UAGNko presidenteak uste du «maneretan» egin zuela kale bere bideoan

Bariainek esan zuen «onartezinak» direla ikuskatzaileek Lizarrerriko ustiategietako langileei eginiko galderak. Diazen kontra egin du berriz

Felix Bariain (artxiboko irudia). UAGN.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Guardia Zibilaren kontrolak «arazoa» dira UAGNrentzat; behintzat, euren langileen lan baldintzei buruz galdetzera badoaz. Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko presidente Felix Bariainek atzo zuzendu egin ditu duela egun batzuk egindako adierazpenak, zeinak herenegun asko hedatu ziren sare sozialetan, eta jende askoren harridura eragin, Bariainek esaten zuelako ez zirela baketsuak izango ikuskaritzekin. Nekazarien ordezkariak uste du «maneretan» egin duela kale.

Maiatzaren 23an grabatu zuen aipatutako bideoa. Bertan, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroari mintzo zitzaion Bariain, besteak beste «sektorearen errealitatetik kanpo» egotea leporatuz. «Ezin diezu horrelako akusaziorik egin nekazari eta abeltzainei».

UAGNko presidenteak bere haserrearen arrazoia kontatzen zuen, nola aurreko egunetan guardia zibilekin joandako ikuskatzaileek galdetegiak banatu zizkieten Lizarrerriko zenbat ustiategitako langileei, «galdera onartezinekin». Langileei estresatuak, lanak itota, esplotatuak sentitzen diren galdetu zietela salatu zuen. «Galdetu diete, era berean, ea ugazabek babes jantziak eskaini dizkieten, nola ordaintzen zaien, enpresa haiengatik kezkatu den, prebentzio ikastarorik egin duten, non bizi diren eta nola egiten duten gauez komunera joateko».

Ikuskapenak erretiratzeko eskaera ere egiten zion Bariainek Diaz ministroari. «Ez dakit zer fasetan atera ahalko diren traktoreak kalera, baina nire hitza ematen dizut oraingo honetan ez garela baketsuak izango. Ez badituzu ikuskapen hauek erretiratzen, eta galdetegi hauek erretiratzen, ez gara baketsuak izango».

Atzo bertan, beste bideo baten bidez, UAGNko presidenteak nolabaiteko azalpenak eman zituen: «Agian kale egin dugu maneretan, eta barkamena eskatu nahi dut norbait minduta sentitu bada». Hori bai, berriz ere Yolanda Diazen dimisioa edo kargugabetzea eskatu du. «Funtsean, uste dugu sektorea defenditzen ez duen ministro batek, turismoaren BPG bertsua duen sektore baten inguruan susmoak jaurtitzen dituen ministro batek ez duela ministerio horretan egon behar».

Azpimarratu du UAGN ez dagoela ikuskapenen kontra. «Guretzat mesedegarria da ezkutuko ekonomia argitara ateratzea». Bariainek aitortu du «azalpen eskasa» eman zuela «sektoreak duen problema bati buruz, lan ikuskatzeei buruz». Eta argi utzi nahi izan du euren funtsaren kontra doala «edozein lan esplotazio».

NBEren txostena

Polemikaren iturrian NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalariaren txosten bat jarri du nekazarien ordezkariak, eta ukatu du hark atariko ondorioetan esandakoa, landan esplotazioa dagoela. «Testuinguru horretan iritsi ziren ikuskaritzak, eta gure ustiategietako langileei galdetu nahi zieten ea markak zituzten eskuetan edo etxaldean itxita dauden, atera ez daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.