Uber ordu erdi lehenago eskatu behar izatea indargabetu du epaitegiak

Lehiaren Euskal Agintaritzari arrazoia eman dio, eta norabide berean emaniko bigarren ebazpena da. Geolokalizazioa ere baimendu die

Bilboko taxi gidariek 2018ko greban egin zuten protestaldietako bat, Loiuko aireportuan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ibilgailu gidaridunak (IG) ez diraderrigorrez ordu erdi lehenago kontratatu beharko, eta zerbitzu hori ematen duten autoek geolokalizazioa piztuta eraman ahal izango dute balizko bezeroek nondik dabiltzan jakin dezaten. EAEko Auzitegi Nagusiak Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA) arrazoia eman dio, eta Eusko Jaurlaritzak 2019an garraio mota hori arautzeko onarturiko dekretuko bi arau indargabetu ditu. Norabide berean emaniko bigarren ebazpena da, ekainaren 11n ere haien aurka agertu baitzen. Ordukoan Uber plataforma digitalak irabazi zuen auzia. Jaurlaritzak helegitea jarri dio ebazpen hari Auzitegi Gorenean.

Duela bi urteko taxiaren gatazka berriro piztea nahiko zaila dirudi, baina ez sektorearen haserrea. Duela hamarkada bat hasi ziren ugaritzen IG lizentziak Hego Euskal Herrian, 2015era arte liberalizatuta zegoen jardun bat baitzen. Gerora ezarri zuen Espainiako Gobernuak IG lizentzien ratioa: bat 30 taxiko, eta horrek giroa lasaitu zuen. Hala ere, 2018an tentsio une handiak egon ziren IGetako gidarien eta taxilari lizentziadunen artean. Taxi gidariek mobilizazioak egin zituzten, eta grebara ere jo zuten.

Jaurlaritzak 2019an arautu zuen IGen jarduna, dekretu bidez. Oinarrian lau muga ezarri zizkien: ordu erdiko epearekin kontratatu behar dira telefonoz; ezin dute geolokalizazioa piztu—aplikazio bidezko sistemaren oinarrietako bat da—; kalean dabiltzala ezin dira gelditu; eta ezin dira kaleko toki finko batean geldirik egon. Ordukoan LEAk ohartarazi zuen arauen legezkotasunaren inguruko zalantzak zituela.

Orain, baina, EAEko Auzitegi Nagusiak arau horietako bi indargabetu ditu. Epaitegiaren arabera, zerbitzua ordu erdi lehenago kontratatu behar izateak «modu oso larrian» kalte egiten dio IGek merkatuan sartzeko duten aukerari, haien lan gehienak hiri barnekoak eta motzak direlako, eta horiek «bat-batean» kontratatzen dira. Geolokalizazioa erabili ahal izatea ere abantaila handia da IGentzat; bezeroak, telefono aplikazio baten bidez, ibilgailua non dagoen ikusi ahal izango duelako, eta horrela hobeto jakin ahalko du hari deitzea komeni zaion ala ez.

Ebazpena Luis Garrido epaileak idatzi du, besteak beste, Uberri arrazoia eman ziona, eta pandemia garaiko ostalaritzaren inguruko dekretuak indargabetu zituena. Orain ikusi beharko da zein den taxilarien erantzuna. Egun 174 IG baimen daude Araban (108), Bizkaian (39) eta Gipuzkoan (27), eta beste 185 eskaera dauden zain —Nafarroan 37 baimen daude—. Gehienak liberalizatuta zegoen garaikoak dira, baina, hala ere, aldundiek beste 79 eskaera onartu dituzte azken bi urteetan.

1/30 ratioa, auzibidean

IG baimenen kopurua handitzea oso zaila da. Egun 1.229 taxi lizentzia daude Bizkaian, 654 Gipuzkoan eta 238 Araban, eta 1/30 ratioak ez du gehiagorako ematen. Dena den, Cabify plataforma digitala ratio hori berriz aztertu dadila eskatu zuen uztailean, Europako legea urratzen duelakoan. Espainiako Auzitegi Gorenak eskaera onartu zuen, eta horretan dihardu. Aldatuko balu, orduan bai:gatazka berpiztuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.