira, eskaera guztiei ezetz esanez, baina Euskal Herriko egoera ezberdina da: hemen antolatuta daude gidariak».

Oinarrizko baldintzak

Langileen eskariak oso oinarrizkoak dira: soldatak hobetzea (SMI lanbide arteko gutxieneko soldatara heltzeko); lanaldia benetako lanorduetan zenbatzea; oporrak beharren arabera eskatu ahal izatea; ulertzeko moduko nominak izatea; ibilgailuetan segurtasun handiagoa izatea, bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat; autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea; eta gauean eta jaiegunetan lan egiteagatik gehigarriak jasotzea. Ares Capitaleko enpresa itunak hilabetean 1.050 euro gordineko soldata jasotzen du, 1.080 euroko SMIaren azpitik.

Bihar Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza parean egingo dute protesta, 11:00etan, eta Ares Capitalek Getxon (Bizkaia) duen egoitzaren parean, 17:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.