Txinatik datozen kostu txikiko paketeen uholdeari aurre egin nahi dio Bruselak

150 euroz azpiko paketeentzako aduana salbuespena ezabatu nahi du, eta tramitazio tasa bat proposatu du. Europak Shein, Temu eta antzekoen bidalketak kontrolatu nahi ditu, eta AEBek ere neurriak hartu dituzte.

Henna Virkkunen, Maros Sefcovic eta Michael McGrath komisarioak, gaur Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Henna Virkkunen, Maros Sefcovic eta Michael McGrath komisarioak, gaur Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 5a
12:55
Entzun

Europako Batasuneko biztanleen %70ek online egiten dituzte erosketak, eta bide horretatik salerositako hamabi milioi pakete mugitzen dira egunero.

Mugimendu horien artean, azken urteetan nabarmen handitu da sareko plataformen bidez EB kanpotik datozen balio gutxiko produktuena; esaterako, 2023an mugitu ziren paketeak halako bi mugitu dira 2024an.

Iaz, 4.600 milioi pakete iritsi ziren Europara 22 euro baino gutxiagoko balioa zuten salgaiekin; ondorioz, aduanetako kontrolik pasatu gabe. Pakete guztien %91 Txinatik zetozen.

Itzelezko pakete kopuru hori erronka handia bihurtu da Europako Batasuneko aduanentzat eta beste hainbat kontrol erakundeentzat. Hori jakinik, gaur neurri batzuk proposatu ditu Europako Batzordeak, eta horien artean aipagarriena da 150 euro azpiko paketeentzako zerga salbuespena ezabatzea.

Batzordearen aburuz, salbuespen horrek sustatu egiten du halako paketeak salerostea, eta horrek zenbait arrisku dakartza hainbat alorretan.

1.000

Diru sarrera Batasunarentzat. 150 euro baino gutxiago balio duten paketeentzako zerga salbuespena ezabatuta, Europako Batasuneko aduanetan 1.000 milioi euro bilduko liratekeela kalkulatu du Batzordeak, nahiz eta oraindik ez den zehaztu zer tasa ezarriko litzaiekeen pakete horiei.

Henna Virkkunen EBko lehendakariordearen arabera, «produktu horietako asko ez dira seguruak, faltsuak dira, edo arriskutsuak. Maiz ez dituzte gure segurtasun eta ingurumen arauak betetzen».

Kezkarako beste arrazoi bat ingurumen arlotik dator: hainbeste eta hainbeste pakete mugitzeak kalte egiten diola ingurumenari. Eta, horrez gain, Virkkunenek aipatu du Europako Batzordearen komunikazioaren helburua ere badela «zintzotasunik gabeko merkatariek gure enpresen kaltetan sortzen dituzten baldintza desorekatuei aurre egitea».

Inportazio ugari horiek itzelezko presioa eragiten ari dira EBko aduanetan, «zeinak lehen defentsa lerroak diren produktu arriskutsuen eta ontzat eman gabekoen kontra».

Tramitazio tasa

Bide horretan, eta baldintza berriek aduanetan eragin dezaketen kostu handiak finantzatzeko, Europako Batzordeak halako paketeentzako tramitazio tasa bat ezartzea proposatu die EBko beste legegileei, Europako Parlamentuari eta Europar Kontseiluari. Hala ere, ez du tasaren baldintzei buruzko xehetasunik eman nahi izan, ezta adierazi zenbatekoa izango den ere . 

shein, ikerketapean, temu bezala

Prentsaurreko berean, Europako Batzordeak jakinarazi du ikerketa bat abiarazi duela Shein plataformak praktika desleialekin EBko araudia urratu ote duen argitzeko. Lehendik ere halako ikerketa bat zabalik dago Temuren kontra, legez kanpoko produktuak eta gai kaltegarriak saltzeagatik.

Europa ez da Shein, Temu eta antzekoei mugak jartzeko asmoa duen bakarra; izan ere, gaur AEBetako Posta Zerbitzuak jakinarazi du Txinatik eta Hong Kongetik datozkion paketeak jasotzeari utziko diola. Hori esan eta ordu gutxira, ordea, posta pakete horiek guztiak berriz hartuko dituela adierazi du: «AEBetako Posta Zerbitzua eta Aduana eta Mugen Babesa elkarlanean ari dira Txinako tarifa berriak biltzeko mekanismo eraginkor bat ezartzeko, paketeak entregatzean ahalik eta eragozpenik txikiena egon dadin».

Posta zerbitzua da plataforma horiek AEBetara sartzeko darabilten modua, haren bidez lortzen baitute zerbitzu zuzen eta merkea ematea. Txinako paketeei kontrol gehiago ezartzeak zerikusi zuzena du Donald Trumpek Txinari ezarritako muga zerga berriekin. Oso posible da zirrikituak estaltzeko izatea, atzo Trumpek dagoeneko bide nagusia itxi baitzien saltzaile txinatarrei. Izan ere, aduanetako kontrola pasatzetik salbuetsita zeuden 800 dolar baino gutxiagoko salerosketak, eta bertan behera utzi zuen salbuespen hori atzo.

Aduanetako baliabideak aurrezteko helburuz ezarria zen salbuespen hori, baina orain, Trumpen aginduaren arabera, aduana agenteek, orain arte ez bezala, Txinatik iritsitako pakete oro aztertu ditzakete. 

Analista zenbaiten arabera, posta zerbitzuaren kontrol handiagoak kalte handiagoa egingo dio Shein plataformari, Temuri baino. Edonola ere, biak hasiak dira beren salgaiak AEBetara bidaltzeko beste modu batzuk probatzen, eta, besteak beste, herrialdean biltegiak erosten. Horrek, hala ere, ez du eragotziko salgai horiek garestitzea kontsumitzaile estatubatuarrentzat, eta luzatu egingo du haiek jasotzeko epea.

Amazonen mesedetan

Aldiz, itxura guztien arabera, Trumpen neurriak eta AEBetako Posta Zerbitzuaren erabakiak mesede egin diezaioke Amazoni. Jeff Bezosen konpainia saiatu ohi da bere sare logistikoari, biltegi eta abarrei ahalik eta etekin handiena ateratzen, eta hori lortzeko modu bat da handizkako erosketa egitea. Alegia, bide horretan nagusi dela.

Oraintsu arte, Amazon saiatu izan da gai merkeen txinatar saltzaileen lehiari aurre egiten. Haul marka sortu zuen bere plataforman, 20 dolar azpiko produktuak eskainiz, pare bat asteko entrega epeekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.